Haizea Martiartu: “Disko osoa lotzen duen haria euskal musika herrikoia da”

Haizea Martiartu: “Disko osoa lotzen duen haria euskal musika herrikoia da”

Eider Mugartegi

Saxofoi jotzailea, moldatzailea eta konpositorea da Haizea Martiartu (Markina-Xemein, 1991). Bere musika ibilbidea Bartzelonan hasi zuen, Taller de Musicsen ikasten hasi zenean, eta, ondoren, Esmuc-en (Escola Superior de Musica de Catalunya) osatu zuen. Urte horietan guztietan, jazzaren eta musika modernoaren eszenan jardun du, formatu txikietan eta baita Big Band handietan ere parte hartuz. Talde horien artean, Fermin Muguruza, Andrea Motis, Jorge Pardo, Nina eta Susana Sheiman artistekin egin du lan, eta hainbat agertokitatik eta jazzalditatik igaro da. Orain, berriz, bere lehen diskoa kaleratzea erabaki du, lan pertsonalago bat.

Nola sortu zen Folketik Jazzera Ensemble proiektua?

Proiektua orain dela bi urte hasi nuen, Esmuc-eko azken ikasturtean. Justu, ikasketa amaierako kontzertua prestatzen nengoen, eta, konposatzen ari nintzela, konturatu nintzen euskal musikak, bai folkak eta bai tradizionalak, eragin handia zeukala nire jotzeko eta konposatzeko moduan. Eta hori guztia hartu eta Folketik Jazzera Ensemble-ren moduko proiektu bat egitea pentsatu nuen. Nire herriko musika folklorikoari omenaldia egin nahi nion; hau da, Euskal Herriko kantutegi herrikoia jazz begirada batetik berrinterpretatu.

Proiektu horretan ez zaude bakarrik. Nola osatu zenuen taldea?

Taldea nahiko handia da jazz talde bat izateko. Esan daiteke ensemble bat dela eta ez ohiko jazz laukote bat. Niretzat, disko honetan, konposizioa oso garrantzitsua zen, eta, horrenbeste instrumentu edukita, kolore gehiagorekin eta konposaketa teknika askorekin jokatu ahal nuen. Ez da orkestra handi bat, baina ezta talde txiki bat ere, eta horrek ematen dizkidan aukerak aprobetxatzea izan da talde handiago bat eratzeko arrazoia. Haizezko musika tresna dezente gara; bederatzi musikarik osatzen dute Folketik Jazzera Ensemble, eta guztiek, bakarka eta taldeka, bere izaera pertsonala ematen diote bandari.

Eta orain diskoa aterako duzue. Zer-nolako musika izango du oinarri?

Proiektuak euskal abesti herrikoiak berrinterpretatzea du ardatz, euskal kanta ezagunak. Horrela, errepertorioan Aldapeko, Aita-semeak, Txoria txori eta halako abestiak daude. Martxoan grabatuko dugu diskoa, Bartzelonan, eta ekainerako kalean egotea espero dut. Aurretik beste proiektu batzuetan parte hartu dut, beste batzuekin grabatu ditut diskoak, baina hau da nire konposaketekin egiten dudan lehen diskoa, eta, horregatik, nahiko berezia eta pertsonala da.

Zergatik aukeratu dituzu kanta horiek?

Aukeratu ditudan kantak, azken finean, gazte nintzenean nire inguruan entzuten zirenak dira, euskal kulturan ezagunak diren kantak.

Konposizio propioak ere barneratuko dituzu.

Euskal folklorearen sonoritateetan oinarritutako konposizio propioak ere gehitu ditut, Zortzikoa-ren moduko erritmoak eta herri dantzak gogorarazten dituzten melodiak inspirazio gisa hartuta. Gutxienez bi kanta propio daude, eta, nahiz eta konposizio propioak izan, kanta horiek ere euskal musika dute oinarri. Izan ere, disko osoa lotzen duen haria euskal musika herrikoia da, baina nire ikuspuntu pertsonaletik interpretatuta.

Zenbat doinu izango dira guztira?

Diskoak zortzi kanta edukiko ditu guztira; zortzi kanta horietatik zazpi bederatzikotean egin dira, eta bat laukotean.

Diskoa finantzaketa kolektibo bidez finantzatzea erabaki duzu.

Diskoa grabatzeko crowdfunding kanpaina bat egitea erabaki dut, disko bat argitaratzeak dakarren gastu ekonomiko handiari aurre egiteko. Zoritxarrez, gaur egun dagoen panorama kulturala ez da aproposena, eta pentsatu nuen ideia ezin hobea zela crowdfunding bidez proiektu hau aurrera ateratzea. Nire inguruko jende askok erabili izan du bide hori, eta ondo atera zaie, eta pentsatu nuen ideia ona izango zela kanpaina bat zabaltzea, lan hau ezagutzera emateko. Crowdfunding kanpaina Verkami plataformaren bidez egingo dugu. Martxo osoan eta apirilaren hasieran egongo da zabalik, eta 40 egun iraungo du guztira. Lagundu nahi duenak nahi duen beste diru jarri dezake, kopuru txikiagoa edo handiago izan daiteke, eta dohaintzen arabera, saria jaso dezake: diskoaren deskarga digitala, CD fisikoa, kontzerturako sarrerak eta abar. Verkami plataformak aukera ematen du diskoa aurretiaz erosteko, eta, era horretan, proiektua finantzatzea eta aurrera ateratzea ahalbidetzen du. Guretzat, laguntza handia da. Kanpainaren helburua 2.000 eurora heltzea da. Zenbateko horretara helduz gero, diru hori jasoko dut proiektua finantzatu ahal izateko; ez banaiz heltzen zenbateko horretara, ez dut dirurik jasoko. Hala ere, kopuru hori ez da izango nahikoa disko osoa ordaintzeko, nik ere diru gehiago jarri beharko dut, baina, helburu horretara helduz gero, gauza asko ordaindu ahal izango ditut.

Non grabatuko duzue diskoa, eta zeinekin?

Grabazioa martxo amaieran egingo dugu, Bartzelonako Underpool estudioan; apirilean eta maiatzean, kantak editatzen eta masterizatzen egongo naiz, soinu teknikariarekin. Behin dena grabatuta, diskoa fabrikara eraman, eta espero dut ekainaren hasierarako CDak kalean egotea. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bidez kaleratuko dut diskoa. Diskoetxe euskaldun horrek jazz estiloko disko asko argitaratu ditu. Crowdfunding-eko dirua estudio orduak eta teknikaria, diskoa posible egin duten musikariak eta diskoaren diseinua eta fabrikazioa ordaintzeko erabiliko dut.

Zure lehen diskoa izango da; zelan animatu zara egitera?

Esperientzia eta konposatzeko gogo eta sentimendu hauek guztiak islatzeaz gain, gogo handia nuen nire sustraietara itzultzeko. Omenaldi pertsonal bat egin nahi nion, maitasun guztiarekin, euskal kulturari eta inguratu nauen musikari.

Diskoa kaleratutakoan, kontzertuak emateko asmoa daukazu?

Behin diskoa aterata, espero dut Bartzelonan eta Euskal Herri aldean kontzertuak ematea. Laster jakinaraziko ditugu datak.

Kanpainarekin bat, lehenengo bideoklipa ere aterako duzu. Zelan egin duzue grabaketa?

Kanpaina abiarazteaz gain bideoklip batzuk grabatu ditugu. Bideo horiek estudioan zuzenean kamerekin grabatutakoak dira. Oso pozik nago emaitzarekin, eta pixkanaka-pixkanaka Youtuben argitaratzen hasiko naiz. Hiru bideo dira, eta, hiru kamera profesionalen laguntzarekin, oso bideo politak atera dira. Horri esker ikusi daiteke zelan eta non grabatu ditugun diskoko kanta guztiak.