Mendia eta euskara, batera

Ibai Maruri Bilbao

Zaletasun bi uztartu nahi izan dituzte Lemoizen: mendia eta euskara. Mendira txangoak egiten atsegin duen lagun talde batek Etzandarri mendi taldea sortu zuen duela bost urte. Haiekin mendira joateko, baldintza bakarra bete behar da: ostera osoan euskaraz hitz egitea. “Helburua kirola sustatzea da, batez ere gure inguruko ume, gazte eta helduen artean. Eta euskaraz, noski. Biak batera: mendia eta euskara. Izan ere, ikusten genuen gure inguruan aukera gutxi dagoela kirola taldean egiteko, eta are gutxiago euskaraz egin nahi baldin baduzu”, azaldu du Marian Gaztañagak.

Etzandarri Lemoizko mendi bat da. Armintzan dago, itsasertzean. “Ez da altua [209 metro], baina oso polita da. Itsasoa ikusten da, eta itsasotik ikusteko ere oso polita da. Amildegia dauka itsasora. Guretzat berezia da; asko estimatzen dugu, eta elkartearen ikur bihurtu dugu”. Ikur, eta izen. Bere bikotekide Josu Alberdik eta biek ipini zuten martxan mendizale taldea. “Hasieran ez genekien zer egitura eman. Pentsatu genuen aproposa izan zitekeela elkarte bat sortzea; kide boluntarioz osatutako elkarte bat”. Hala, Etzandarrik antolatzen dituen mendi irteeretara joateko ez da elkarteko bazkide egin behar: nahikoa da parte hartuko dela jakinaraztea intereseko txango bat antolatzen dutenean. Azken batean, mendizale euskaldunen hileroko topaguneak dira Etzandarri, uztailean eta abuztuan izan ezik, urteko hilabete guztietan izaten baitute irteeraren bat.

Martxokoa, berbarako, 22an izango da, domekaz, eta Aiaraldera joango dira, Arabara: Bagatza (563 metro) eta Eskorieta (642) mendiak bisitatuko dituzte. Apirilean, Lekandara joango dira; maiatzean, Baiora eta Mirutegira (Araba); ekainean, Burbonara (Araba); irailean, Albertiara eta Isuskitzara (Bizkaia); urrian, Kolitzara (Bizkaia); azaroan, Pico del Carlistara (Kantabria); eta abenduan, herrian bertan ibiliko dira, Lularri eta Etzandarri inguruan. “Bizkaian ibiltzen gara gehienbat, Araban ere bai. Kantabriara eta Gipuzkoara ere joan izan gara noiz edo noiz. Eguna pasatzera irteten garenez, ez gara urrunera joaten; etxetik ordubetera ditugun lekuetara joaten gara”. Autoz joaten dira aukeratu dituzten lekuetara.

Webgunea ere badute, eta, urtea bukatzen denean, hurrengo urteko irteera guztien egutegia eskegitzen dute. Horretaz gainera, irteera eguna hurbildu ahala, kartelak ipintzen dituzte herrian eta inguruetan. Eta aurretik parte hartu izan dutenei ere pasatzen diete abisua, izena eman nahiko balute ere. “Ez dute berriz etortzeko konpromisorik”.

Hasieran, euren alaben lagunen artean zabaldu zuten elkartearen berri, eskolako gurasoen artean. Ondoren, eskualde mailan ere ezagutarazi gura izan dute euren burua; Uribe Kostako Hiruka aldizkaria erabili dute euren irteeren berri emateko. Ahoz aho ere asko zabaldu direla nabarmendu du.

Txangoren batera joan gura duenak etzandarri@gmail.com helbidera edo webgunean ageri den WhatsApp zenbakira idatzita eman behar du izena. Heldu, gazte eta ume, normalean 10-15 lagun biltzen direla esan du, baina izan dira hogei elkartu diren txangoak ere.

Umeen neurrikoa

Gaztañagak azaldu du euren irteerak egiteko mendira joateko ohitura eduki behar dela: “Ez da paseo bat; mendia beti da mendia”. Dena den, zehaztu du ez direla mendi gogorrak izaten, umeekin ere joateko modukoak izan behar dutelako. “Dena den, umeek beti izaten dute mendian ibiltzeko bizitasun fisiko hori; oso gogorrak dira”. Adibide bi ipini ditu, zailtasuna erakusteko: “Gorbeian egon gara, baina Anboton ez, teknikoki zailagoa delako umeekin joateko”. Eurek prestatzen dituzte irteerak, eta eurek egiten dituzte gidari lanak txangoak irauten duen bitartean. Taldeko kideek ez dute asegururik kontratatzen; beraz, nor bere segurtasunaren arduraduna da.

Gaztañagak argitu du ez dutela euskara mailarik eskatzen eurekin joateko. “Euskara ulertzeko gai izan behar dute, eta hitz egingo duten guztia euskaraz egiteko konpromisoa hartu behar dute. Gure arteko komunikazio guztia euskaraz egiten dugu”. Webgunea ere euskara hutsean daukate. Egutegiaz gain, aurretik egindako irteeren kronikak ere irakur daitezke. Eta umeen argazki lehiaketako argazkiak ikusi.