Natalia Salazar Orbe
Busturialdea ez da gai ur agorraldi garaietan horniduraren beharrari erantzuteko. Ez, behintzat, emari ekologikoak errespetatuta, gaur egun dituen azpiegiturak egokitu gabe. Aspaldi antzemandako gabezia horri aurre egiteko, Urdaibai Biosfera Erreserbako Horniduraren Lurralde Ekintza Plana onartu dute aurten Busturialdeko Ur Partzuergoak, Uraren Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Planak bederatzi aukera jasotzen ditu. Bi nabarmendu dituzte: bata, Ibarrurin (Muxika) Oizeko akuiferoaren zundaketen baliabideak aprobetxatuko lituzkeena; bestea, Busturialdeko hornidura Sollubetik Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren hoditeriara konektatzea aurreikusten duena.
Azken asteotan, hainbat komunikabidek bigarrena nabarmendu dute, hori gauzatuko dutelakoan. Planak berak jasotzen du, gainera, hori dela ur falta erabat desagerrarazteko alternatiba bakarra. Hala ere, zehaztasun bat ere egiten du: “Konponbide horrek inbertsio oso handia eskatzen du, eta martxan jartzeko aukerak zenbait zalantza sortzen ditu”. Ibarruriko zundaketen baliabideak aprobetxatzea planteatzen duen alternatibari buruz, berriz, hau dio: “Arazoa erabat konpontzen ez badu ere, egoera nabarmen hobetzeko gai da, eta ohiko agorraldi bati aurre egitea ahalbidetuko du. Horrez gain, obraren kostua merkeagoa da, faseka egikaritzeko aukera ematen du, eta oso azkar jarri ahalko litzateke martxan”.
Aztertutako datuen eta ondorioen arabera, berehalakoan zein luzera begira hartu beharreko neurriak jaso dituzte planean, aurkeztutako alternatibak uztartuta. Epe laburrean, hainbat hoditeria berritu eta egokituko dituzte, eta konexio sistemak hobetuko. Epe ertainera, besteak beste, Oiz mendian ur-bilketa gehiago egingo dituzte. Gernika-Lumon, berriz, ur depositu berria egingo dute. Bukatzeko, epe luzera begirako azpiegiturak zerrendatu dituzte. Horien artean jaso dute Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren sare nagusirako konexioa egiteko azpiegitura. Atal horretan bertan aurreikusi dute, besteak beste, ponpaketa sistema bat Gernika-Lumoko edateko uren araztegian. Baita Oiz mendian ur bilketa gehiago egitea eta hoditeriak berritzeko bigarren fasea gauzatzea ere.
Plana onartuta, Urdaibain edozein azpiegitura garatu ahal izateko beharrezkoa den pauso administratiboa gainditu dutela azaldu du Batxi Aranburu Busturialdeko Ur Partzuergoko ingeniariak.
Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea izan zen 2011 eta 2015 artean; gaur egun partzuergoko Kontseilu Orokorrean dago, eta Ure Urre plataformako kidea ere bada. Plataforma hori hainbat talde ekologistak, sindikatuk eta eragilek sortu zuten Busturialdeko Ur Partzuergoa likidatu eta Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoan integratzeko aukera zabaldu zen bezain laster. Arriola partzuergoko presidentea zela onetsi zuten plana egiteko akordioa partzuergoak berak, Uraren Agentziak eta aldundiak. Orain onartu duten plana 2014an idazten hasi ziren bera dela azaldu du. “Bertan jaso dituzten lehentasunak guk beti aipatu ditugunak dira, hauek: hobekuntzak egin behar direla hoditerian. Oizeko hodietatik %40 galtzen da, Francoren garaitik berritu gabe daudelako. Horiek konponduta, galduko ez litzatekeen kopuru handi bat dago hor jada”.
Horrez gain, gogora ekarri du ohitura legez egiten den praktika bat: “Edateko ura erabiltzen da industrian eta kaleak garbitzeko. Bitxia da. Ez da egiten hemen bakarrik; denean egiten da. Ez dago kontzientziarik. Gizakiok beti pentsatu izan dugu natura menderatuko dugula, eta edozer dela posible, edonondik ekar daitekeela ura, energiarekin dena konpon daitekeela”. Egoera horiek guztiak aztertu eta beste era batera kudeatu beharko liratekeela sinetsita dago bera.
Arriolak esan du Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo Bizkaikora konektatzeko alternatiba “azken aukera gisa” aurreikusten duela planak. “Ur horniduraren berme gisa ageri da, gainera. Izan ere, energia gehien behar duen proposamena ere bada”.
Planak aukera hori jasotzearen zergatia arrazoitu du Aranburuk: “Oizko magaletik ura ekartzeak arazoaren %70 konpontzen du. Egindako azterketek agerian utzi dute horrek ez lukeela konponduko arazo osoa”. Uraren hornidura bermatu egin behar dela esan du ingeniariak. “Ez dago beste aukerarik. Ez da egon ura hartzeko beste lekurik. Horregatik planteatu da azpiegitura eginda dagoen lekura lotzea”.
Arriolak klima larrialdia ekarri du gogora —Eusko Legebiltzarrak ere iaz deklaratu zuen egoera hori—, eta “inguruko baliabideekin bizitzen” saiatu behar dela adierazi du. “Dena aldatu behar dugu: kontsumitzeko moduak, baliabideak erabiltzekoak… Dena. Bizkaitarrok motxila handia daramagu: 9,2 tona karbono dioxido isurtzen dugu per capita. Munduan 4,8 tonakoa da kopuru hori, eta Espainiako estatuan, berriz, 7koa. Horrek erakusten du gure eredua jasangaitza dela”.
Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo Bizkaikoan integratuko balitz, berak babestu duen politika ereduen guztiz kontrako norabidea hartuko litzatekeela adierazi du. “Berriro indartuko lirateke azpiegitura, ponpaketa eta energia behar handiak. Ez daukagu, ordea, guk ekoitzitako energiarik!”. Aukera horrek zer berme duen ere zalantzan jarri du: “Bizkaira kanpotik ekartzen dute ura. Hornidura hori bermea izango ote da lehortea dagoenean? Sistema hori ja defizitarioa da eta!”.