“Sarean ‘Begitu’ eraginkor eta indartsu bat behar dugu”

“Sarean ‘Begitu’ eraginkor eta indartsu bat behar dugu”

Ibai Maruri Bilbao

Pandemia garaian bete ditu 18 urte Begitu hamaboskariak. Kazetarien lanean nabarmen eragin die: telelanean dabiltza, eta informazio iturriekin duten harremana birtuala da. Lan egiteko modu horrek estresa ere sortzen duela esan du Begitu-ko zuzendari Iñigo Iruarrizagak (Igorre, 1971). Diru sarrerei dagokienez, oraindik ez dakite zenbatean eragingo dien. “Egoera gogorra bizi dugu. Ziurbakotasuna eta kezka dira nagusi, baina baita itxaropena eta etorkizunaren alde lanean gogor segitzeko gogoa ere”.

Zer sasoirekin bete ditu hemezortzi urte Begitu-k?

Nork esango zigun Arratian euskaraz argitaratutako aldizkari baten hutsunea igarriko zutela, eta 2001ean Begitu-ren egitasmo hau zelan mamitu hausnartzen hasi ziren euskaltzaleei hemezortzi urte pasatu ostean proiektu honek sendo segituko zuela! Sasoiko heldu garela esango dut, orain geldituko zaigun egoera guztiz arriskutsua eta ziurbakotasunez betea izango dela jakin badakigun arren. Proiektua kontsolidatuta heldu da 18. urteurren honetara. Aldizkaria arratiarron bizitzaren parte da, eta Arratia bera egituratzen lagundu du. Urratsez urrats —hasieran gehiago zuen kultura aldizkaritik—, informazio orokorra eskaintzen duen hedabide bilakatu da. Horretan, ezinbestekoa izan zan 2010ean hilabetekaria izateari utzi eta hamaboskaria izateko egindako pausoa. Egun, informazio orokorra ez ezik, Arratia, Zeberio eta Ubideko zerbitzuen gaineko informazioa ere ematen du.

Berez, euskarazko hedabide batek dena kontra dauka: hizkuntza gutxitua izatea, hiztunaren ohitura falta bere hizkuntzan irakurtzeko, diru aldetik errentagarria ez izatea… Begitu-k, ostera, orain arte behintzat asmatu du hasitako bidean. Ez itzelezko ahalegina egin barik; kazetari, arduradun, irakurle, banatzaile, bazkide eta kolaboratzaile askoren parte hartze barik, hau guztiau ez zitekeen posible izango.

Diseinuan nabaritu da aldaketa. Web orria ere berritzeko asmoa daukazue. Zer egingo duzue?

Egindako aldaketek diseinuari eragin diote. Ez da aldaketa handia izan, baina mantxeta berritu dugu, esaterako. Modernoagoa, dotoreagoa eta minimalistagoa da, oraingo sasoira egokitu gura dena. Gure irudi berriak aldaketa sotilak eskatzen zituen aldizkariaren maketazioan. Flat design edo diseinu laua lango joera iraunkor baten oinarrituta, espazioa optimizatu dugu, eta marka zaharra definitzen zuten elementuak sinplifikatu ditugu, sinpleago eta dotoreago eginez, aldizkariaren marka indartzen laguntzen dutelako.

Mundua, gizartea eta gure eskualdea asko aldatu dira hamazortzi urte hauetan, eta Begitu, bere esentzia galdu barik, beste sasoi baten sartu da. Horregatik agertzen da mantxeta berrian ate bat; aldizkariak mugak apurtu gura dituelako, harago ikusi: ikuspuntu desberdinak kontuan hartzen dituen kazetaritza perspektibaduna egin, hain zuzen.

Asmoa baino, webguneari dagokionez, berritu beharra daukagula argi daukagu; paperekoan zentratu gara denbora honetan guztian. Webgunea eduki arren, hurrengo helburua sareko Begitu martxan ipintzea izango da.

Sare sozialek irakurleekin eta eskualdeko eragile eta herritarrekin daukazuen harremana sendotzeko aukera emango lizuekete, ezta? Zer asmo duzue?

Proiektu guztiei gertatzen zaien legez, aldizkariari ezinbestekoa zaio aurrerapausoak ematea. Aurrera ez egitea benetako atzerapausoa litzateke. Horregatik, pentsatzen dugu garaia heldu dela aldizkariari bultzada emateko. Komunikaziorako teknologia berriak eskaintzen dizkiguten tresnak eta horiek ekarritako abantailak behar ditugu. Beste modu batera esanda, betiko paperezko aldizkariaren ondoan sareko Begitu eraginkor eta indartsu bat behar dugu. Webgunea bultzatzeaz gain, Begitu sare sozialetan ere egotea gura dugu.

Teknologiak, komunikazio tresna berriak eskaini ez eze, komunikazioa bera ulertzeko modua ere aldatu du. Gaur egun, pentsaezina da komunikabide batentzat sarean ez egotea. Horri esker, komunikazioa arin transmititzen da, aldi berean euskarri bat baino gehiago erabiltzeko modua ematen du (papera, bideoak, blogak, sareko txioak…) eta hedabidearen eta erabiltzaileen arteko elkarreragina bultzatzen du; hau da, komunikazio parte hartzailea sustatzen du, non edonork eman dezakeen informazioa, edonondik gainera. Komunikatzeko era hau belaunaldi gazteek atoan bereganatu dute. Horientzat ere lan egin behar dugu, eta egokitu behar dugu.

Egungo osasun larrialdiak Internetez zabaltzen diren albiste faltsuak agerikoago egin ditu. Zein da hedabideen lana testuinguru horretan?

Hedabideen lana sano inportantea da, eurek zabaltzen dutelako benetako informazioa, iturri fidagarrietara joz. Jakiterik ez badago informazio hori nondik sortu den, zurrumurrua baino ez da, eta sare sozialen erabiltzaile arduratsuek badakite hori. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da hedabideen lana. Albiste faltsuak sare sozialei sano lotuta ikusten ditut; bertan egin dute habia, ustezko anonimotasunak bultzatuta askotan. Paperezkoetan egoera bestelakoa dela esango nuke, oraindik paperean idazteak beste gogoeta bat eskatzen du eta. Horregatik, gurearen moduko hedabideen zeregina garrantzitsua da, sare sozial askoren zurrunbilo eta zaratatik kanpo gelditzen baikara. Horrek bide ematen dio kalitatezko kazetaritzari.

Koronabirusaren krisi hasieran, Tokikomek salatu zuen osasun agintariek ez zutela aintzat hartu tokiko hedabideen indarra. Zer ekarpen egin dezakezue?

Tokiko hedabideek oso ekarpen garrantzitsua egin dezakete; izan ere, komunitatea sortu edo indartzeko funtsezkoak direlakoan nago. Tokiko hedabideen bitartez jakiten du jendeak zeintzuk diren bere herrian egoerari aurre egiteko abiatu diren egitasmoak, sortu diren sareak, nora jo behar duen zeozer behar izatekotan… Jendearengandik hurren dagoen errealitatean egiten dugu behar; gure inguruko jendarteko parte gara, eta zentzu komunitarioa darabilgu. Informazioa gure errealitate horretara egokitzen laguntzen dugu. Hedabide eta informazio talde handiek, gure hizkuntzan ez dabiltzan horiek, egiten ez dutena. Adibide bat ipintzearren, telebistek hiriburuez eta lurraldeez ematen dute informazioa, askoz gutxiagotan eskualdeez edo herri txikiez. Hortxe sartzen da gure ekarpena, hurbileko informazio eta zerbitzu emate horretan; handietan galdu egiten da hurkotasun eta kidetasun hori. Gurean, gainera, adituak eta elkarrizketatuak ingurukoak dira, hurrekoak, eta horrek konfiantza ematen du. Izen-abizen eta aurpegiz, eta dendan topatu ahal duzun zientzialariak edo kirolariak edo aktoreak esaten duenak interes handiagoa sortzen du.