Bezeroekin egoteko eguna

Bezeroekin egoteko eguna

Ibai Maruri Bilbao

“Egun berezia da guretzat. Herriari gure lanaren fruitua erakusten diogu”, azaldu du Asier Alzibar-Aritxuluaga Abiok, Bakioko Abio txakolindegiko ugazabak. “Jai eguna da, baina baita lehengo harreman ofiziala ere, aurrez aurrekoa, inguruko txakolin zale guztiekin”, gehitu du Zabalaga txakolindegiko buru Iratxe Eguzkizagak. Jaietako egun handian, datorren martxoaren 19an, Bakioko txakolin ekoizleek 2019ko uzta aurkeztuko dute, San Jose eguneko azokan egingo duten ekitaldian.

Alzibar-Aritxuluagak aitortu du urduritasun apur bat sentitzen dutela jaien atarian. “Norbere lanaren emaitza jendeari erakusteak beti eragiten du zerbait”. Baina, era berean, “seguru” sentitzen da: “Txakolin ona egiten dugu. Badakigu jendeari gustatuko zaiona. Txakolin txarra egiten baduzu, jai duzu”. Eguzkizagak ere badu konfiantza hori: “Aurtengoak badu fruitua, badu bizitasuna. Eta jatorri izenekoek egindako dastatzeetan oso nota ona atera dugu; badakigu kalitate oneko txakolina duguna”. Alzibar-Aritxuluagaren esanetan, San Jose eguneko aurkezpenean txakolin zaleak gustura utziz gero, haietako asko gero etxera joango zaizkie erostera.

Gehiago dira herrian txakolina ekoizten dutenak; hau da, mahastiak eduki eta etxeko kontsumorako edo lagunartean banatzeko txakolina egiten dutenak. Baina historikoki ardo mota honi hain estu lotuta egon den Barkion gaur egun Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko hiru upategi baino ez dira geratzen: Abio, Zabala eta Doniene Gorrondona. Horiek dira Bakioko azken upategi profesionalak.

Herriko upategi guztiak familiako negozioak dira. Abioren kasuan, Alzibar-Aritxuluagaren aitita hasi zen txakolina ekoizten; gero osaba batek hartu zion lekukoa, eta orain bera dabil lehengusu batekin. Eguzkizaga, berriz, Zabala txakolina egiten duen laugarren belaunaldia da. Biek ohartarazi dute ofizio “gogorra” dutela. Eguzkizaga: “Jaiarekin, turismoarekin eta tabernekin lotzen da txakolina. Baina urte osoan gogor behar egitea eskatzen du. Lan hau asko gustatu behar da honetan ibiltzeko”. Ez batak ez besteak ez dute oso argi euren upategiek luze iraungo duten; duda egiten dute lekukoa hartuko dienik izango duten. Ados txakolina egiten zuen Bakioko Basarte baserrikoek ere oraintsu utzi diote txakolina egiteari, nahiz eta mahastiei eusten dieten: beste upategi bati saltzen diote mahatsa orain.

Produktuarekin gustura

Bakioko ekoizleak pozik daude aurtengo uztarekin. Aurreko urteko kolpe latzari buelta emateko gai izan dira. “2018koa eskasa izan zen, mildiu onddoak gogor eragin ziolako. 47 urte ditut, eta ez dut halako urterik ezagutu. Kopuru aldetik oso urte txarra izan zen. Eskerrak kalitate bikaineko txakolina egin genuen”, azaldu du Alzibar-Aritxuluagak. Eguzkizagak aitortu du itxaropen handiagoak zituztela aurtengo uztarako: “Gure artean berba eginda, denok gauza bera uste dugu: litro gehiago espero genituen. Uda sikua izan zen, eta, mahats kopuru polita bildu arren, muztio gutxi zuten. Mahats gehiago beharko genituen nahi genuen litro kopurua lortzeko”.

Abio txakolindegian ia 60.000 litro ekoitzi dituzte: 59.000 litro txakolin zuri, 240 gorri eta 300 beltz. “Gehien kontsumitzen dena duda barik zuria da, baina Bakiok gorriagatik du fama, eta gustatzen zaigu oraindik ere gorria ekoiztea. Gorria eta beltza, biak ekoizten ditugu, gutxi bada ere, mahatsondo zaharrei esker”, kontatu du Alzibar-Aritxuluagak. Zabalan, 14.000 litro zuri eta 400 beltz ekoitzi dituzte. Azkenik, Doniene Gorrondona upategikoek 68.000 litro zuri, 6.500 beltz eta 5.000 txakolin berezi —barrikan ondua eta aparduna— ekoitzi dituzte. Guztira, 153.440 txakolin litro merkaturatuko dituzte Bakioko hiru upategiek.

Txorierrin, apirilaren 5ean

Larrabetzun tradizio bihurtu da Txorierriko txakolin ekoizleen uzta berria aurkezteko azoka. 2001. urtean hasi ziren Txorierriko Txakolin Eguna antolatzen, eskualdean dauden Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko kide diren upategien ekoizpena ezagutarazteko. Zortzi dira guztira. Aurtengo azoka apirilaren 5ean egingo da, domekaz. Aurretik, martxoaren 22an, Enkarterriko bost ekoizleek postuak izango dituzte Gueñeseko sanjoseetako ganadu ferian.

Izaera atlantikoa berreskuratu du

Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko 36 upategiek 1.524.354 litro ekoitzi dituzte 2019ko uztan. Aurreko urtearekin alderatuta, %25,51 hazi da ekoizpena. Igoera nabarmena izan da, baina 2018ko uzta «oso txarra» izan zelako, urte hartako eguraldi txarraren eta onddo izurriteen ondorioz. Dena den, gorakadak gorakada, 2019ko uzta ez da iritsi 2017ko mailara: urte hartan marka guztiak hautsi ziren —1.825.195 litro—. 2012 eta 2015 artean landatutako mahasti berriak ekoizten hasi izanak eragin positiboa izan du 2019ko uztan. Guztira, Bizkai osoan zabaldutako 21 hektarea berri mahatsondo dira. Edozelan ere, sor-markako Kontseilu Arautzaileko Bertol Izagirreren esanetan «ez dira sektorearen beharrizanak eta itxaropenak ase».

Kalitateari dagokionez, ekoizleak «oso pozik» daude kalifikazio dastatzeek utzitako emaitzekin. Izagirre: «Gure upategiek egiten duten txakolinaren kalitate bikaina berretsi dute. Izaera atlantikoa berreskuratu du, bi urte beroagoen ondoren transmititzen duen freskotasun, konplexutasun eta dotoreziagatik». Urte ona izan da 2019a Bizkaiko Txakolina jatorri izenarentzat, sortu zeneko 25. urteurrena uzta on batekin ospatzeko aukera izan baitute.

Iazko urtea bi faktorek markatu zuten. Negua oso epel amaitu zen, eta udaberria hotz samarra eta prezipitazio gutxikoa izan zen; horren ondorioz, mahastiak goiz loratu ziren, ohi baino goizago. Baina, era berean, loratze prozesua ohi baino luzeagoa izan zen, eta horrek ondorio negatiboak izan zituen gatzagian. Uda ona izan zen, ohi baino tenperatura altuagoekin eta prezipitazio urriagoekin. Irailean tenperatura beroak izan ziren, eta horrek mahatsa ohi baino arinago heltzea eragin zuen, baita mahats bilketa aurreratzea ere. Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko upategietan irailaren 20aren bueltan hasi ziren beharrean.

Mahatsondoaren laborantzara bideratutako hektarea kopuruak goranzko joerari eutsi dio. Kontrara, jabeek kopuruak behera egin du apur bat. Hala, 2013ko 373 hektareetatik iazko 428 hektareetara pasatu da jatorri izena; mahastizainak, ordea, 223tik 199ra jaitsi dira.
Txakolin zuria da Bizkaiko Txakolina sor-markako kideek gehien ekoizten dutena: 14.963 hektolitro iaz —ekoizpenaren %97a—. Baina urtetik urtera gorriaren eta beltzaren pisua haziz joan da, gutxi bada ere: 89,48 hektolitro gorri eta 190,68 hektolitro beltz ekoitzi ziren. Apardunaren eta uzta berantiarreko ardoen ekoizpenean ere igoera txikiak izan dira.

Datu merkaturatzean, albiste bereziki onak jaso dituzte nazioartetik. Beste urte batez, Ameriketako Estatu Batuak izan dira Bizkaitik kanpo Bizkaiko Txakolin gehien kontsumitu dutenak: 223,74 hektolitro. Baina igoerarik nabarmenena Herbehereetatik iritsi da: 17,34 hektolitro erosten zituzten lehen, eta orain 62,37 erosi dituzte. Hirugarren erosle  nagusia izan zen Japonia 2019an, baina ez zien poz handirik eman, ohi baino 100 hektolitro gutxiago erosi baitzituen. Orain, Espainian hedatu nahi dute. Horregatik, iaz aurkezpen berezi bat egin zuten, Bizkaiko Txakolina Aretoa izenekoa, euren produktua aurkezteko ostalaritzako eta ardoaren sektoreko profesionalei. Aurten bigarrena egingo dute, eta martxoaren 26an zabalduko dute.