“Gure kezka nagusia da zer gertatuko den gero pertsona hauekin”

“Gure kezka nagusia da zer gertatuko den gero pertsona hauekin”

Natalia Salazar Orbe

Droga kontsumoa ahalik eta modurik seguruenean egiteko aukera ekaintzen du Bilboko Bailen kalean Gizakia fundazioak kudeatzen duen kontsumo gelak. Drogazaleen bizitza kalitatea hobetzen saiatzen da Estibaliz Barron (Bilbo, 1963) fundazioko zuzendariak gidatutako taldea. Gizarteratzeko proposamena ere egiten diete. COVID-19a agertu baino lehen, erabiltzaileen %28k ematen zuten pauso hori. Orain egoera guztiz bestelakoa da.

COVID-19aren eraginaren ondorioz, aldaketak egin dituzue.

Bai, kontingentziazko plan bat egin dugu. Kontsumo gelaz gain, desintoxikazio zentro ere bihurtu dugu gela. Ordutegia ere luzatu dugu: 09:00etatik 18:30era irekitzen dugu egunero. Horrez gain, unitate mugikor bi prestatu ditugu. Kiroldegietara eta aterpetxeetara joaten gara, udalak aterpetxeak prestatu baititu kalean bizi direnentzat.

Zeintzuk behar dituzte pertsona horiek?

Aztertzen dugu mendekotasun arazorik edo buruko patologiarik duten. Oraingoz arriskuak eta kalteak murrizteko estrategia darabilgu. Alegia, gure asmoa orain ez da jendea tratamenduan jartzea, baizik eta hobeto egoteko aukera ematea. Batez ere, abstinentzia sindromea ez izateko. Alkoholaren abstinentzia sindromea oso kaltegarria da: heriotza eragin dezakeen sindrome bakarra da. Besteak oso deserosoak dira, eta saiatzen gara sufritu ez ditzaten. Psikofarmakoak erabiltzen ditugu, eta laguntza psikologikoa ere eskaintzen diegu.

Kalean droga lortzea oso zail bihurtu da. Zer ondorio du horrek drogazaleengan?

Kontsumo gelan, batez ere, heroina eta kokaina hartzen dituzte, injektatuta edo erreta. Horretarako hainbat gela dauzkagu prestatuta, eta beti egiten dute erizain baten kontrolpean. Erreakzio txarren bat badute, prest gaude laguntzeko eta gaindosirik izan ez dezaten bermatzeko. Baina orain kalean dagoen heroina guztiz aizunduta dago, eta kaltegarriagoa da. Droga lortzeko aukera ere txikitu egin da, diru gutxiago dutelako eta polizia gehiago dabilelako. Batzuk etortzen dira ordezko tratamendua eskatzera. Batzuei metadona ematen diegu. Beste batzuei sendagaiak ematen dizkiegu, abstinentzia sindromea izan ez dezaten. Gauza bera egiten dugu kiroldegietan dauden drogazaleekin.

Orain arte kontsumo gelara jotzen zutenak zer-nola daude?

Egoera oso txarra da. Hirian ibiltzeko mugimendua mugatuta dago. Bestalde, konfinamendua kiroldegi batean egiten ari badira, ezin dira atera behar duten beste. Horregatik joaten gara gu eurengana. Patologia mental oso larria duen jendea ere badago. Gizarte osoa dago estresatuta; pentsa eurak zelan dauden. Batez ere, portaera desorekak dituzte. Batzuetan oso haserre jartzen dira; beste batzuek depresioa dute. Elkarbizitza hobetzen saiatzen gara.

Konfinamenduaren hasieratik jabetuko zineten zuek zer arazo zetorren. Zer-nolakoa izan da drogekiko mendekotasuna duten pertsonen bilakaera?

Egonkortzen ari da. Hasiera oso gogorra izan zen. Pentsatu, elkar ezagutzen ez zuten 50 pertsona elkarrekin konfinatuta. Elkartu dira marokoarrak, senegaldarrak eta bertokoak. Beste batzuk ez ziren berez etxegabeak, baina, konfinamenduaren ondorioz, lanik gabe geratu ziren edo ostatu batean bizi ziren, eta egun batetik bestera lekuok itxita ikusi dituzte, eta kale gorrian geratu dira. Denetariko historiak daude. Oso dramatikoak batzuk.

Zer eragin du abstinentzia sindromeak drogamendekotasuna duten pertsonengan?

Heroinaren abstinentziak gonbitoak, sukarra edota izerdia dakartza. Oso deserosoa da. Alkoholarenarekin dardara izaten dute, batez ere, eskuetan, eta goizetan. Baina, behin hori pasatuta, hiru egunetan hasten dira tenperatura aldaketa izugarriekin. Psikofarmakorik gabe segitzen badute, azkenean, kolapsatu egiten dira. Posible da delirium tremens-a ere izatea; alegia, haluzinazioak.

Konfinamenduaren aurretik desintoxikazio prozesuan zeudenentzako egoera hau ez da izango lagungarria.

Anbulatorioetan egoten da desintoxikazioa egiteko aukera. Oso desintoxikazio larria bada, Galdakaoko ospitalean egiten da. Orain unitate hori itxita dago, horko oheak COVID-19ak kutsatutakoentzat erabiltzen ari direlako. Hori dela eta, ez da unerik egokiena adikzioak kentzeko; prozesu hori pasatzen laguntzeko unea da. Horregatik etortzen dira gurera egunero, eta desintoxikazio prozesuan ari direnei hemen bertan ematen dizkiegu sendagaiak. Sendagaien zaintza egiten dugu. Beharra dutenek egunero etorri behar dute bila. Izan ere, gerta liteke guk emandako sendagaiak saltzea edo elkarri lapurtzea.

Zuengana joateko baimenen bat badaukate?

Baimen bat egiten diegu. Hala ere, batzuetan isunak jartzen dizkiete edo esaten diete ez etortzeko, ezin direla-eta etxetik atera. Denetarik dago. Eskubide hori izan badute, baina, aurkitzen duten poliziaren araberakoa izaten da erantzuna. Polizia batzuk oso sentsibilizatuta daude, baina beste batzuek, agian urduri dabiltzalako, anker jokatzen dute. Hori herritar talde honekin gertatzen da itxura txarragoa dutelako. Kalean lotan dauden batzuk gau berean hirutan esnarazten dituzte, eta handik joateko esaten diete, edo kartoiak kentzen dizkiete. Zaurgarrienak beti txarren.

Egoera honi aurre egiteko neurrien edo baliabideen faltarik sumatu duzue?

Orain gure kezka nagusia da zer gertatuko den pertsona hauekin konfinamendua bukatu ostean.