“Etxeko indarkeria kasuak areagotzeko arriskua dago itxialdian”

“Etxeko indarkeria kasuak areagotzeko arriskua dago itxialdian”

Natalia Salazar Orbe

COVID-19ari aurre egiteko neurriek asteetan ahaztuta izan dituzte umeen beharrak, askok salatu dutenez. Haur horien artean zaurgarrienei laguntzen die Save The Children erakundeak. Itxialdia hasi aurretik Ezkerraldeko berrehun familiatako umeei laguntzen zieten, aurrez aurre. Orain, laguntza pertsonalizatua ematen diete haietatik zaurgarrienak ziren 86 haurrei. Euren gabeziak larriagotu egin direla azaldu du Kristian Prietok (Donostia, 1985). Save The Children Euskadiko bozeramailea da bera.

Berrehun ume artatzen zenituzten osasun krisiaren aurretik. Nola daude itxialdian?

COVID-19ak erasan aurretik pobre zirenek besteek baino egoera latzagoa dute. Batetik, inpaktu ekonomikoa dago: familia askok lana galdu dute, lan prekarioak zituztelako, askok kontraturik gabeak. Edo aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea dute, egoerarik onenean. Bestetik, inpaktu psikosoziala dago: itxialdiak ondorio psikologiko sakonak eragiten ditu, bereziki haurrengan eta nerabeengan. Trauma osteko estresa, nahasmendua eta haserrea nabarmenduko nituzke. Berrogeialdian sentimendu eta gaitz hauek areagotu egiten dira: frustrazioa, asperdura… Oinarrizko lehengairik ere ez dute. Informazio falta dute, inguruko helduek ez dakitelako zer nola eman. Aurretik buruko arazoak zituztenengan areagotu egiten da antsietate arriskua. Hori ohikoa da maila sozioekonomiko baxuko familietan.

Gainera, eskolak bertan behera uzteak ondorio larriagoak izango ditu maila sozioekonomiko eta kultural txikiko familietako umeengan, zalantzarik gabe. Guretzako hori oinarrizkoa da, eta horri aurre egiteko jarri genuen martxan A tu lado izeneko larrialdiko esku hartzea. Udan ere antzematen da desberdintasun hori; familia horietako umeak beti iristen dira besteak baino txarrago irailera, familien aldetik estimulu gutxiago jasotzen dutelako. Hori da egoera: etxean ezin dizkiete eskaini kultur estimuluak edo ezin dituzte animatu irakurtzera. Edo egiteko gai lirateke, baina ez daukate horretarako tresnarik. Ezin diete lagundu etxeko lanak egiten, ezta euskara eskolekin ere, Barakaldoko gure egoitzara datozen familia gehienak atzerritarrak direlako. Umeak babesgabe daude. A tu lado esku hartzea jarri genuen martxan umeok ez daitezen geratu atzean. Umeoi eskolara ez joateak, heziketa ekitateari dagokionez, aukerak galtzea eragiten die. Zaurgarrienetan zaurgarrienek erritmoa gal ez dezaten saiatzen gara.

Zer-nolako laguntza ematen diezue?

Gurutzetan genuen Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroa itxi egin behar izan genuen, koronabirusaren krisiaren ondorioz. Heziketa indartzeko eta aisialdirako aukerak eskaintzen genizkien han. Egoitza itxita, umeok errefortzu hori gabe geratzen ziren. Asko arrakala digitalean bizi dira, gainera, ez baitute tabletarik eta Interneterako konexiorik.

Gure programa A tu lado izeneko programara egokitzea erabaki genuen orduan. Larrialdiko esku hartze programa bat da, larrialdia bizi dugulako. Dauzkagun baliabideekin, ezinezkoa zaigu eskolak ematea. Lehen, hezitzaile batek 25 umeri ematen zizkien eskolak; orain, pertsonalizatu egin behar izan dugu gure jarduera, eta aukeratu egin behar izan ditugu egoerarik zaurgarrienetan zaurgarrienak. Gure baliabideekin, 86 sendirengana iristen ari gara. Benetako beharrizana duten familiak dira. Besteek aurre egin diezaiokete egoerari; tabletak, ordenagailuak eta Internet badutenez, etxeko lanak egin ditzakete.

Askorentzat pentsaezina dirudi gaur egun gure inguruko familiek Internetik ez izatea.

Hala da, bada. Estatuko datuen arabera, familien %40k ez du gailu elektronikorik, ordenagailurik edo tabletarik. Ordenagailua edo tableta baduen gainerako %60tik, %13k ez du Interneterako konexiorik. Datuok Euskadira estrapola daitezke. Arrakala digital horri aurre egin behar geniola ikusi genuen, eta lortu dugu, hainbat finantzatzaileri esker.

Familiei laguntza emateko telefono bat ere zabaldu duzue

Psikologoek eta gizarte langileek laguntza ematen diete umeon gurasoei edo tutoreei. Egoera honi aurre egiteko jarraibideak ematen dizkiegu. Batzuetan, estresak indarkeria eragin dezake. Familia aisialdia zer nola antolatu azaltzen diegu.

Itxialdian genero indarkeria edo haurrenganakoa areagotu egin daitezke?

Bai. Etxeko indarkeria kasuak areagotzeko arriskua frogatuta dago itxialdian. Beldurrak, antsietateak, presio ekonomikoak… Badirudi faktore horiek guztiek lotura dutela indarkeria areagotzearekin. Ezin da justifikatu, noski, baina gertatzen da.

Ba al dago artatzen dituzuen familien profila zehazterik?

Familion %44 guraso bakarrekoak dira, batez beste bi seme-alaba dituzten ama bakarrak. Osasun krisiaren aurretik egoera prekarioan bizi ziren. Orain estresa dute, eta ez dakite nola aurre egin egoera honi. Horregatik jarri genuen martxan telefono linea. Eguneko 24 orduetan erabil dezakete. Gehienak migratzaileak dira; lan prekarioak zituzten, eta orain lanik gabe daude.