Desager ez daitezen

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Udaberria da leihoetan. Alemanian hobeto ei daude, baita Norvegian ere. Euskal jendartea arduratuago dago ekonomiaz osasunaz baino. A, ez, hori gezurra da. Gauak laburtuz doaz. Politikariek albiste garrantzitsuak gaztelaniaz ematen dituzte telebista publikoaren bigarren katean. Etxean egoteko jantzitako kuleroen gomek ez dute horrenbeste estutzen. Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamenez beteta heldu zaigu Euskaraldia. AHTaren bagoian lehenbailehen selfiak egitearekin amesten duten herritarrak ei ditugu. Eguzkiari alboz egonez gero gorputzaren erdia zuriago geratzen da. Kalea armadun jendearen esku dago. Lur bustiaren usaina beti bezain ederra da. Baserritarrei eta erosleoi plaza itzuli digute. Lo egiten laguntzen duten infusioak falta dira supermerkatuko apaletan. Beti izan ditugu Txoria txori abesteko motibo asko. Izan dugun motibo bakoitzeko izan dugu bertso bat, irudi bat, ipuin bat edo abesti bat. Horrela, berez.

Kulturgileari ez omen zaio kostatzen egiten duena egitea. Gustuko duelako egiten ei du. Eta batzuetan egiten duenagatik kobratzeko zortea eta luxua izaten du. Zenbatek bizi duten inork sortutako kultur sorkuntza eskubidetzat, sortzailearen ordainetan pentsatu gabe. Arteaz ezer ez dakiela dioenak Instagrameko storian ilustratzaile batek sortutako irudia jarri du. Bertsolaritza rollo bat iruditzen zaionak ez daki kantatzen dituen abesti asko eta askoren hitzak bertsolariek sortuak direla. Zinemako sarrera garestia dela dioenak websailak ikusten ditu Youtube bidez. Antzerkia gustatzen ez zaionak domeka euritsuetan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bideoak jartzen dizkio alabari. Irakurtzea gustatzen ez zaionak libururen bateko esaldi esanguratsuren baten bila pasatu du arratsaldea WhatsAppeko deskribapena aldatzeko. Musikarik entzuten ez duenak, aitaren urtebetetzeko zorion bideorako kanta bila jo du sarera.

Kultura kolorezko eztanda bat da. Hartu hau eta sentitu. Entzun hori eta izan. Ikusi hau eta bizi. Irakurri hauek eta amestu. Izan nor. Eraiki munduak. Apurtu hori eta sortu beste gauza bat. Aldatu ikuspegia. Ikasi zutaz. Barre eztanda kolektibo bat. Diskurtsoen burrunba. Lotsa eta barrea aldi berean. Aho zabalik uzten zaituen hori. Hotzikara bat gerrialdean. Barrura begiratzeko bideak. Astindu bat oroitzapenen kutxan. Zalantzarako espazioa. Oilo-ipurdia burutik oinetaraino. Iheserako geltoki bat. Egonezina. Historia idazteko lekua. Gozamena. Disimulatu ezin den negarra. Izateko eta aldatzeko indarra. Edertasuna. Euskaraz izateko lekua. Labirinto bat buruan. Plazera.

Euskal kulturgileak eskuzabalak dira, konprometituak, adeitsuak, ulerkorrak, berritzaileak, kalitate oso onekoak… baina gauzak zer diren, bizi ere egin behar dute, duin bizi ere. Beharra sentitzen ez duenak ere beraien beharra du. Ohartu gaitezen eskaintzen eta egiten dutenaz, eta itzul diezaiegun duintasunarekin. Lanak merezi du ordaina, kulturgintzan ere bai. Ikus genitzan desagertu ziren; zain ditzagun desager ez daitezen.