Ez bururik berotu

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Askapen eta desobedientzia ekintza bihurtu da dagoeneko erosketa egitera joatea. Ez dakit zuei gertatu zaizuen, baina etxeko ataritik eta dendara bidean gurutzatutako jende apurraren artean badago halako talde izaera bat. Aurrez aurre eta bi metro eskumara datorren poltsadun pertsonak urrundik ikusi zaitu, baita zuk bera ere. Begiekin esaten dizu: egun bat gutxiago, edo kontuz zer ukitzen duzun. Eta elkar agurtzen duzue. Baina ez da edozein agur. Ez da presazko agur bat edo protokolozko aurpegiko keinu bat. Mendian eta manifestazioetan sentitu izan dudan diosala egiteko modua da. Ez dakit buruaren posizio jakin bat den edo begiekin egiten den keinu bat ote den, baina agurtzeko modu horrek Gu, Hemen eta Honetan transmititzen du. Fenomeno horri GHH dei diezaiokegu nahi baduzue.

Horra hor nire itxialdiko uzta. Ez da nahikoa etxetik lan egitea, egunean sei edo zazpi jateko egitea, noizean behin dutxatzea, etxea txukuntzeko fantasia izatea, supermerkaturako espediziotik bizirik itzultzea, kirola egiteko tutorial egokia bilatzen nekatzea… Ez da nahikoa, ez. Zerbaitetarako balio beharko digu, ba, itxialdi honek. Eta, batez ere, itxialdi honek zerbaitetarako balio digula adierazi beharko dugu ba. Zerbait. Zerbaitetarako. Gauza berriak ikasi edo ez dakit ba.

Baina ez da erraza. Izan ere, egin beharrak berak nekatzen du burua askotan, eta egiteko dauden gauzen artean zer egin erabakitzerako auzokoen txaloak entzuten dituzu. Afaltzeko ordua. Luze joko du itxialdiak eta izango duzu astia sortzeko eta egiteko gero ere. Kontua da kontrakoa ere ez dela erraza; hau da, ezer ez egitea. Ezer ez egitea da, gelditzea, isiltzea, puntu jakin batean begirada iltzatzea edo begiak ixtea, pentsamenduen zurrunbiloa etetea, zure barneko ahotsa entzutea… Beraz, hobe da Zerbait eta Ezer Ez tarte horretan aritzea. ZEE dei diezaiokegu praktika horri nahi baduzue.

Nik, adibidez, tarteka nire barruko ahotsari erreparatzen diot, baina barruko ahotsaren kantu gregorianoa errepikakorregia denetan telebista pizten dut, edo hozkailua ireki. Egun batzuetan gustuko arropak jantzi eta apain-apain jartzen naiz bazkaltzeko, eta gero siesta egiten dut arropa bera erantzi gabe. Iluntzea noiz helduko zain ematen dut eguna zaborra botatzera irteteko eta unea iristean nagia sartzen zait. Aurretik ere banuen egin nahi eta beharraren arteko borroka berarekin jarraitzen dut, baina orain etxetik irteteko komodinik gabe.

Egunean-egunean goaz eta udaberriko oporraldia ere heldu zaigu batzuei. Balkoia duenak goza beza balkoiaz edo ez. Etxekoekin egoteko gogorik ez duenari, animo. Etxekoez gozatzeko gogoz dagoenari, bejondeiola. Barruko gregorianoa isiltzeko asmotan behar baino gehiago jan duenari, kulparik ez. Kantatzeko gogoa duenari, txaloak. Eder sentituz esnatu denari, ispilua. Pijama eranzteko gogorik ez duenari, epeltasuna. Albisteen betekada daukanari, leihoa.

Gozatu ezazue edo ez, baina ez bururik larregi berotu. Ni GHH jarrerarekin eta ZEE tarte horretan mantentzen ahaleginduko naiz.