“Erizainek tentsioari eutsiko diote gehiago ezin duten arte”

“Erizainek tentsioari eutsiko diote gehiago ezin duten arte”

Natalia Salazar Orbe

COVID-19 gaitzak erasandako pazienteak artatzen dituzten erizainentzako babes psikologikorako programa bat jarri du martxan Bizkaiko Erizaintza Elkargoak. Juan Luis Mendibil (Bilbo, 1959) Tadi zentroko psikiatrak koordinatzen du proiektua. Sendagileentzako laguntza psikologikorako programa zerabilen martxan Tadi zentroak koronabirusaren gaitza iritsi aurretik. Geroago erizainei zer-nola lagundu aztertzen ari ziren, eta, erizaintza elkargoak eskatuta, programa hau jarri dute martxan. Erabiltzaile batzuk badituzte jada.

Zer profesionali zuzenduta dago programa?

Parte hartzen dutenek ez dute zertan buruko patologiarik izan. Oso estres handiko egoera batean daude, eta erresilientzia gaitasun izugarria dute. Une honetan, dena ematen ari dira profesionalok, baina, egoera asko luzatzen bada eta lanean dihardutenen baldintzak ez badira hobetzen, uste dut krak egingo dutela.

Hainbat irudi eta lekukotza ikusi ditugu. Zer-nolako egoerak bizi dituzte erizainek krisi honetan?

Tentsio emozional izugarri handia dute. Pentsatu gabe jardun behar dute. Egin beharrekoak egin, eta eutsi egiten diote egoerari. Babesgabe sentitzen dira, ez baitute babesteko material nahikorik. Antolaketa moduak aldatzen dizkiete etengabe. Ezinegona sortzen da, eta emozionalki maneiatzen oso zailak diren egoerak sortzen ditu horrek. Orain eutsi egiten diote egoerari, denbora gutxi daramagulako. Aste batzuk izan dira. Hala ere, uste dut azkenean krak egingo dutela. Horregatik da garrantzitsua laguntza eskatzea ondoez psikologikoarekin lotutako sintomaren bat nabaritzen hasten direnean edo gaindituta sentitzen direnean.

Zer eskaintzen du programak?

Egungo egoeran oso zentratuta dago. Norbanakoekin zein taldeetan egiten ditugu esku hartzeak. Arazo emozionalei buruz eta egoera honetan aurkitzen dituzten arazoei buruz hitz egiten da.

Zeintzuk dira arazo horiek?

Asko dira. Lehen lerroan daudenek egoera dramatikoak ikusten dituzte: intubatuta dauden pazienteak, hiltzen direnak… Birus karga handia duten pertsonengandik gertu egoteak tentsioa areagotzen die. Lehen lerroan daudenak oso kutsatuta dauden pertsonekin ari dira lanean, eta erraz kutsa daitezke. Profesional horiek ez dute etxera itzuli nahi, familia kutsatzeko beldur direlako. Egoerok ziurgabetasuna sortzen dute.

Babesteko materiala eskatu dute. Beharrezko baliabiderik gabe lanean aritzeak are kalte handiagoa egin diezaioke pertsona horien osasun psikologikoari?

Zalantzarik gabe, bai. Dauzkazun baliabideekin ezin zaituztela kutsatu sentitzen baduzu, askoz lasaiago egingo duzu lan. Erabat babestuta zaudela jakinda, lasai ariko zara. Aitzitik, zure gorputzeko atal batzuk kutsatu badaitezke edo moduren batean birusak kutsa zaitzakeela sentitzen baduzu, larriago egingo duzu lan.

Kontuan izan behar da, gainera, dena berregituratzen ari direla: jarduteko protokoloak egunero aldatzen dituzte. Hori ere ez da erraza. Osasun langileek egunero jarraibide berriak jasotzen dituzte. Gainera, egoera honi buruzko informazioa izan beharko luketenek ez dute informazio edo ezagutza hori. Ezinezkoa da eta. Zalantza bat duzunean, dakienari galdetzen diozu, eta, argitu beharrean, esaten dizu ez dakitela zer egin behar den. Horrek babesgabetasun izugarria sortzen du. Tentsioari eutsiko diote gorputzak gehiago ezin duen arte.

Gizakia, tentsio egoeretan, zenbait fasetatik pasatzen da. Lehen fasean, gorputzak eutsi egiten du eta alerta sistema jartzen du martxan. Gero, gorputzak eusten jarraitzen du, nekea pilatu arren. Hirugarren fasean, sintomatologia psikologikoa zein fisikoa nabaritzen hasten da, ja gaindituta dagoelako.

Gaur egungoaren moduko tentsio uneetan eusteak zer-nolako ondorioak izan ditzake haiengan etorkizunean?

Ikuspegi psikologikotik, sintoma kliniko anitz gerta daitezke: egokitzeko nahasmendua, depresioa edo antsietatea; depresio motako sintomatologia sortzen da egoerari eusteko ezintasunagatik edo egoera batera moldatzeko ezintasunagatik. Horrek tristura, inpotentzia, autoestimua gutxitzea, antsietate krisiak, izu krisiak, nekea edota urduritasuna sor ditzake, eta sintomatologia somatikoa eragin; esaterako, muskuluen tentsioa.

Bestalde, traumak eragin ditzaketen egoerak ere sor daitezke. Bizipen traumatikoek, norbere izaeraren arabera, trauma baten osteko nahasmenduak sor ditzakete. Azken horiek estres egoera igaro denean agertzen dira.

Hori guztiori, ikuspegi psikiatrikoari erreparatuta. Ikuspegi fisikoari begiratuta, izan ere, infekzioa bera pairatzeko arriskuaz gain, larriagotu egin daitezke bestelako patologia batzuk: besteak beste, dermatologikoak, digestio aparatukoak, psikosomatikoak… Tentsioak gorputzeko organoetan ere eragina izan dezake eta.

Zer seinalek iradoki behar diote erizain bati laguntza psikologikoa eskatu beharko lukeela?

Lo ondo ez egitea eta atsedena ez hartzea seinaleetako batzuk izan daitezke. Baita etxera iristean laneko kontuetatik deskonektatu ezin izatea ere. Alegia, lanean gertatutakoari bueltaka jarraitzea etxean, eta kiribilean sartzea. Gertatzen ari denagatik etengabe kezkatuta badaude, etengabe pentsamendu horiek badituzte, jarrera aldatu behar dutela adierazten duten zantzuak izan daitezke. Izan ere, argi dago koronabirusarena arazo larria dela, baina baliteke lehen lerroan dauden profesionalek beste gai batzuei buruz hitz egiteko aukerarik ez izatea. Hau da, lanetik atera, etxera itzuli eta senide eta lagun guztiak deika hasten bazaizkie birusak sortu duen egoerari buruz galdezka, gai horri buruz hitz egiten jarraitu behar dute.

Seinaleak denetarikoak izan daitezke: antsietatea, nekatuegi sentitzea edo arrazoirik gabe aldarte baxua sumatzea, antsietate krisiak pairatzea, oso haserre edo urduri egotea arrazoirik gabe, edo elikadura aldatzea arrazoirik gabe eta behar bezala ez elikatzea. Sintoma horiek adierazten dute zerbait gertatzen ari dela eta hausnartu egin beharko luketela egoera hau guzti hau nola bideratzen ari diren. Dituzten baliabideak martxan jarri beharko lituzkete orduan, eta erresilientzia eskuratu, horien bidez egoera modu orekatuagoan eta eraginkorragoan bideratu ahal izateko.

Posible al da etxera iritsi eta deskonektatzea?

Osasun profesionalek ikasi behar dituzten gauzetako bat da hori. Ezin dute beste guztien arazoen ardura hartu. Oreka emozionala izan behar dute besteei ahalik eta ondoen laguntzeko. Deskonektatzen ikasi behar da, eta enpatia izaten, baina dena eman gabe.

Egoera ez da erraza…

Ez. Inoiz ez da gertatu halako krisirik. Zer pentsatua eman beharko luke. Nahiko nuke etorkizunean inbertsio gehiago egitea osasunean eta gutxiago armetan. Zorte handia izan dugu kutsakortasun izugarria izanik heriotza tasa txikia eragiten duen birus bat delako. Ebolaren moduko birus batek kutsakortasun hau balu, milioika pertsona hilko lirateke. Hau entsegu orokor bat da ikus dezagun zer gerta daitekeen kutsakortasun handiko birus bat ateratzen bada. Heriotza tasa txikia duen birus honek egoera hau sortzen badu, pentsa ebola edo antzeko batek zer eragingo lukeen.