“Merkatarien %15ek ez dute jateko dirurik izango hil honetan”

“Merkatarien %15ek ez dute jateko dirurik izango hil honetan”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko hogei herritako merkatarien elkarteen federazioa da Bizkaidendak. “Gure bazkide diren merkatarien %25 baino gutxiago daude zabalik une honetan”, azaldu du Jose Andres Cebrecos presidenteak (Basauri, 1966). “Oinarrizko zerbitzua eskaintzen dutenak daude irekita: elikadura dendak, sendabelarrenak, osasun arlokoak, informatikarienak, telelana bermatzeko… Paper dendaren batzuk ere egon dira zabalik, baina itxiz joan dira. Eta jatekoa etxera eroaten duten jatetxeren batzuk ere badaude”.

Zer egoeran daude itxi egin behar izan duten negozioak?

Ixteko agindua iritsi zenean, denok arazo bat ikusi genuen. Lehenik erakundeei galdetu genien ea zer egiteko asmoa zuten gurekin. Izan ere, gure diru iturriak erabat itxi ziren, baina gastuek hor jarraitzen dute. Laguntzak egongo zirela esaten hasi ziren. Baina salatu nahi genuke oso eskasak direla autonomoek ditugun laguntzak, nahiz eta hedabideetan politikariak entzunda asko direla iruditu. Laguntza txiki bi ditugu. Batetik, soldatapeko langileak dituztenei aldi baterako lan erregulazioa egiteko aukera eskaini zaie. Bigarrena, jarduera eteteari lotuta dago: negozioa itxita duzunean edo zure salmentak %75 jaitsi direnean —hori frogatu egin behar da—, kasu horietan zure kotizazio oinarriaren %70-aren besteko diru laguntza ematen dizute. Autonomoen kotizazioa minimoan baduzu, 665 euro inguru jasoko dituzu. Seme-alabarik baduzu, seme-alabako zerbait gehiago emango dizute. Guztira, 900 euro izan daitezke. Eta autonomoen kuota kentzen badizute, 1.080 edo 1.090 euro izan daitezke.

Martxoan autonomoen kuota osoa kobratu digute. Protesta egin dugu, eta orain erdia bueltatzen hasi dira, hilabetearen erdia etenda eduki dugulako negozioa. Hartzen dituzten erabakiak ez daude gurekin adostuta; ez dute konponbidea arazoa duenarekin adosten.

Aipatu duzun diru sarrera horrekin negozioari lotutako zer gastu ordaindu behar dira?

Betikoak. Oraingoz ez dago udal zergak kendu dituen herririk. Aseguruak eta enparauak ordaintzen jarraitu behar da. Lokala dendariarena bada, itzel, baina maizterra bada, ordaindu egin beharko du alokairua. Jaurlaritzak joan den astean onartu zuen hiru milioi euroko laguntza bat alokairuetarako. Oso gutxi zen. Lokalen jabeekin negoziatzeko aholkatu dugu guk. Eta garrantzitsuena: biltegiak beteta ditugula. Adibidez, ostalaritzak hozkailuak beteta zituen, eta horien fakturak iristen hasi dira. Beste horrenbeste arropa dendetan: iritsi dira udaberri-uda denboraldiko produktuak, baina ez gara ezer saltzen ari, eta hornitzaileari ordaindu behar diogu.

Egoera asko luzatuko bada, jendea arropa erosten hasi ahal izango denerako udako merkealdia iritsiko da.

Merkealdiak bertan behera uzteko eskatu diegu Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari; eta, ezin bada, ez daitezela hasi abuztuaren 15a edo irailaren 1a baino lehen. Baina kendu, benetan, eskaintza bereziekin tranparik egin gabe. Badakigu marka handiek eskaintza itzelak egingo dituztela, jendea erakartzeko, merkatari txikien kaltetan.

Internet bidezko salmenta izugarri hazi da itxialdi asteotan.

Lotsagarria da. Ezin daiteke onartu guri negozioak ixtea, osasunagatik, eta, bien bitartean, ehunka banatzaile etxez etxe ibiltzea, premiazkoak ez diren produktuak banatzen, segurtasun neurririk gabe. Uste dugu hori zigortu egin beharko litzatekeela; saltzailea eta eroslea, biak.

Bizkaidendak elkartean Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua sortu duzue. Aste bitan bostehun kontsultatik gora jaso dituzue.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean ipini ahal izan dugu. Unai Rementeria ahaldun nagusiarekin elkartu nintzen, eta diru laguntza bat eman zigun aholkulariak kontratatu ahal izateko. Bost langile ditu kabinete berri honek. Jende askok jo du gurera, baina ezin daiteke esan arrakasta lortu duenik, porrot kasuei laguntzen ari garelako.

Zer arazo dituzte zuengana jo duten horiek?

Informazio falta da lehenengoa: ez dakite zer laguntza dagoen. Eta bigarrenik merkatari txikiek eta autonomo txikiek duten egoera latza berretsi dugu. Drama itzelak kontatzen dizkigute. Askok esaten digute apirilean ez dutela jateko dirurik izango. Gurera deitu duten merkatarien %15 euren herriko udal gizarte zerbitzuetara bideratu behar izan ditugu, ikusi dugulako ez dutela jateko dirurik izango hil honetan.

Itxialdi egoera gainditzen denerako zer kezka duzue?

Jendea ez da tropelean erosten hasiko, eta irtetean ez dira merkatari txikiongana etorriko. Lehen bezala, handietara joango dira. Orain txalo merkatari txikiei, auzoan premian daudenei laguntzen gabiltzalako, baina gero azkar ahaztuko da hori guztia, eta saltoki handietara itzuliko dira. Egoera zaurgarrian dauden familien artean erosketa txartelak banatzeko eskatu dugu, auzoko negozioetan gastatzeko. Guztiontzat lagungarri izango da.