“Urak diru asko mugitzen du. Askorentzat, negozio bat da”

“Urak diru asko mugitzen du. Askorentzat, negozio bat da”

N. S. O.

Ricardo Gamaza Ingurumen kazetaria eta dibulgatzailea (Sevilla, Espainia, 1971) Bizkaian izatekoa zen egunotan, uraren kudeaketari buruzko hainbat tailer emateko; baina saioak bertan behera utzi dituzte, koronabirusagatik.

Hainbat eragilek kritikatu dute Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo-Bizkaikoan integratzeak lehenengoaren pribatizazioa ekarriko lukeela. Zeintzuk kudeaketa eredu daude?

Zehaztu behar da uraren kudeaketaren gaineko eskumena udalena dela beti. Ura udalena da, eta publikoa da. Hortik abiatuta, praktikan hiru kudeaketa eredu daude: pribatua, mistoa eta publikoa. Ura giza eskubidea dela deklaratu zuen NBEk 2010ean. Ura negozio gisa hartzen duen ikuspegiaren kontrakoa da adierazpen hori. Hainbat enpresa multinazionalek jo dute uraren negoziora, negozio segurua delako. Denok behar dugu ura bizirik irauteko. Era horretan, bezeroak gatibu dituzte, eta enpresak galerak dituenean tarifak igo ditzake. Gainera, ez dago aldatzeko aukerarik, monopolioa delako.

Bizkaian nolakoa da egoera?

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa enpresa handia dago. Horrek kontrolatzen du lurraldean banatzen den uraren ia %80. Gainerako %20ari dagokionez, zenbait udalerrik era librean kudeatzen dute, edo Busturialdeko Ur Partzuergoaren barruan daude. Arazoa da eredua publikoa izan arren, irabazi asmoekin ere egin daitekeela. Kasurik nabarmenena Madrilgo Isabel II.aren kanalaren kudeaketa izan da; enpresa pribatua balitz legez kudeatu zuten.

Bilbo Bizkaia partzuergoari dagokionez, publikoa da, baina kolore bakarrekoa. Alderdi bakar batek kontrolatzen du: EAJk kontrolatzen du han egiten den guztia. Ez dago herritarren parte hartzerik. Zer gertatuko litzateke denak izango balira partzuergo handi horretako kide? Arazo nagusia litzateke parte hartzea eta gardentasuna ez liratekeela bermatuko. Arriskutsua da.

Beste arazo bat da kudeaketa ereduak ezin daitezkeela alderatu. Egun, Bizkaian aldera ditzakezue Bilbo Bizkaiko partzuergoaren eta Busturialdekoaren kudeaketak. Kontuan hartu behar da, gainera, Busturialdeak ur hargune txiki asko dituela. Sare erretikularra du, eta hornitzen duten eremutik gertuko ur hargune txikiak ditu. Hori guztia desagertu egingo litzateke, Bilbo Bizkaia partzuergoak urtegi handi batetik hartzen baitu ura. Era horretan, arrautza guztiak otzara bakarrean sartzen dituzu, eta urtegi bakar horren mende zaude.

Horrek beste arazo larri bat dakar: ura garraiatu egin behar da hornidura eremuetaraino. Kostu energetikoa handitzea ere badakar horrek. Ziurrenik tarifak igoko lituzkete, kostuak handitzea erabiltzaileek ordaindu beharko bailukete. Busturialdeko Partzuergoak ur harguneak utziko balitu, egoera atzeraezina litzateke, gainera.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ematen dituen bigarren mailako zerbitzuen %60 inguru enpresa pribatuen esku dago; negozioa egiten dute urarekin. Gardentasunarekin lotuta dago hori. Nazioarteko mapa osoan errepikatzen da egoera hori.

Uraren kudeaketa prozesuan gizartearen inplikazioaren aldeko apustua egiten duzu. Zer-nola gauza daiteke, eta zertarako?

Uraren kudeaketan aritzen diren hainbat enpresak egiten dute. Esaterako, Aguas de Cadizek, klima larrialdiaren kudeaketari begira, lehorteari buruzko parte hartze prozesu bat egin du. Enpresa publikoko goi karguek eta teknikariek zirriborro bat prestatu dute, eta gero, besteak beste, kontsumitzaileek, ekologistek eta auzo elkarteek ekarpenak egin dituzte. Oso erabaki zailak hartu behar baitira: besteak beste, zertarako kendu edo mugatu ur hornidura. Azpiegiturei buruz ere beste horrenbeste egin daiteke: uholdeak saihesteko ekaitzen tanke bat egitea komeni zaigu, ala, diru gutxi dagoenez, nahiago dugu ur bilketen sistema hobetzera bideratzea diru hori, banaketa sarean uraren %20 galtzen dugulako? Erabaki teknikoak dira, baina gizarteak ere balioztatu ditzake parte hartze sistemetan.

Gizartea jabetzen al da klima larrialdiaz?

Urari dagokionez, klima larrialdiaren adierazpena lotuta dago baliabide horren gabeziarekin. Badirudi ura denok daukagula, baina gizarte garatuetan besterik ez daukagu eskura. Ur hornidura bermatuta dugunotatik, hamarretik hiruk ez du ur horrek gutxieneko osasun baldintzak betetzen dituen bermerik edateko modukoa izateko. Klima larrialdiak eta tenperaturen gorakadak eragina izango du, gainera, horniduran eta uraren kalitatean. Murriztu egingo dira uraren kantitatea eta kalitatea.

Zer neurri hartu beharko lirateke urari dagokionez?

Ur bilketa gutxiago egin behar izateko, kontsumoa murriztu beharko litzateke. Ohiturak aldatu beharko genituzke. Enpresek ur kontsumo txikiak saritu ditzakete. Herritarrak kontzientziatu behar dira ura baliabide mugatua dela. Baliabide hidriko berriak ere bilatu behar dira. Hondakin ur araztuak zuzenean edateko erabiltzeko aukera ere aztertzen ari dira. Alegia, ur araztua naturara itzuli beharrean zuzenean sarera itzultzea, edateko ur moduan. Prebentzio neurriei ere heldu behar zaie. Jakina da lehorteak ziklikoak direla. Larrialdi kasu horiei aurre egiteko neurriak garatu behar dira. Deskarbonizazioa da landu beharreko azken erronka. Eredua aldatu behar da, energia berriztagarriak erabili behar dira. Energiarik behar ez duten ereduak ere behar dira. Iragazki berdeak deritzen araztaileak daude horretarako. Bizkaian badaude hainbat.

Uraren kudeaketa negozio bilakatu dela esango zenuke?

Bai. Urak diru asko mugitzen du. Askorentzat negozio bat da. Udal guztietan dirua ematen duen enpresa bakarra urarena da, denok behar dugun baliabide bat baita.