Ibai Maruri Bilbao
Ezohiko irudia utzi du koronabirusak Bilboko udaletxean. Udalean ordezkaritza duten bost alderdi politikoek Bilbo Aurrera plana babestu dute, hiriko familiek eta enpresek krisialdi ekonomikoari aurre egiteko laguntza izan dezaten. 15.000 familia eta 10.000 enpresa izango dira laguntza hori jasoko dutenak, eta 15 milioi euro ipiniko ditu udalak. Planak Eusko Jaurlaritzatik etorriko diren beste diru sorta batzuk ere jasotzen ditu, bereziki gizarte laguntzetara begirakoak. Juan Mari Aburto alkateak esan du “ezohiko neurriak” direla, “ezohiko egoera bati aurre egiteko”. Besteak beste, ekainean jokatzekoa zen Eurokoparako gordeta zegoen dirua, martxoan eta apirilean egin ez diren obretakoa eta azken urteetako superabita erabiliko dira finantzatzeko.
15 milioi horietatik gehiena ekonomia suspertu eta enplegua sustatzeko erabiliko dira: 11,4 milioi. Zerga eta tasen aparteko murrizketak eta hobariak jaso ditu planak. Baita 30 neurri inguru ere. Bilboko ekonomiaren motorra turismoa, ostalaritza eta merkataritza dira gaur egun, eta horiek biziberritu nahi ditu udalak. Besteak beste, zuzeneko kontsumorako pizgarriak ezarriko dira, merkataritzarako, ostalaritzarako, jatetxeetarako eta turismorako bonu zehatzekin. Horretarako, 2,65 milioi euro erabiliko dira.
Negozioek eta enpresek lehiakortasuna berreskuratzeko laguntza ekonomikoak eskuratuko dituzte, eta baita osasun krisiaren ondorioz egin beharreko aldaketak finantzatzeko ere. Esaterako, terrazetan espazio publikoa gehiago okupatu ahal izateko irizpideak malgutuko dira. Turismoa erakartzeko ahalegina egingo dute, gertuko lurraldeetan kanpaina bereziak eginda. Auzoetan, berriz, merkataritza jarduera dinamizatzeko ezohiko ekintzak ipiniko dira martxan.
Krisiak egoera kalteberan utzi dituen familiei laguntzeko, berriz, 2,2 milioi erabiliko ditu udalak. Izan ere, gizartea suspertzeko neurriena da planaren bigarren lan ildoa. Diru sarrera barik geratu direnei begira, gizarte larrialdirako laguntzen aurrekontua handituko da. Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten familientzat 625.000 euroko funtsa sortu da. Adinekoei lagun egiteko Urrats bat gehiago programak 150.000 euro gehiago izango ditu; etxebizitza komunitarioak sustatzeko, 560.000 euro. Etxebakoei ostatu emateko 375.000 euroko funts bat sortuko da. Familia barruko babesgabetasun eta gatazka egoerak detektatu eta artatzeko programak indartuko dira. Genero indarkeriaren biktimen baliabide ekonomikoak bermatzeko, 50.000 euro erabiliko dira. Eta Internet estaldura eskasagoa duten auzoetan 100.000 euroko inbertsioa egingo da, wifi sarea indartzeko.
Kultura da planaren hirugarren zutabea: 1,3 milioi izango ditu. Kultura bonua sortuko du Bilboko Udalak; 500.000 euro erabiliko ditu horretarako. Kultur eta sorkuntza industriei lotutako jarduerak sustatuko dira espazio publikoan, hiriko auzoei bizia emateko; 300.000 euro erabiliko dira horretarako. Eta lehendik programatuta zeuden baina bertan behera utzi behar izan diren ekitaldiak berriz programatzen ahaleginduko dira.