Denbora

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Arbela zenbakiz eta azalpenez betetzen zuen bitartean gora begira egoten ginen gutako batzuk. Leihoaren alboan egoteko zortea zuenak azpitik pasatzen ziren denak zaintzen zituen. Beste batzuek arkatza tipexarekin margotzen genuen, eta abilak ginelakoan eskuak zikintzen genituen. Beste batzuek gerora irakurri nahiko ez lituzketen notatxoak pasatzen zizkioten elkarri. Eta, minutuz minutu, hamarretan hasitako Matematika klasea hamaiketara noiz iritsiko zain egoten ginen. Denborari bultzaka pasatako denborak eragiten zuen nekeaz akordatzen naiz.

Disimulatzen onenak ginela uste genuen, eta onak ginen. Baina irakasleak gu baino denbora gehiago zeraman bizirik eta denboran gure aurretik zebilen. Arbela eta gure estutxeen artean zegoen toki hartatik begira gelditzen zitzaigun eta buruari alborik albo eragiten zion. Galdutako denbora ezin zela berreskuratu esaten zigun, eta alferrik zigortuko gintuela jolas-ordurik gabe.

Guretzat zela kalte alferrik galdutako denbora hura, eta nahikoa zigor zela denbora hura galdu izana bera.

Jolas-orduan gurera ibiltzeko tartea kentzen ez zigunez, pozarren jasotzen genuen bere arrazoiketa sakona. Guztiz ados geundela adierazten genion irribarrez eta txirrinaren hotsarekin batera ateratzen ginen asperduratik ihes, korrika. Kontuak ateratzen hasita, sasoi hartan hamahiru bat urte izango genituela uste dut. Eta harrezkero gauza asko aldatu den arren, oraindik ere sarri egoten naiz txirrinak noiz joko zain. Zenbatetan ikusten dudan neure burua bilera luzeegietan barrurantz egindako aharrausi bakoitzarekin denborari bultzaka, edota urduri jartzen nauen zita batera goizegi joan naizenetan minutuetako bakoitzari mehatxuka.

Batzuetan mantsoegi doana, azkarregi doa bestetan, eta ezin denbora izoztu edo urtu. Ondo ikasi dugu hori hilabeteotan. Bizitza ez da pen drive batean kabitzen, baina halaxe egon gara. Bizitzaren parte baina bizitzatik kanpo, denbora kapsulatu izan bagenu bezala. Batzuenak espazio gehiago edo mugimendu gutxiago izango zuen, balio izango zigun askori aspaldi ezabatu beharrekoak paretik kentzeko, edota errepaso orokorra egin ondoren dena zegoen moduan uzteko. Bizitzaren zati bat baino ez da kabitzen pen drive batean, eta zati horretan bizi izan gara egokitu zaigunarekin. Amorragarria dena da bizitzaren erdiaz ere gozatu ez izana eta denboraren ehuneko ehuna igaro izana.

Izan dadila fase kontua honi guztiari buelta ematea. Bizitzan ere faseak egoten dira, eta, behin fase txarrak igarota, urrunetik edertasunik ere ikusten zaie. Ni fase horretan nago, honetaz guztiaz iraganean hitz egiteko desiatzen. Zehatzago esanda, aurrez aurre eta maite ditudanekin honetaz guztiaz, terraza batean eta eguzkia lagun, hitz egiteko irrikan.

Badakit honezkero igarotako denborarik ez dugula berreskuratuko, baina datorrenari gogor helduko diogu kolkotik. Beraz, pasa dadila hau eta jo dezala txirrinak gogor. Eguneko ordubeteko entrenamenduaren ostean denbora bera baino azkarrago aterako baikara korrika.