Tripetatik

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Hartu arnasa sudurretik sakon hiru segundoz. Ondoren, ahotik bota astiro, bost segundo. Errepikatu ariketa bera nahi beste aldiz, eta ahal dela diafragmarekin arnastu. Hitzen artean arnastea ahazten zaienetakoa naiz. Arrapaladan pentsatu eta arrapaladan esan, presaren presa naiz. Buruarekin iristen naiz lekuetara, eta handik metro batzuetara heltzen da gorputza. Sar naiteke bi metroko zabalera duen ate batetik eta besoekin atearen ertza jo. Gorputza buruari lotuta daraman horietakoa naiz.

Oraina eta etorkizuna batzen diren toki horretan bizi naizela ohartu naiz. Ez guztiz orain eta ez guztiz gero. Bizi naiz etorriko den horren antolaketan, heltzekoa den gertakaria irudikatzeko lanetan edo hilabeteko agendari begira. Gerokoak harrapa ez nazan orainaren zati bat ematen diot geroari. Eta azkenean oso gutxitan da orain, eta larregitan da gero. Eta gero ez denez orain, ba ez da ezer. Beraz, ezlekuan bizi naiz, ezerezean, lapsus batean…

Eta gurpilari buelta eta bultza ari nintzela, mundua itxi didate. Egingarri eta eginbeharrekoak zirenak desagertu egin dira eta gerokoek itxaron egin beharko dute. Pause. Agendan hiru hilabete atzera eta nire buruarekin egoteko denbora. Eskatzen nuen gelditzea, lasaitzea, niretzako astia hartzea, eta orain ez dakit nola bizi nirekin. Elkar ezagutzen ari gara. Giharretako minez esnatu naiz azken egunotan etxean kirola egiteagatik. Kirola, nik. Ba bai, eta gainera etxean, pantaila bati begira. Kirola egitea komeni dela irakurri nuen, eta egin.

Esanekoa naiz, hori ere badaukagu. Etxean gelditzeko esan ziguten eta etxean gelditu naiz. Zorioneko batzuk orain etxean gaude gero etor daitekeenari aurre egin nahian. Beste askok ez dute etxean egoterik, ezta etxetik aritzerik ere. Kexu gara etxean gaudenak auzoko bat behar baino gehiago ateratzen delako etxetik. Kexu gara supermerkatuan ez dagoelako arrautzarik. Beldur gara itxialdiak eragingo digun gose mentalaz. Mundura ematen duten bi leiho ditugu: egongelakoa eta komunikabideena. Markoa jartzen dio errealitateari leihoak eta bakoitzak bere pelikula bizi du.

Egunak badoaz, eta egun osoa etxean emateko aukera dugunok mundua noiz konponduko zain gaude. “Bizitza da handiena” esaldiarekin sinatu zuen Berbaro euskara elkarteak etxetik lan egiteko hartutako erabakia. Milioka bider testuinguru desberdinetan irakurritako esaldi hark tripak mugiarazi zizkidan. Bizitza da handiena. Heriotzaren, gaixotasunaren, prekaritatearen edota sufrimenduaren aurretik bizitza dagoela jakin beharko genuke honezkero. Ba askok ez daki, askorentzat bizitza batzuk dira handiena, ez denak.

Zenbaiten hitzak entzunda, diruak erditu gintuela dirudi. Ezin da gelditu. Ezin da eten. Ezin dena da hiltzen utzi, ezin dena da bizitza biren artean nork hil behar duen erabakiarazi. Ezin dena da baliabiderik gutxien dituena zapaldu. Ezin dena da lana txalotu eta bizitzari bizkarra eman. Ezin dena da pribilegioen atzean ezkutatu eta besaburuak altxatu. Eta hori oso orain, oso hemen eta oso tripetatik diotsuet.