Nire balkoitik harago

Igor Elordui Etxebarria

Umetan —askori gertatzen ei zaie— amesten nuen hego barik ez ezer, hala, neure kabuz, hegaz egin ahal nuela. Ondo akordatzen naiz. Gauez izaten zen, ohetik altxatzen nintzen eta hantxe, ohe ondoan, geldiro-geldiro, metro erdi igotzen nintzen lurretik; gero, horizontal jartzen nintzen eta logelatik irteten nintzen, arrasean hegaz. Egongelara joan, balkoiko atea zabaldu, eta hegaz kalera! Hasieran tentuz ibiltzen nintzen, ez jausteko beldurrez-edo, eta ez nuen oso gora egiten, baina apurka-apurka gero eta gorago eta gero eta arinago hegaz egiteko kapaza nintzen. Etxe inguruko kaleetan ibiltzen nintzen, eta gustatzen zitzaidan noizbehinka argia piztuta zeukaten etxebizitzetako leiho eta balkoietan geldialditxoa egitea, zertan ari ziren ikusteko.

Orain ere, umezarotik datorkit joera, gauez oinez paseoan edo autoz batetik bestera noanean, gustatzen zait etxeetako argiei erreparatzea. Ez dut aparteko pelikularik asmatzen, ez pentsa: imajinatzen ditut barrukoak afaltzen, edo afalostean mahaiaren bueltan berbaz; imajinatzen ditut telebista ikusten, sofan jesarrita; imajinatzen ditut ohean etzanda, irakurtzen… Bai, badakit pentsamendu apur bat ergela dela, besteak beste, sarri errealitate gordina nik imajinatutakotik asago dagoelako. Baina hala irudikatzen ditut nik, eta epeltasun moduko bat sentitzen dut argiei begira eszena horiek imajinatzen.

Nuen. Sentitzen nuen. Nire balkoitik etxebizitza guztietako argiak piztuta ikusten ditut, baina orain ez dago xalotasunik nire pentsamenduetan. Argietara begira imajinatzen dut bikote bat bikote ohi bihurtuta, emakume bat senarraren hurrengo kolpearen zain, neba-arrebak elkar jotzen, gurasoak umeei garrasika, alaba bat ama egoitzan hil zaiolako negarrez, ospitaleko behargina akituta, aitita bat bakarrik hiltzen… Eta argirik ez dagoen etxe bakanetan argia eta ura ordaindu ezin duen familia bat imajinatzen dut.

Pandemiak etxean bahituta gauzkan hilabete eta erdi luze honetan egunero kontatzen digute zenbat hildako egon diren, zenbat kutsatu berri dauden, zenbat gaixo dauden ospitaletan eta zenbat gaixo osatu diren, zenbat aldi baterako erregulazio espediente tramitatu diren, zenbat langabetu gehiago dauden, zenbat itxialdi egun daramatzagun, zenbat maskara banatu diren, zenbat test egin diren… Baina, nagusiki, gauzak kanpoan gertatzeari utzi eta etxean gertatzen hasi ziren duela bi hilabete eta erdi luze. Zenbat whatsapp, zenbat bideodei, zenbat jolas, zenbat liburu, zenbat film, zenbat txio, zenbat atsegin dut, zenbat argazki Instagramen… Supraerrealitate bat eraiki genuen, errealitatea eramangarriago egiteko-edo. Baina egia hauxe da: konfinamendu-mota beste errealitate dagoela eta denek ez dutela bizkotxo usainik. Horregatik, komeni da noizean behin norberaren balkoitik harago begiratzea, eta gogoratzea, batez ere hau dena amaitzen denean.