Iker

Igor Elordui Etxebarria

Harkaitz Canorena da esaldiaren patentea. Egunotako batean Iker jaio behar zela esan nionean honela bota zidan: “Hara… Albiste pozgarria! Argi izpirik ez da falta inoiz! Hazten denean, semeak izango du zer kontatua: ‘Jaio nintzen, bai, pandemia baten erdian…'”. Ba, Iker pasa den astean jaio zen, martxoaren 23an, ilundiko 20:05ean Gurutzetan, Barakaldon; 3,5 kilo eta 50 zentimetro luze, eta pandemia baten erdian.

Maddi. Iker ospitalean egon zen denboran inork ezin izan zion bisitarik egin, eta Maddi, Ikerren 9 urteko arreba, ezin izan zen joan ospitalera neba jaioberria ikustera. Eta joan ahal izan balitz, ez zen joango Iker egon zen gelara, zeren eta Iker, jaio ostean, Gurutzetako bigarren solairuko jaioberrien-plantara eroan barik, hirugarren plantara eroan zuten, ordura arte gutxi erabiltzen zen ginekologia-gune batera. Larrabetzuko aitita eta amamaren etxera joan zen Maddi, eta amama eta aitita osasuntsu daudelako, eta ez direlako oso nagusiak. Maddik, hara joan zenean, ez zekien ostera noiz itzuli ahalko zen etxera, noiz ikusi ahalko zuen Iker, bere neba jaioberria. Zorionez, handik egun batzuetara Maddi etxera bueltatu ahal izan zen, eta ezagutu ahal izan zuen Iker. Orain ez da bere ondotik aldentzen. Maddi Ikerren eguneko loaren zaintzailea da.

Pili. Erizainen, erizain-laguntzaileen eta medikuen bisita baino ez zuen izan Ikerrek ospitalean. Erizainak ez asko, medikuak gutxi. Iker ezagutu zuten lehenengo pertsonetako bat Pili izan zen. Langilea. Jatorra. Berba gozo bana beti Ikerri eta haren amari. Bisitetako batean kontatu zuen Pilik bezperan behartu zituztela solairuz aldatzera, koronabirusa dela eta. Han ez daukatela ez material egokirik ez baldintza nahikorik jaioberriak eta euren amak behar dan moduan artatzeko. Baina txarrago dela beharrizan gehiago daukatenek ez edukitzea babeserako materialik. Esaterako, Piliren koinatua zirujaua da. Bada, koinatuaren taldean hamarretik seik koronabirusa dauka, eta, hori dela eta, ez dira egiten ari egin beharreko ebakuntza guztiak. Gaindituta daude. Kasik negarra irten zaio Piliri azken berbokin: “Txaloak guri? Txaloak beste batzuei, eskua zabalik. Plaust!”

Felix. Ikerren beste Erromoko aitita ez da hain gaztea, eta ez dago hain osasuntsu. 78 urte ditu, prostatako minbizia eta giltzurrunetako gaitza dauka. Alargundu zenetik bakarrik bizi da eta egunotan ezin da etxetik atera eta ezin du bisitarik jaso, arrisku larrian baitago koronabirusagatik. Aitita Felixek ez dauka Whatsappik. Horregatik, Ikerren aitak erosketak egiten dizkio eta, erosketekin batera, etxean inprimatzen dituen Ikerren argazkiak uzten dizkio ataurrean. A zer sorpresa lehenengoak ikusi zituenean, barreak eta negarrak batera ateratzen direneko poztasun horrekin. Orain sofan pilatzen ditu argazkiok, bata bestearen segidan, ilaretan, jasotako hurrenkera berean. Haien ondoan jesartzen da eta loak hartzen du, iloba besoetan hartuko duen egunarekin ametsetan.