Bizkaiko kultura ondarea, sarean zabalduta

Itxialdi egoeran herritarren aisia eta kultura gosea asetzeko asmotan, hainbat dira euren bildumak sarean erakusten ari diren museoak Bizkaian. Guggenheimek, esaterako, leiho birtual bat zabaldu du bere web orrian. Erakusketez gain, museoaren ezkutuko kontuak ere agerian utziko dituzte. Bilboko Arte Ederren Museoa, berriz, egunero obra bat jartzen hasia da sare sozialetan.

Bizkaikoa foru museoen sareko zentroak ere euren edukia sare sozialen bidez zabaltzen dabiltza azken asteotan, irudi, testu eta ikus-entzunezko ugariren bidez; etxean egiteko tailerrak ere proposatu dituzte. Facebooken, Twitterren eta Instagramen daude, besteak beste, Bizkaiko Arkeologia Museoa, Euskal Herria Museoa, Santimamiñeko kobazuloa, La Encartada museoa eta El Pobal burdinola.

Bizkaiko Batzar Nagusien lau egoitzak ere —Bilbo, Gernika-Lumo, Gerediaga eta Avellaneda— euren web orritik ezagut daitezke. Eta Bizkaiko Eliz Museoak herrialdeko elizarik ikusgarrienetarako bisita birtualak egiteko aukera eskaintzen du iglesiasdebizkaia.org webgunearen bitartez.