Sopelako Zipiriñe eskola leku falta konpontzear dago

Sopelako Zipiriñe eskola leku falta konpontzear dago

June Prieto

Ikasleen guraso elkarteak zortzi urte baino gehiago daramatza Sopelako Zipiriñe eskola publikoko leku arazoak salatzen. Aurten egoeraren larritasunak gora egin duela ohartarazi dute: jantokian ume guztientzako lekurik ez, eta zerbitzurik gabe geratuko direla hainbat ikasle. Horri aurre egiteko, 700 familia baino gehiago kalera atera ziren duela bi aste, Eskola berria orain lelopean. Martxoaren 3an bildu ziren Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin, eta, bertan, arazoa aitortu zuten, eta konponbide bat bilatzeko pausoak zehaztu zituzten. Orain, udalak erabaki beharko du Jaurlaritzari zein proiektu aurkeztu.

Zipiriñeko Guraso Elkarteko kidea da Izaro Iribar, eta baikor agertu da abiatutako prozesuarekin: “Duela urtebete baino hobeto gaude gaur, baina erabakiak berandu datoz. Gure umeak jada badaude ondorioak jasaten, eta ez dugu onartuko aldi baterako partxe gehiago”. Partxeak duela bi urte jarritako barrakoiak dira, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak 40 gelarako prestatuta zegoen eskolan 44 jarri behar zirela agindu zuen, eta, ondorioz ,hainbat gune galdu izan zituzten; musika gela eta balio anitzeko gela, besteak beste. Eraikinaren kanpoko aldean kokatutako bi barrakoietan daude orain horietako batzuk.

Ikasturte honetan 925 ume matrikulatu dira, eta, Iribarrek azaldu duenez, eskolak ez dauka behar guztiei erantzuteko gaitasunik. “Gabezia asko daude umeen hezkuntzan eragin zuzena dutenak, ume guzti hauentzako soilik dago gimnasio bat, psikomotrizitate gela bat eta informatika gela bat 15 ordenagailurekin. Ez dago musika gelarik, ezta laborategirik ere, eta euria egiten duenean umeak pilatuta egoten dira”.

Aurten, jantokiaren arazoa ere azaleratu da, eta familien egunerokotasuna baldintzatuko duela azaldu du guraso elkarteko kideak. “Ume gehienek eskatzen dute jantokiko zerbitzua, eta Eusko Jaurlaritzatik ez bada konponbiderik ematen, eskolak baremazio bat egin beharko du, hau da, ume batzuk zerbitzutik kanpo geratuko dira”.

Arazo horiek guztiek konpontzeko, Eusko Jaurlaritzara jo izan dute maiz, baina jaso dituzten erantzunak ez dira Sopelako errealitatearekin bat etorri. “Orain arte egoera anomaloa zela esaten egon dira, baina egoera da herria pilo bat hazi dela eta etxebizitza berri asko egin dituztela”.

Herria hazi eta hazi

Iribarrek kontatu duenez, alkateak berak onartu du etxebizitza gehiago egiteko aurreproiektuak onartu direla. “Familia osatuak dira etortzen direnak eta eskola publikoaren hautua egiten ari dira; hori pozgarria izan beharko litzateke administrazioentzat. Baina, horretarako baliabideak jarri behar dira”. Beraz, arazoa ez da ikasle kopurua hiru urteko geletan bakarrik igo dela, baizik eta beste mailatan ere nabaritzen da. “Aurreikusi daiteke egoera ez dela bere kaxa onera etorriko”. Duela bi asteko batzarrean Jaurlaritzaren jarrera aldatu zela azaldu du Iribarrek: “Orain, badirudi behintzat arazoa ikusten dutela”.

Batzarrean aurreikusi dute hilabete honetan bertan 2019/2013 Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan sartu ahalko dela Zipiriñe eskolaren handitze proiektua, baina udalaren proposamenaren zain geratu dira. “Familiak kalera ateratzen jarraituko dugu plan horretan Zipiriñeren izena ikusi arte. Esandako hitzak bete arte”.

Proiektu bat baino, lurzoru bat da Jaurlaritzak behar duena, eta, hain zuzen, hori adostuko dute martxoaren 25ean eskolako zuzendaritzak eta herriko alderdi politikoek egingo duten bileran. Egun Euzko Alderdi Jeltzalea, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Denok Batera (DB-TU) alderdiek aurkeztuko dute bakoitzak bere proiektua, eta bertan erabakiko dute Jaurlaritzari denak aurkeztea edo bateratu bat. “Aurreko udal hauteskundeak eta gero aldaketa bat nabaritu dugu, interes bat. Gainera ez bakarrik udalaren aldetik, baizik eta alderdi guztien aldetik, eta ulertu dute gure arazoa herri osoarena dela eta politikaz harago doala”, azaldu du. Horren ondorioz, duela urtebete, hezkuntza mahai bat sortu zuten herrian; bertan guraso elkartea, alderdi politikoak eta eskolako zuzendaritza batzen dira. “Egon gara hitz egiten zeintzuk diren premia eta irizpide egokiak: kanpoko aldea edo barnekoa handitzea, eskola herrigunean egotea edo periferian eskola handiagoa… Espero dugu alderdiek aurkeztuko dituzten proiektuetan gure eskariak kontuan hartuko dituztela”.

Alderdien proiektuak

EH Bildu bigarren eraikin bat eraikitzearen alde dago, eta baita Elkarrekin Podemos ere. Denok Batera alderdiak, ordea, eskolako hainbat ziklo Ibarre institutura eramatea proposatu du. EAJk oraindik ez du proposamena zehaztu, baina bileraren egunerako prest edukiko duela azaldu du.

Egoeraren konponbidea zein izango den jakitea denbora kontua izango da, baina Zipiriñeko guraso elkarteko kideak argi dauka ez dutela etsiko, eta eskaerak egiten eta kalera ateratzen jarraituko dutela, konponbidea ahalik eta epe motzenean topatu dadin. “Jendea gero eta kontzientziatuago dago, eta hori herriarentzat itzela da”.