Leku bila dauden aitei begira

Leku bila dauden aitei begira

Natalia Salazar Orbe

Ama ideala izateko presioaren eraginez, kezka eta erru sentimenduak nagusitzen zaizkie sarri erditu eta etxera iritsita une oro ondoan izango duten umeen ardura hartzen duten emakume askori. Bakardadeak, atseden faltak edota edoskitzeari, zaintzari zein loari buruz hartutako erabakiak zalantzan jartzen dituzten ezagunen zein gizartearen irizpideek ezinegona sortzen diete hainbati. Bizipen eta kezka guztioi buruz hausnartzeko taldeak sortzen dira herri askotan.

Lagungarria izaten da esperientzien truke hori. Umeen hazkuntza horretan gizonek, aitek ere badituzte sortu den egitura berrian bete behar duten lekuari eta egitekoari buruzko zalantzak. Hala ondorioztatu zuen Leire Etxezarraga, amentzako tailerrak ematen dituen gizarte hezitzaile eta pedagogoak. Gestalt terapeuta ere bada. Nagore Lopez de Luzuriaga psikologo eta familia psikoterapeutarekin batera, aitentzako talde bat sortuko du Derion, Elkar Ekin zentroan.

Berak bizi izandakoak bultzatu zuen Etxezarraga taldeak sortzera. “Erditu berri diren amek babesa behar dute, une horietan oso bakardade handia bizi baita”. Bi urte egin ditu taldeok gidatzen. Guraso bakarra zen gizon bat izan zuen behin, baina, gainerakoan, amak izan ditu tailerretan; gehien-gehienak, bikote heterosexualetakoak. Talde horietako bateko partaideek esan zioten euren gizonezko bikotekideek ere nahiko luketela eurentzako antzeko espazio bat. Talde horretakoa zen Lopez de Luzuriaga ere. Elkarrekin osatu dute egitasmoa, eta COVID-19ak eragindako egoerak aukera ematen duenean egingo dute tailerra.

Ume bat jaiotzean etxeko harremana erabat aldatzen dela azaldu du Etxezarragak. Lehenengo hilabeteetan amaren eta umearen arteko lotura oso sendoa sortzen da, “diada”, eta horrek aita lekuz kanpo sentitzea eragin dezake: “Bikote izatetik hiru izatera pasatzen dira. Gizonek askotan ez dakite zer-nola eman babesa. Batzuek uste dute umeak amarekin bakarrik duela lotura, titia hartzen diolako. Euren buruari galdetzen diote non kokatu behar duten, eta non ez”.

Loturak ehundu

Umearekiko lotura egiteko hainbat modu daudela azaldu du: “Bainua eman, abestu, lokartu, paseoa eman, berba egin umeari… Gauza horiek guztiek ere lotura sortzen dute”.

Bestalde, Etxezarragak uste du familiarekiko harremanetan ere zeregina badutela. “Diada hori babesteko eginkizuna. Mugak jartzearena. Askok arazoak izaten dituzte familiei mugak jartzeko orduan. Besteak beste, esateko ‘bada, ez, gauzak ez ditugu egin nahi era horretara’, edo ‘ez dugu gura bisitarik’. Edo kontrakoa: ‘Gustatuko litzaiguke gehiago etortzea eta laguntzea’. Edo esateko ‘mesedez, ez ekarri egunero ekartzen duzun hori’. Mugak jartzeko orduan ere askotan galduta sentitzen dira. Askotan gertatzen da. Emakumeak badaki bere familiari mugak jartzen, baina bikotekidearen familiari ez. Hori ez da-eta bere egitekoa. Muga horiek jarri behar dituzte eurek ere”.

Amaz gain inguruan mundu zabalagoa duela erakutsiko dio aitak umeari. Hasierako zein ondorengo etapetan aitak duen eginkizunaz hitz egiteko eta hausnartzeko aukera emango du Etxezarragak gidatuko duen taldeak. Esperientzietan oinarritutako saioak aurreikusi dituzte aitentzako tailerretan.

Amen erantzunetan antzeman du Etxezarragak zein lagungarriak diren topaketok: “Esaten dute hemen kontatzen dituztenak ez dizkietela esaten lagunei. Askoz gehiago sakontzen dute euren bizipenetan eta sentimenduetan”. Garrantzitsu deritzo, gainera, “gertatzen zaienari edo emozioei hitzak jartzeari”. Era horretan, jabetzen dira besteek ere antzeko bizipenak dituztela.

Astean behin elkartuko da aiten taldea, bi hilabetez. Gutxienez zazpi eta gehienez hamabi gizon hartuko dituzte, denek izan dezaten bizipenak partekatzeko aukera. Gai bat planteatu eta euren esperientzietatik hausnarketak egitea da asmoa. “Epaituak izango ez diren espazio seguru bat sortuko da euren zalantzak, beldurrak edota egonezinak partekatzeko. Konfidentzialtasun osoa izango dute, sentitzeko lasai asko parteka ditzaketela euren kezka guztiak”.