Diputazioak 95,5 milioi erabiliko ditu ekonomia suspertzeko

Diputazioak 95,5 milioi erabiliko ditu ekonomia suspertzeko

Ibai Maruri Bilbao

“Osasun larrialdian gaude oraindik. Pertsona nagusiengan eta egoitzetan daukagu gure arreta. Baina, txarrena igarota, ekonomian ere ardura jarri behar dugu”. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak koronabirusaren krisiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko Bizkaia Aurrera plana aurkeztu du. Ondoren beste neurri eta erabaki batzuk hartuko dituztela esan du, hurrengo hilabeteetako bilakaera ekonomikoaren arabera. Maiatzaren 11n ipiniko da martxan, eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Krisiari aurre egiteko, foru sailek aurtengo aurrekontuan erabilgarri dutenetik 12 milioi euroren erabilera aldatu da. Plan honekin beste 30 milioi euro gehitu dira dozena bat neurri ekonomiko garatzeko: hori da Bizkaia Aurrera plana. Zuzeneko inbertsio horrez gain, 53,5 milioi euroko zerga pizgarri berriak onartu dira. Diputazioaren kalkuluen arabera, inbertitutako euro bakoitzak zazpi euroko eragin ekonomikoa izango du. Hala, osotara, diputazioak hartuko dituen neurriek 95,5 milioi euroko gehieneko kostua izango dute aldundiaren diru kutxarentzat, zuzeneko inbertsioaren eta zerga arintzeen artean. 672 milioi euroren eragin ekonomikoa sortzea espero da. Hori krisiaren lehen astean hartutako zerga neurrien bidez lurraldeko ekonomian sartutako 538 milioi euroko likideziari gehitu behar zaiola esan du Rementeriak. Beraz, guztira, 1.210 milioi euro mugiaraziko dira lurraldeko ekonomian urtea amaitu arte.

Bizkaitarren konpromisoa

Martxoaren 14tik 5.373 pertsonak galdu dute lana Bizkaian; 15.343 autonomok eta 3.347 enpresak negozioa itxi behar izan dute; eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin beste 60.044 bizkaitar daude. “Horiek guztiek laguntza behar dute, eta aldundia prest dago”.

Baina bizkaitarren konpromisoa ere beharko dela ohartarazi du: “Ekonomia berreskuratzea gure esku dago, neurri handi batean; bizkaitar bakoitzaren esku”. Tokiko merkataritzara eta ostalaritzara jotzeko eta tokiko produktuak kontsumitzeko eskatu du; lehen bidaia Bizkaiko landetxe edo hoteletan ostatu hartuta egiteko, eta etxeko obrak Bizkaiko profesionalekin egiteko.