Peru Azpillaga Diez
“Eredu kapitalistari aurre egiteko, alternatiba erreal bat da KoopFabrika”. 2017an sortu zen egitasmoa: ekonomia sozialean eta solidarioan oinarritutako ekintzailetza eredu bat sustatzea du helburu, eta martxan da Bizkaian. “Eredu bat sustatzeko egitasmoa da, ez da ekintzailetzako edozein progama; KoopFabrika ekonomia sozialaren eta solidarioaren bidean proiektuak edota entitateak sustatzeko dinamika bat da”, argitu du Blanca Boix Bizkaiko KoopFabrikako koordinatzaileak.
EAEko Reas-ek eta Olatukoop elkarteak eratutako egitasmo bat da. “Horiek dira Euskal Herrian ekonomia sozial eta solidarioa sustatzen duten bi sare nagusiak”, zehaztu du Boixek. Azaldu duenez, Euskal Herrian baziren eredu ekonomiko horrekin lanean ziharduten entitate asko. “Hala ere, interesgarria iruditu zitzaigun indarra jartzea sortzen diren enpresa berriak ere eredu kooperatibista sozial eta solidarioari lotzeko”. Horretarako sortu zuten Kooperatiben Fabrika programa: proiektu profesional eta ekinbide sozioekonomikoak martxan jartzen laguntzeko.
Boixek azaldu duenez, beste ekintzailetza eredu bat jartzen du erdigunean ekintzailetza sozial kooperatiboak: “Komunitatearen beharretatik abiatu, eta komunitatean saretzen da; autoeraketan oinarritutako eredu demokratikoa da, eta, proiektuaren bideragarritasunaz gain, bizigarritasuna ere hartzen du kontuan”.
Bide horretan, aurten laugarrenez eskainiko ditu formakuntza saioak; eta lehenbizikoz Bizkaian, Bilbon. “Lankidetzan sorturiko programa da KoopFabrika, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena”: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, EAEko Reas sarea, Bagara, EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Momentu, Worklan edota Grupo SSI. “Guztiek ez dute era beran parte hartzen, guk eredua esportatzen dugu eta tokian-tokian aliatu konkretuak bilatu”, adierazi du Boixek.
Hiru ardatzeko programa
KoopFabrikak eskaintzen dituen formakuntza saioek hiru ildo nagusi dituzte: fabrika formakuntza, fabrika tutoretza eta saretzea. “Fabrika tutoretza lau saioz osatuta dago, eta itxiak dira denak; hau da, izena ematen duten proiektuek soilik hartu dezakete parte”. Saio horietan ekintzailetzako programa batek izango lituzkeen gaiak jorratzen direla esplikatu du Boixek. “Baina betiere gure balio eta ekonomia ereduarekin uztartuta”. Honako saio hauek osatuko dute programa: Negozio eredua, Bideragarritasuna eta finantzaketa, Komunikazio plana eta tramiteak, eta Proiektuen aurkezpenak. Horietan parte hartzen duen proiektu orok, gainera, tutore bat izango du laguntzeko.
Fabrika formakuntzak, ostera, zortzi saio ditu, eta horietako batzuk irekiak dira. “Konturatu gara badaudela interes orokorra eragiten duten gai batzuk; adibidez, komunikazio estrategikoa”, azaldu du Boixek. “Nola egin daiteke komunikazio lanketa bat super kapitalista izan gabe edota kontsumismoa bultzatu gabe? Orduan, sendotutako enpresa bat izan arren, formakuntza hori ere interesgarria iruditu dakioke edozeini”, erantsi du. Formakuntza horren azken saioa irabazirik gabeko kooperatiba bat sortzera egongo da bideratuta. KoopFabrikatik bultzatzen duten eredua dela dio Boixek: “Horrek ez du esan nahi ezinbestean horrela amaitu behar denik. Badakigu proiektu askok ez dutela kooperatiba forma hartuko, baina uste dugu garrantzitsua dela ere ekintzailetza era kritiko batean aztertzea”.
Hirugarren oina proiektuen arteko saretzea da. “Zati hori oso zentratuta dago proiektuak elkarren artean konektatzera eta elkarren ezagutza sustatzera”. Boixek kontatu duenez, lehenengo saioan jada sinergia batzuk sortu ziren zenbait proiektuetako kideen artean. Horrekin batera, ekintzaileen artean sareak sortzeaz gain, jada ekonomia sozialean lanean dauden entitate eta proiektuekin konektatzea ere funtsezkotzat jo du. “Asmoa ez da zortzi saioko programa soil batean gelditzea, non gero agur esaten diogun elkarri; baizik eta gerorako saretze hori sortzea”.
Aurten lehenengo urtea izanik, eskaintza egokitzen ari direla esan du, toki bakoitzean hartzailea mota zehatz batekoa delako. Jada martxan dagoen programan 23 proiektu ari dira parte hartzen, eta egindako saio irekietan ere harrera “oso ona” izan dela azpimarratu du Boixek. Horrekin batera, etorkizunean eskaintza zabaltzea espero dute. Dena den, orain arte, Gipuzkoan garatutako programekin dauden aldeak ere nabarmendu ditu: “Baldintzak erabat desberdinak dira. Gipuzkoan, adibidez, herrikotasun handia dagoela esan genezake, baita Donostian ere; Bilbon, berriz, beste era bateko errealitate bat dugu”. Horregatik, hartzaileen profiletara egokitzeko moldatu behar izan dituzte saioak, hizkuntzatik hasiz: “Estrategia bat baino gehiago prestatu ditugu, KoopFabrikatik; esaterako, apustu garrantzitsua egin izan dugu beti dena euskaraz egitearen alde, eta Bilboko saioak, gazteleraz egitea erabaki dugu”. Aldaketa hori argudiatu du Boixek: “Bizkaiko kideek, Reas, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Worklan… lan asko egiten dute migranteekin, eta gainera enpleagagarritasun inklusiboaren ideia txeratzea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun”.
Ideiak materializatuz
KoopFabrikaren formakuntza saioetan, sektore eta lan lerro askotako proiektuek hartu dezakete parte, eta, horregatik, ideia askotarikoak dituzten pertsonak bildu dituzte: elikagaien banaketatik hasita, gizarte langintzaraino. Besteak beste, Xabier Elbira eta Cristina Busto dira lehenengo formakuntza programa honetan izena eman duten bi ekintzaile. Biek ala biek, “gogotsu” ekin diote saioei, eta “biziki” espero dute, bertan jasotako jakintzekin, haien proiektua egikaritzeko aukerak izango dituztela.
Ez Zara Ines Andrea izeneko argitaletxe, liburu denda eta kooperazio gunea sortzea da Elbiraren asmoa. Beste bi kiderekin batera abiatu du proiektua; feminismoa eta euskara izango ditu oinarri. “Badugu webgune bat martxan, eta ikastaroak ikusi genituenean pentsatu genuen guretzat oso aproposak zirela; azken finean, gure proiektuak oinarri ideologiko sendo batzuk dituelako eta ekintzailetza eredu honek, horiekin bat egiten duelako”, azaldu du Elbirak. Programari esker, batez ere, orain arte buruan izandako ideia gauzatzeko tresnak lortuko dituztela uste du, forma eman eta praktikara eraman ahal izateko. “Guk argi ditugu gure asmoak, bai eta zer motatako eredu baten alde gauden. KoopFabrikak hori gauzatzeko aukera ematen digu”, nabarmendu du.
Hasieran “espektatiba handirik” izan ez arren, behin programa abiatuta “oso gogotsu” daudela ziurtatu du Elbirak, eta , ondo bidean, iraila aldera egitasmoa gauzatu dezaketela deritzo. “Hau gizartearentzako proiektu bat da, guk sortua baina gizarteari eskainia; guk ez dugu aberastu nahi, gizartea eraldatu baizik. Eta, alde horretatik, proiektu honek ekarpena egin dezakeela uste dugu. Era berean bizitza aurrera ateratzeko aukera emanez”, adierazi du.
Bustoren egitasmoak, ordea, ez du zer ikusirik Elbirak eta haren kideek planteatzen duten proiektuarekin. Hala ere, berak ere erabaki du KoopFabrikaren programan izena ematea. CoBizi du izena bere proiektuak eta etxebizitza partekatzeko helburua du. “Babesgabetasun ekonomikoa edota emozionala duten pertsonak konektatzean datza. Bakarrik dauden horiei etxe berriak sortzen laguntzeko programa da”, esplikatu du. “Horrela, egoera hori gainditzeaz gain, gastuak ere murriztu ahalko dituzte”.
Antzekoak diren pertsonak konektatzea da CoBiziren asmoa, “izan adinagatik, izaeragatik, afizioengatik edota dena delakoagatik”. Era horretan, bizitza soziala galdu duten pertsonei hori berreskuratzeko aukera eskaini nahi die. “Hasieran, adineko pertsonei zuzenduta zegoen, baina elkarteekin eta udalekin hitz egin ostean, bakardadearen auziak jende gehiagori eragiten diola ikusi, eta zabaltzea erabaki dut”.
Bustok jakinarazi duenez, beste ekintzaile programa batzuetan ere badabil. “KoopFabrikak bestelako eskaintza bat egiten du, eta, batez ere, beste proiektuak ezagutzeko eta haiekin sinergiak osatzeko aukera izatea iruditu zait garrantzitsuena”. Lehenengo saioa egin ostean, “oso pozik” dagoela erantsi du, “benetan baliagarria” izan dela uste duelako. “Motza eta baliagarria da. Niri funtsezkoa iruditzen zait prozesu guztian zehar laguntzen eta aholkuak ematen dagoen norbait eduki ahal izatea”.