June Prieto
Sopelako Udalak saltoki handi bat eraikitzeko xehetasun plana onartu du martxoko osoko bilkuran. Merkataritzara bideratutako azpiegitura berri horrek ia 3.000 metro koadro edukiko ditu, eta Bareño auzoan egongo da, BI-637 errepidearen ondoan. Martxan hastean eraikinaren barruan zer egongo den oraindik ez dago zehaztuta, baina, xehetasun planean onartu denaren arabera, hiru maila edo solairu izango ditu: lur azpiko aparkaleku bat, beheko solairua eta lehenengo solairua.
Sopelako Udalak joan den martxoaren 26an egin zuen hileko osoko bilkura. Koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurriengatik, zinegotziak ez ziren osoko bilkura aretoan bildu; bideokonferentzia bidez eztabaidatu eta bozkatu zuten. Horregatik, “ezkutuan” jokatu izana egotzi dio oposizioak gobernuari. Udal gobernuak —EAJk eta PSE-EEk— baiezko botoa eman zuten, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k ezezkoa. Udal ordezkari kopuru bera dute bi blokeek. Denok Batera-Todos Unidos plataformako zinegotzi bakarrak abstentziora jo zuen. Hala, gobernuaren blokea gailendu zen, zinegotzi kopuru bera dituen arren, boto emaile gehiagoren babesa duelako. Gauza bera gertatu zen hauteskundeen ondoren udalak osatzeko bilkuran.
Xehetasun plana onartzeak ez du esan nahi saltoki gunea berehala eraikiko denik, baina eraikina egiteko modua ematen duen beste pauso bat da. Prozesua duela hamar urte baino gehiago hasi zela gogoratu du Josu Landaluze Sopelako alkateak: “Plan honen lehenengo onarpena 2002ko urriaren 29an izan zen, eta hurrengo urtean Bizkaiko Foru Aldundiak onartu zuen. Harrezkero ezin da aldaketarik egin: bertan onartu zen erabilera komertzialentzako lurrak izango zirela. Gainera, orain arte eremu horretan ezer ez bada egin, jabearen erabakia izan da, jabetza pribatuko lurrak baitira”.
Hala ere, alkateak onartu du saltoki handia egiteko baimena aldatzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) moldatu beharko litzatekeela, baina orain arte ez da egin. “Zortzi hilabete bakarrik daramat alkatetzan; galdetu beharko genioke Saioa Villanuevari zergatik haiek ez zuten aldatu”. Villanueva Sopelako alkate izan zen 2011tik 2015era bitartean, Bildu koalizioaren izenean. Hori ikusita, EH Bilduko Guruzne Carrasson zinegotziak adierazi du “lotsagarria” dela EH Bilduri egoztea “gehiegikeria horren erantzukizuna”. Azpimarratu du EH Bildu lau urtez baino ez dela egon alkatetzan, eta urte horietan HAPO berri bat egiteko prozesua hasi zutela.
EH Bildu proiektuaren aurka dago, tokiko merkataritzari eragingo dion kalteagatik, eragingo duen trafikoagatik eta inguruko bizilagunei sortuko dizkien eragozpenengatik. “Uste dugu Sopelak ez duela horren beharrik: alde batetik, Berangon eta Leioan jada badirelako horrelako merkataritza gune handiak, eta, bestetik, herriko dendari txikiei kalte handia sortu ahal dielako”. Eraiki nahi duten tokian trafiko arazoak egoten direla ohartarazi du Carrassonek, eta salatu du horrelako supermerkatu bat eginez gero trafiko arazo horiek handitu baino ez liratekeela egingo.
Udal gobernuak ez du iritzirik eman nahi izan; haien ustez, iritzia ez da garrantzitsua eta legez onartu behar da. “Gustatu edo ez, ezin diogu ezetzik eman. Osoko bilkuran ezetza ematen badiogu, jabeak errekurtsoa jarriko du, eta gainera legeak arrazoia emango dio. Orduan, horrela jokatuz gero, denbora galtzen arituko ginateke, eta udaleko baliabideak ere galduko genituzke”, azaldu du alkate jeltzaleak.
Horrez gain, herritarrei lasaitasunerako deia egin nahi izan die: bertan supermerkatu bat jarriko dela esaten dutenak “gezurretan” dabiltzala nabarmendu du Landaluzek. “Oraindik ez dakigu zertarako erabiliko den eraikina; izan daiteke albaitaritza klinika bat jartzeko edo supermerkatu bat jartzeko”. Carrassonek, horri erantzunez: “Merkataritza gunerik eraikiko ez bada, publikoki esan dezala alkateak”.
Akordiorako unea
Alkatea eta Carrasson bat datoz HAPO berri bat egiteko asmoarekin, eta helburu horrekin aurten bertan akordio batera iritsi direla adierazi dute biek. Hala ere, prozesua luzea da, bost bat urtekoa; beraz, saltoki handia ez egiteko denborarik ez diela emango uste dute.
Proiektua Tandem arkitektura bulegoak kudeatuko du, Excavaciones Viuda de Sainz S.A. eraikuntza enpresak hala eskatuta. Oposizioak ohartarazi duenez, Enpresaria.es atariaren arabera, eraikuntza enpresa hori Kosta Bareño enpresaren jabea da, eta, aldi berean, baita saltokia eraiki nahi den lurren jabea ere.