“Lanbidek ez du begiratzen etorkinen curriculuma”

“Lanbidek ez du begiratzen etorkinen curriculuma”

Ibai Maruri Bilbao

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar, baina, alerta egoera dela eta, Bizkaiko SOS Arrazakeria plataformak aurten ezingo du mobilizaziorik egin. Bulegoa ere itxi behar izan dutela azaldu du Cristina Guerrero plataformako kideak. “Baina arrazakeria ez dago berrogeialdian. Horregatik, une honetan zerbitzua telefonoz eta WhatsApp bidez [688-62 99 96] ematen jarraitzen dugu”.

Ezingo duzue zuen mezua kalera atera, baina salaketa hor dago: ohartarazi duzue atzerritarrak ez direla gaizkileak.

Aurtengo leloak, Ez gara kriminalak, eskubide berdintasunaren alde, estatuaren mekanismoetan gertatzen ari den jarrera arrazisten instrumentalizazioari egiten dio aipamena. Pertsona arrazializatuen eta etorkinen inguruan izaten diren jarrerek, estatuaren eta gizartearen jarrerek, oinarririk gabeko beldur bati erantzuten diote; aurreiritzietan, gezurretan edo diskurtso arrazisten normalizazioan oinarrituta daude. Pertsona arrazializatuak eta etorkinak mesfidantzaz hartzen dira hasieratik. Kriminalizatu egiten dira, eurek esandako guztiarekiko mesfidantza erakutsiz, haiek bizi diren lekuetan gehiegizko segurtasun neurriak hartuz eta aurreiritzietan oinarritutako mespretxu jarrerak erakutsiz. Beldurra, bat-batean, mespretxu bihurtzen da, eta atzerritar eta arrazializatuak gaizkile gisa tratatzen dira, ezer egin aurretik.

Urteroko kritiken jomuga Espainiako Atzerritarren Legea izaten da. Zer aldaketa behar dituela uste duzue?

Aldaketa izugarria eman behar da. Espainiako Atzerritarren Legeak legezkotasunaren mende jartzen ditu pertsonen eskubideak, eta hori oso arriskutsua da. Atzerritarren Legea da, hain zuzen ere, bizitza duina izateko eskubidea kentzen duen mekanismoa. Lasterketa bat irudikatu dezakegu, eta ikusiko dugu baldintza ezberdinak izango dituzula korrika egiteko Schengen eremuko pertsona izan edo ez. Schengen eremukoak ez direnak Atzerritarren Legearen agintepean gelditzen dira, eta zalantzan ipintzen da haien hiritartasuna. Presio psikologiko eta ekonomiko izugarria eragiten die legeak. Haiekiko estereotipoak —ez dakitela hiritartasunez bizitzen, adibidez—, gizartean sendotzen dira, eta jarrera arrazistak normalizatzen.

Hala, hemen bizitzeko lanpostu bat izan behar dute, edo bertoko batekin ezkondu behar dute. Lehenengoa zaila da berez betetzea; ikasketen balioztatzea ez da errazten, eta urte bat edo bi irauten duten ikastaroak egin behar dituzte. Horrela, hiritartasuna izateko itxaronaldiak luzatzen dira. Bien bitartean, eskubideak kenduta, baldintza ekonomikoak okerragotzen dira, eta estres psikologiko handia sortzen zaie. Hala, bost urteren inguruan, Schengen eremuko pertsona batek guztiz bete du egokitzapen denbora hori, baina Schengen eremukoa ez den pertsona oraindik lasterketaren hasieran dago. Egokitzapen prozesu hori erraztu behar da.

Espainiako Atzerritarren Bulegoan hiru hilabeteko itxaronaldiak daude gaur egun. Horrek zertan eragiten die atzerritarrei?

Hainbat arrazoigatik luzatzen dira itxaronaldiak. Lehenengo, atzerritarrak mesfidantzaz hartzen direnez, hasiera-hasieratik legeak ezarri baino agiri gehiago eskatzen dizkiete askotan, ziurtatzeko haiek esaten dutena egia dela. Lana behar dute prozesu burokratikoa betetzeko. Baina lana izateko ikastaroak egin behar dituzte. Eta ikastaroak egin ondoren ez dutenez paperik, inork ez ditu kontratatzen. Baldintza ekonomiko latzetan bizi behar dute denbora luzean, horren ondorioz; bakardadea, tristura, amorrua eta diskriminazioa sentitzen dituzte. Egoera hauek hobetzeko, gizartearen jarreretan aldaketa handia behar da.

Adibidez, arrazakeriaren inguruan hitz egiten dudanean, oso gutxitan galdetzen didate nola sentitzen den atzerriko mediku bat lanik ez egiteagatik. Lanbidek, adibidez,ez du curriculuma begiratzen; automatikoki etxeko langile, ile apaintzaile edo gidari lanak ematen dizkiete.

Etxeko langileei iruzur egitea egotzi diozue Espainiako Gizarte Segurantzari. Zergatik?

Urteak pasatu ahala, ez ditu etxeko langileen soldatak eguneratu —beste langile motekin bai—, eta, ondorioz, ez da gaurko gastuetara egokitzen. Etxeko langileen kotizazioa behar baino baxuagoa izaten ari da, eta, horren ondorioz, ez dute jasotzen amatasun, gaixotasun eta lan istripuengatik dagokien kopurua. Horrek presio handiagoa jartzen du etorkizunean jaso behar duten pentsioetan.

Koronabirusaren krisia Txinan abiatu zen. Herrialde horretatik etorritako herritarrak estigmatizatu dira?

Koronabirusa Espainara heldu zenean, albisteetan txinatar dendetan jartzen zuten arreta guztia, dendak itxiko zituzten galdetuz. Koronabirusak edozein pertsona gaixotu dezake, ez soilik txinatarrak. Txinatarrei bakarrik galdetzeak euren dendak itxiko dituzten ala ez, eta besteei ez galdetzeak, estereotipo horiek normalizatzen ditu.