Koronabirusa errepidez mugitu ez dadin

Koronabirusa errepidez mugitu ez dadin

Ibai Maruri Bilbao

Azken asteetan makina bat ikerketa egin da jakiteko SARS-CoV-2 birusak zenbat iraun dezakeen gainazal mota bakoitzean. Emaitza guztiak ez dira bat etorri, baina argi geratu da nahi baino denbora gehiago bizi daitekeela pertsonetatik kanpo. Horregatik, erruz ugaritu dira desinfekzio lanak. Bizkaiko hainbat herritan dabiltza udal langileak eta boluntarioak kaleak eta jende asko dabilen tokiak garbitzen. Larrabetzun, esaterako, joan den asteburuan irten ziren lehenengoz. Baina Galdakaon beste pauso bat eman dute: ibilgailuak desinfektatzen ibili da azken bi asteetan GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea: orain arte kanpotik garbitu dituzte, eta, aurrerantzean, baita barrutik ere.

“Osasun Publikora eta osasun arriskuen arloan lan egiten duen Galdakaoko enpresa batera deitu genuen gure asmoen berri emateko, eta ideia ona iruditu zitzaien”, gogoratu du Alvaro Saizek, GBGE elkarteko presidenteak. Herriko sarreran ibilgailuak desinfektatzeko gunea jartzea zen haien asmoa. Duela bi aste ipini zuten martxan, eta harrera ona izan du. Bizkaiko Gurutze Gorriak bazeukan anbulantziak, Poliziaren ibilgailuak, babes zibilekoenak eta larrialdi zerbitzuetakoak desinfektatzeko gunea koronabirusaren krisia hasi zenetik. Baina Galdakaoko hau ibilgailu guztientzat da, baita auto pribatuentzat ere. “Errepide nagusitik igarotzen den edonor pasatu daiteke: suhiltzaileen parke zaharrean gaude. Autoa desinfektatu nahi badu, eskumatara irten eta etorri; ez da besterik egin behar”. Azpimarratu du borondatezkoa dela, Galdakaora sartu gura duen inor ez dagoela desinfektatzera behartuta.

Taldeko hogei bat boluntario dabiltza, lau txandatan banatuta. Egunero egoten dira, 08:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Substantzia bakterizida bat erabiltzen dute, uretan disolbatuta. “Galdakaoko ospitalera doazen anbulantziak barrutik ozonoarekin desinfektatzen dituzte. Baina ondoren gurera etortzen dira ibilgailua kanpotik garbitzera”. Autobus publikoak ere handik pasatzen zaizkiela esan du. Ehorzketa etxeetako ibilgailu asko izan dituzte egunotan, eta auto pribatuak ere bai. “Jendea oso pozik dago zerbitzuarekin”. Iruditzen zaio beste herri batzuetara zabaltzeko moduko zerbitzua dela.

Muga batzuetan, ohikoa

GBGE garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da. Hala, kideak sarri joaten dira atzerrira. Sanzek esan du bera 42 herrialdetan egona dela; batez ere, Mongolia aldean ibili da. “Toki batzuetan, normala da muga pasatzerakoan ibilgailua desinfektatu behar izatea. Izan ere, muga hesi bat baino ez da izaten, baina hesi horrek higiene ohitura eta osasun sistema oso ezberdinak bereizten ditu sarritan, eta arriskutsua da ibilgailuak herrialde batetik bestera garbitu gabe igarotzea; gaixotasun larriak kutsatzeko arriskua egoten da”.

Birusak ez garraiatzeko, ibilgailuak desinfektatzea “ezinbesteko neurria” dela iruditzen zaio Sanzi; are gehiago, pandemia egoera batean. Iurretako enpresa bat ere (Zeregin) jabetu da horren garrantziaz: pertsonak eta ibilgailuak desinfektatzeko arkuak ekoizteari ekin dio.