“Inor ez da alokairuak kontrolatzeaz arduratzen”

“Inor ez da alokairuak kontrolatzeaz arduratzen”

P. Azpillaga Diez

Koronabirusak eragindako osasun larrialdian, agintariak mota guztietako neurriak hartzen ari dira. Aurkeztutako azkenek alokairuari eta oro har etxebizitzen egoerari erantzun bat emateko helburua izan dute, baina ez lehenago eztabaida sortu gabe. Izan ere, alokairuaren inguruko neurriek hautsak harrotu dituzte, Espainiako Gobernuaren barrutik hasita. Etxebizitza merkatuaren kontrol eta erregulazio faltak “benetako neurri integralak” hartzeko oztopo direla deritzo Karlos Renedok (Bilbo, 1983), Hiritik At kooperatibako kideak. Hori azaltzeko, Bilboko hirigintza eredua izan du mintzagai.

Bilboko errealitatetik abiatuta, nola definituko zenuke alokairuen egoera?

Oro har, nik esango nuke Bilbon kontrol falta handia dagoela. Inor ez da alokairuak kontrolatzeaz arduratzen. Guztiok ezagutzen ditugu kontraturik gabe alokairuan dauden pertsonak; erabat normalizatuta dago. Administrazioek ez dute ikuskatzen jarduera hori; ez beste batzuekin egiten duten moduan, gutxienez.

Kontrolerako elementuak falta dira, beraz?

Ez du zentzurik, diru sarrera bat dagoenean eta legeak esaten duenean kontratuak egon behar direla, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan ez egotea horren kontrolik. Bai Jaurlaritzatik bai udaletatik, baliabideak jarri behar dituzte horretarako; eta ahal dute. Nola da posible legeak agintzen duenean kontratu guztiak erregistroan egon behar direla ez egotea horren ikuskaritza egiten duen inor? Ez kontratu pribatuetarako, ez alokairu turistikoetarako.

Prezioari buruz zer esan daiteke alokairuen egoeraren inguruan?

Bilbon, esaterako, indar zentrifugo bat dagoela esan genezake, hiritarrak erdigunetik kanpoko auzo eta herrietara mugiarazten dituena. Zenbat eta erdigunetik gertuago egon, orduan eta garestiagoa da alokairua. Horrek deslokalizazioa dakar. Labur esanda, jendea ezin da bere auzoan bizi. Hor bi salbuespen baino ez daude.

Zeintzuk dira?

Zazpikaleak eta Bilboko Zabalgunea. Izan ere, Bilboko etxebizitza parkea oso zaharra da oro har, eta, horrekin batera, etxe asko oso egoera txarrean daude. Horregatik, badira oso egoera prekarioan dauden eta prezioa merkeago duten etxebizitzak, Zazpikaleetan adibidez. Hortaz, bertan bizi zaitezke, baina, noski, zer baldintzatan? Askotan ez dituzte gutxienekoak ere betetzen. Horrekin, lehengo ideiara itzultzen gara: erregistro bat egongo balitz, baldintza batzuekin, ezingo litzateke etxebizitza bat edozein modutan alokatu.

Zabalkundearen egoera bestelakoa da. Abando inguruko etxebizitzak oso handiak dira, eta ez da erraza horiek alokairuaren merkatura sartzea. Horregatik pilatzen dira bertan Bilboko etxe huts gehienak.

Osasun larrialdiak zer ondorio ekarriko ditu maizterrentzat?

Jende askok ezingo dio alokairuari aurre egin. Alokairuan dauden pertsonen zati handi bat kontratu gabe ari da bizitzen, eta baita lan egiten ere. Modu prekarioan. Orduan, orain, diru sarrera barik eta kontratu beltz batekin, nola geratzen zara? Egoera oso tamalgarri batean; alokairua berdin ordaindu behar da, eta, aurrera begira, drama bat izan daiteke, batik bat gazteen errealitateari erreparatuz. Oso egoera ezegonkor batean gaude murgilduta.

Hori eragozteko hartu dira neurri batzuk…

Ezarritako politikek akordioak modu pribatuan egitera bultzatzen dituzte maizterrak eta etxejabeak. Ezin dira arazoak eremu pribatura eraman; hori ez da politika egiteko modua. Hemen, arautu beharra dago, eta guztiok betetzeko moduko erabakiak hartu behar dira. Bestela ez da arazoa konponduko, inondik inora.

Zer ondorio atera daitezke testuinguru berri honetatik?

Niretzat, bi ideia interesgarri daude. Batetik alokairuaren inguruko mugimendua berpizten ari dela. Horrek subjektu berri bat ekar dezake, orain arte etxebizitza esparruko borroka hipotekaren inguruan zentratu delako batik bat. Hori oso interesgarria da, alokairua arazo bezala mahaigaineratu delako berriz ere, eta aukera berriak zabaldu daitezkeelako.

Eta bestetik?

Administrazioak arazoari erantzun bat eman nahi izatekotan, lehenik eta behin gauza asko argitu beharko ditu. Horretarako, erregistro bat osatu edota alokairuen gainean kontrol gehiago ezarri beharko luke. Hori garrantzitsua da tresna bat ere izan daitekeelako, besteak beste, prezioak tasatzeko eta alokairuak kontrolatzeko. Etxebizitza eskubide bat bada, prezioa mugatu beharra dago. Funtzio sozial bat beteko badu, agian estatuak edo administrazioak bermatu behar du hori prezio duin edo justu batean egiten dela. Gutxienez gogoeta hori zabaldu beharra dago. Beste hainbat tokitan posible dela erakutsi dute, Berlinen esaterako. Orduan, zergatik hemen ezin dugu egin?

Posiblea al da Bilbo bezalako hiri batean udalak alokairuen gaineko halako neurriak hartzea?

Era orokor batean neurriak hartu baino lehen, jendeak egoera hori salatu beharko luke publikoki, eta arazo bat dagoela ikusarazi. Alokairuak beltzean ordaintzen badira, egoera hori salatzeko aukera dago. Gobernuek badakite hori gertatzen ari dela, eta ez dute ezer egiten. Zergatik ez da lan munduan aplikatzen den logika bera aplikatzen? Legezko alokairuentzako laguntzak baldin badaude soilik, zer gertatuko da alegalak direnekin?