Nekaldiak indartutakoak

Nekaldiak indartutakoak

Ibai Maruri Bilbao

Bilbon, Bermeon, Ondarroan, Lekeition, Durangon, Urduñan, Berangon, Balmasedan… Urtero, milaka bizkaitar udaberriko ekinokzioaren osteko lehen ilargi betearen zain egoten dira, Jesu Kristoren nekaldia eta heriotza gogoratzen duten prozesio eta antzezpenak egiteko. Batzuk ikusgarriagoak, besteak apalagoak, baina partaideentzat urteko ekitaldirik “hunkigarrienetakoak” dira. Aurtengo Aste Santua eta Pazkoa ezohikoak dira horientzat guztientzat, ezingo dutelako egin fede erakustaldi publikorik. Baina Hego Uribe aldean, Zaratamoko Arkotxa auzoan “mingarriagoa” da egoera, bigarren urtez jarraian geratu direlako kalera irten barik.

“XX. mendearen erdialdera, Arkotxa bi gunetan zatituta zegoen, bi enpresa handiren inguruan. Batetik, Explosivos Riotinto zegoen, eta, bestetik, Pradera Hermanos. Haien bueltan zeuden beharginen etxebizitzak. Bakoitzak bere taberna zuen, bere denda, baita eliza ere. Bakoitzak bere aldetik egiten zuen bizitza, ia hartu-emanik izan gabe Arkotxako beste enpresakoekin. 1965ean, Flabio Bujanda Jauregi etorri zen abade. Eta egoera ikusi zuenean, bi biziguneak elkartzeko Arkotxako Aste Santua ipini zuen martxan”, gogoratu du Jose Antonio Chicak, ikuskizuna antolatzen duen Gaztek Abi elkarteko presidenteak. Ordutik, urtero-urtero, Jesus Nazaretekoaren bizitzako azken uneak antzeztu dituzte auzo horretako bizilagunek.

1988an, kultura elkarte bihurtu zuten taldea; sorreratik egin zuen legez, Bujanda Jauregik jarraitu zuen arduradun izaten, harik eta 2006an hil zen arte. Orduan hartu zion Chicak lekukoa. Gaur egun, hogeiren bat bazkide ditu elkarteak. Baina nekaldia antolatzen, prestatzen eta antzezten 120 lagun inguru ibiltzen dira; eta ikuskizuna plazaratzen duten egunetan, 250etik gora. “Gaur egun, Arkotxan 1.000 auzotar inguru gara, eta ez dago inor inoiz parte hartu ez duenik”.

Urte osorako elkargunea izaten dute nekaldia arkotxarrek. “Urte bateko antzezpena egin orduko, datorren urtekoa pentsatzen hasten gara. Etenik ez duen gurpil bat da gurea”. Topatu dituzten gabeziak zelan konpondu, agertu diren beharrizan berriak zelan ase, aurrekontua zelan egokitu… Chicaren zerrendaren arabera, asko izaten dira garaiz egin beharreko lanak. Megafono sistema alokatu egiten dute; gainerako guztia eurek egiten dute, dekoratu eta jantziak barne. Irail bukaeran edo urri hasieran ekiten diete lehen entseguei: “Zapatuero egiten ditugu. Baina, iaz, zailtasunak izan genituen. Ez ziren guk aurreikusi bezala joan, jendeak trabak izan zituelako behar ziren entsegu guztietara joateko. Horregatik erabaki genuen antzezpenik ez egitea, iruditzen zitzaigulako ez zela bermatzen kalitatea”.

Indartsuen zeudenean

Nekaldiaren etorkizuna jokoan ikusi zuten hasieran. Baina etenak hauspoa eman zien, eta “gogorrago” lan egiteko bultzada izan dute. Atzo eta gaur jendaurrean egin beharrekoak entseatzen urrian hasi ziren. “Inoiz baino bilera gehiago egin genituen udazkenean. Oso pozik geunden. Entseguetako egutegia ere moldatu egin dugu: lehen, zapatuero ikuskizun guztia entseatzen genuen; aurten, taldeka banatu gara, pasarteen arabera, eta zapatu batean batzuk eta hurrengoan besteak elkartzen ginen”. Euren asmoa martxoko bileretan denak elkartzea zen, baina koronabirusaren krisiak plana zapuztu die.

Chicak azaldu du alarma egoera baino lehen utzi ziotela elkartzeari. “Albisteak ikusita, birusa taldean zabaltzearen beldur ginen. Eguen batean elkartu, eta zapatu horretako entsegua bertan behera uztea erabaki genuen. Hurrengo astean agindu zuten konfinamendua”. Ordurako, dena zuten prest. Aurrekontua doitu beharko dute orain. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zaratamoko Udalaren diru laguntza izaten dute urtero; baina oraingoan ez, ez dutelako antzezpenik egin.

Aste Santuko prozesioak irailean egitea baimentzeko aukera aipatu du aita santuak, Gurutze Santuaren jaiaren bueltan. Chicak uste du horrelako erabaki bat ezin duela hartu elkartearen zuzendaritzak; parte hartzen duten guztien iritzia kontuan hartu beharko litzatekeela. Bakartze egoera pasatuta bilduko direla esan du. Baina berak argi du: “%99an, irailean ere ez dugu egingo”. Bigarrenez, hurrengo udaberriko ekinokzioaren osteko lehen ilargi beteari itxaron beharko diote.