“Ziur gaude guztion artean lortuko dugula egoera konpontzea”

“Ziur gaude guztion artean lortuko dugula egoera konpontzea”

Peru Azpillaga Diez

Koronabirusak goitik behera eraldatu du herritarren egunerokoa. Alerta egoeragatik bertan behera geratu dira aisialdiko eta kulturako ekitaldi guztiak, adibidez. Horren adibide dira Deustuko jaiak, martxoaren 13tik 22ra egitekoak baiziren, Bilbon. Antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten, jaiak hasteko bezperan. Nerea Cubillo Deustuko Jai Batzordeko kideak (Bilbo, 1997) azaldu duenez, “ez zen batere erabaki erraza izan”, “zor handia” pilarazi dielako, besteak beste. Halere, argi dauka “zuzen eta arduraz” jokatu dutela.

Berrogeialdia ezarri aurreko astea oso gorabeheratsua izan zen. Noiz hasi zineten planteatzen Deustuko jaiak agian atzeratu beharko zenituztela?

Denok bezala, guk ere ikusi dugu nola garatu den gaixotasuna. Aurretik ere bagenituen zalantza batzuk, baina, hasieran, aurrera jarraitzea zen plana; beste norbaitek kontrakoa esan arte, gutxienez. Asteak aurrera egin ahala, asko aldatu ziren gauzak, eta kezka zabaltzen hasi zen. Asteazkenean [martxoaren 11n] hasi behar zen muntatzen. Gure artean ados ez geundela ikusita, erabaki genuen muntatze lana bertan behera uztea eta bilera egitea.

Zer adostu zenuten?

Jende askok ez zuen segurua ikusten. Jai batzordetik haragoko taldeen iritzia ere jaso genuen, ez genuelako uste guk bakarrik hartu beharreko erabakia zenik. Ostegun goizean udaletxera joatea erabaki genuen, eta ez genuela alde egingo erantzunik jaso arte.

Zergatik nahi zenuten udalarekin hitz egin?

Pisuzko norbaitekin hitz egin nahi genuen, eta eurek esatea ea jaiak egitea posible zen edo ez. Lehenbailehen hartu behar genuen erabakia. Bestela, muntatzen jarraitu behar genuen, eta, gerora bertan behera utziz gero, diru gehiago xahutuko genuen. Txosnagunea eta agertokia muntatuta zeuden, eta ostegunean hesiak eta komunak jartzekoak ziren. Erabakia zenbat eta beranduago hartu, zor handiagoa.

Zer erantzun jaso zenuten?

Ez zizkiguten gauzak erraz jarri. Zinegotzi batekin eta bestearekin ibili ginen, eta jaiak bertan behera uzteko gomendioa eman ziguten. Baina guk ez genuen gomendio bat nahi: halako egoera larri batean erabaki irmo bat hartzea behar genuen, eta haiek erabakia gure gain uzten zuten. Alkatetzara joatea lortu genuen, baina ez zeuden, ez idazkaria eta ez alkatea. Dena den, esan ziguten udalak ezin duela halako erabakirik hartu, Jaurlaritzak egin behar zuelako, eta itxaroteko. Atera ginenean, nahiko argi genuen ez genuela jairik egingo.

Zer ondorio ditu erabakiak?

Ez da soilik aisialdi eskaintza bat bertan behera uztea: galera sakonak ekarri dizkigu zentzurik zabalenean. Jai batzordearentzako galera ekonomiko handiak ekarri ditu; azken hilabeteetan egindako lan guztia ezerezean utzi du; auzoan dugun egitasmo askotarikoena bertan behera utzi du… tristea da auzo bat jairik gabe geratzea.

Zer galdu du Deustuk?

Hasteko, orain arte inbertitutako denbora guztia. Deustukoak oso jai indartsuak dira, eta oso goiz hasten gara prestatzen. Hiru hilabete baino gehiago eman ditugu lanean, dena lotzeko. Horrekin batera, noski, dirua ere galdu dugu, eta horrek asko baldintzatuko du aurrera begirako gure jarduna. Baina, hala ere, galera sentimentala da larriena.

Zergatik dinozu hori?

Jaiak ez direlako soilik txosnagunea eta gaueko aisialdi eskaintza. Oso giro herrikoia sortzen da; eguneko ekintzek, esaterako, jende askoren arteko harremanak eragiten dituzte. Deustun egiten den egitasmorik askotarikoena eta zabalena da. Hori galtzea galera handia da auzoarentzat, bizitasun handia kentzen diolako.

Auzoan zelan jaso da erabakia?

Ez dugu denbora asko izan komentatzeko, jaiak bertan behera utzi eta berehala hasi delako berrogeialdia. Baina nostalgia handia antzeman dugu sare sozialetan. Auzokideen partetik babes itzela jaso dugu; txalotu egin dute hartutako erabakia.

Eta ekonomikoki zelan geratu zarete?

Azkenean, jaiak hasi baino egun bat lehenago utzi ditugu bertan behera. Programa guztiak inprimatuta geneuzkan, txosna guztiak muntatuta, agertokia, elektrikaria lanean… Dena zegoen prest egun horretarako. Eta kontzertuak eta txosnetako eskariak gasturik eragin gabe atzera bota ditugun arren, 11.000 euroko zorra dugu. Merkatariek ere kezkatzen gaituzte. Laguntza handia ematen digute beti, publizitatea ordainduz programan agertzeko. Orain haiek ere gaizki daude.

Kolokan dago jaien etorkizuna?

Kolpe gogorra izan da, baina baikor gaude. Hitz egin beharko da auzoko eragileekin eta pentsatu zer egin dezakegun dirua lortzeko. Zaila da aurreikuspenik egitea, ez dakigulako zenbat luzatuko den egoera hau. Dena den, ziur gaude guztion artean lortuko dugula egoera konpontzea.

Bideragarria da jaiak beste noizbait egitea, edo hurrengo urtera arte itxaron beharko da?

Udalak esan digu jaiak atzeratuz gero uda ostera arte ezingo genituela egin; beraz, ez dugu oso bideragarria ikusten. Hala ere, zeozer antolatuko dugu hurrengo jaiak baino lehen.