“Hondakinei balioa emango diegu”

Eider Mugartegi

Itsas sektorearen hondakin plastikoak berrerabiltzea helburu duen proiektu aitzindaria abiarazi dute Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak eta Azaro Fundazioa Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentroak. Circularseas Europa mailako proiektuaren parte da, hiru urte iraungo du, eta 3D teknologia erabiliko dute arrantza sektoreko enpresentzako produktu jasangarriak sortzeko. Maria Txakartegi eta Blanca Lekube Azaro fundazioko eta Leartiker zentroko teknikariak dira, hurrenez hurren.

Zergatik itsas sektorea eta zergatik plastikoak?

MARIA TXAKARTEGI: Gure ezagutza hori delako. Leartiker Lea-Artibaiko zentro teknologikoa polimeroetan eta elikagaietan espezializatua dago, eta Azaro fundazioa Lea-Artibaiko garapen ekonomikoan lan egiten duen erakunde bat da. Elkarlan horrek eragin zuen proiektu hau eratzea. Bazkideak aurkitu, eta martxan hasi ginen iazko apirilean.

Helburua zein da?

M.T.: Arrantza sektorean sortzen diren plastiko denak jaso eta duten balioa ematea, eta 3D inprimaketa bidez produktuak edo osagaiak inprimatu eta berriz arrantza sektorera bueltatzea. Hor dago ekonomia zirkularraren giltzarria. Hondakinak birziklatu egiten dira, baina guk beste bizitza bat eman nahi diogu material horri, beste balio batekin, eta hori lortuko dugu 3D teknologiari esker. Arrantzako plastikoari balioa emango diogu. Itsas sektore guztia barneratzen du, gainera: arrantza eta alboko sektoreak.

BLANCA LEKUBE: Birziklatzeaz gainera, beste atal txiki bat ere badago proiektuaren barruan. Plastikozko hondakin horiek ze osagai dituzten identifikatu eta material jasangarriagoen garapena sustatzea; biodegradagarriak direnak edo oinarri biologikoa duten plastikoak, esate baterako.

Azaro eta Leartikerrez gain, nortzuek parte hartzen dute Europa mailako proiektu horretan?

M.T.: Bazkideak zortzi dira, eta sei dira nodoak: Ondarroa, Vigo (Galizia), Arroxela (Frantzia), Cork (Irlanda), Plymouth (Ingalaterra) eta Peniche (Portugal). Nodoak herrialde bakoitzean aukeratu diren portuak dira; portuak, eta inguruko guneak, askotan industria ez delako portuan bertan egoten, alboko herrietan baino.

Ondarroako nodoaren azterketa egin duzue. Zein da emaitza?

M.T.: Diagnostikoa sei nodoetan egin da, errealitate ezberdinak daude-eta nodo bakoitzean. Ondarroako sektorea hiru zatitan banatzen da. Alde batetik, arrantza —alturakoa, baxurakoa, artisautzakoa—, industria laguntzailea —saregileak, kordelgintza, kontserba fabrikak, arrain eraldatzaileak—, eta akuikultura sektorea. Bestetik, portuaren kudeaketa, eta horretan Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak du hondakin kudeaketaren ardura. Hirugarren sektorea edo aktibitate multzoa aisialdiari edo turismo aktibitateari lotuta dago. Ondarroan hori ez dago horren garatuta, eta, beraz, kontuan eduki dugu inguruko beste enpresek zer jasotzen duten, zenbat hondakin sortzen duten.

Zer hondakin sortzen da batez ere?

M.T.: Arrain kaxak, sareak, kordelak, buiak eta film papera, gehienbat. Paleten edota arrain kaxen gainean film papera joaten da. Ondarroako nodoaren bereizgarririk esanguratsuena da esportatzaile onak garela. Gure arraina gehienbat esportatu egiten da (%95), bertan eraldatu beharrean, eta film edo plastiko horiek askotan ez dira gelditzen portuan. Hondakin asko bidean sortzen dira, eta, beraz, gure diagnostikoa kaxetan eta sarean oinarritu da. Iaz 18.000 kaxa apurtu ziren, baina kaxa horiek hornitzaileei itzultzen zaizkie. Hori dela eta, hornitzailearekin ere kontaktuan jarri gara, eta hornitzaile horrek esan digu kaxa horrek itzultzearren zer edo zer ordaintzen duela. Horiekin beste kaxa mota batzuk egiten dituzte, eta beste bizitza bat ematen diete Ondarroako kaxa apurtuei. Hala eta guztiz ere, apurtzen diren kaxa horiekin beste zer gauza egin daiteken ikusi nahi dugu, baita ea kaxa horiek beste material jasangarriago batekoak izan daitezken ere.

Eta sareekin zer gertatzen da?

M.T.: Iaz hogei bat tona sare batu ziren; sare horiek alturan eta baxuran ezberdin kudeatzen dira. Baxuran, askotan bertan konpontzen dira, sare konpontzaileen bidez; alturan, berriz, sarritan ezin daitezke konpondu, sare handiak direlako, eta kanpoko sare konpontzaile batengana bidaltzen dituzte enpresek. Biekin egon gara hizketan, hondakin kudeatzaile direnekin, baita sareak konpontzen dituzten enpresekin ere. Sare konpontzaile diren enpresak bigarren bizitzarik ez duten sareak batzera joaten dira, eta sare horiei beste bizitza bat ematen dien akuikulturako enpresa bat aurkitu dute Galizian. Muskuilu haztegiak janzten eta hornitzen ditu sare horiekin. Guk ikusi nahi duguna da sare horiek zenbateraino jasangarriak diren eta zertarako erabili ahal ditugun hemen. Azken baten, Galiziakoak hurrengo batean ez ditu beharko edo beste zer edo zer aurkituko du bere premia asetzeko, eta gu hemen sortuz joango gara.

Zeintzuk pauso eman dira orain arte, eta zeintzuk emango dira hemendik aurrera?

M.T.: Testuinguru eta ekintza plan bat dauka proiektuak. Ekintza plan horretan, bazkide bakoitzak bere ardurak ditu: Leartiker da proiektu osoaren liderra, eta Azaro diagnostikoaren arduraduna. Proiektuaren lehenengo ekintza izan da diagnostikoa. Azken baten, diagnostiko bat egin behar da, eta horren bidez ikusi zer hondakin dauden, zelan kudeatzen diren, zer egiten den eta zenbat dauden. Aldi berean, ikusi behar da zeintzuk beharrizan dauden, produktu jasangarriagoen beharrizana ikusi. Hurrengo pausoa proba produktuak egitea da, eta, horretarako, Leartikerrek egingo ditu analisiak, azterketak eta materialen nahasketak. Gero, tailerretan pieza berri bilakatuko da. Orain, elkarrizketak egiten eta dauden beharrizanak zehazten ari gara. Gure modura dabiltza beste nodo guztietan ere.

B.L.: Denek Leartikerrera bidali dute; bertan egingo ditugu azterketak. Hurrengo bidaietan pentsatuko da nodo bakoitzean zer produktu egin. Bakoitzak produktu bat edukiko du garatzeko.

M.T.: Diagnostiko honetan beste batzuk zer egiten duten ere ikusten dugu, zelan egiten duten, eta ondorio batzuk atera, hobetzeko.

B.L.: Agertzen ari diren material berriak eta 3D teknologiako tendentziak ere aurreikusten ari gara, gure proiektua berrikuntzetara egokitzeko.

Sektoreak nola hartu du?

M.T.: Guk uste dugun baino inplikatuago dago, eta konturatzen dira hondakinen gaia gero eta gehiago landu behar dela. Haiek dira itsasoarekin lotura handiena daukatenak eta zaintzeko prest dauden lehenak.