“Pertsona sentitzen hasi dira”

“Pertsona sentitzen hasi dira”

Ibai Maruri Bilbao

Gogoeta Juan Manuel Gonzalez de Audikanarena da. 1979an, Eusko Jaurlaritza osatu zenean, Espainiako Gobernuak emandako lehen eskumenak gizarte zerbitzuenak izan ziren, batez ere adingabeei dagozkienak. “Orduan zeuden baliabide guztiak zentro handiak ziren. Baina gure agintariek ez zuten politika pertsonalizatuagoetara salto egiteko arazorik izan, eta arin agertu ziren adingabeentzako lehen pisuak. Ostera, etxegabeen kasuan kosta egin da eboluzio hori. Oraindik ere aterpetxeen logikarekin jarduten da nagusiki”. Euskal Herrian salbuespena Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Habitat Bizkaia proiektua da. Housing first edo lehenengo etxea metodologian oinarrituta dago, eta 2016an ipini zuten martxan. Gonzalez de Audikana Deustuko Unibertsitateko ikertzailea da. Mikel Montero Matellanes lankidearekin, diputazioaren programa horren ebaluazioa osatu du. Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta Deustuko Unibertsitateak sustatutako 16. Gizartegune foroan aurkeztu dute. Montero: “Urte eta erdi eta bi urte arteko epea ebaluatu dugu. Denbora gutxi da hain egoera kaskarrari buelta emateko, baina bizi kalitateari eta gizarte harremanei lotutako hobekuntza nabarmenak ikusi ditugu”.

Guztira hamazortzi etxebizitza daude programan: hamar Bilbon, lau Eskuinaldean, eta lau Ezkerraldean. Gaur egun, 23 etxegabe ari dira parte hartzen; gehienak gizonak, nahiz eta andreek lehentasuna duten. Baina Gonzalez de Audikanak eta Monterok balorazioa egiteko egoera aztertu zutenean —2018ko irailetik abendura— hamasei etxebako ziren. Monterok azaldu duenez, proiektuak eragindako bilakaera aztertzeko, hasierako egoera zein zen jakin behar zuten. Eta Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa erabili zuten horretarako. Besteak beste, hamasei gizon-emakume horietatik %90ek droga mendekotasuna zuten, %75ek egunerokoan eragiten zien osasun hondatzea zuten, eta guztiek zuten buru nahasmenduren bat. “Gizartean ez zuten parte hartzen. Ez zeukaten familia harremanik. Ez zeukaten euren burua zaintzeko autonomiarik. Eta aurretik parte hartu izan duten inklusio programetan eta zerbitzuetan porrot egin izan zuten”.

Hamasei lagun horietatik %69k parte hartzen jarraitu zuten ebaluazioa egin zenean. Monteroren esanetan, iraupen tasa “handia” da. Lauk bakarrik utzi zuten programa: bik, osasun arrazoiengatik, hobe zutelako beste programa bat; eta beste bik eurek utzi zuten. “Programan jarraitzea lortu zutenetako bakarrak esan zigun ez zela egokituta sentitzen, ez zuela bere burua pisu batean ikusten. Horrek erakusten digu etxegabe guztiek ez dutela balio halako programetarako, eta profila fintzeko beharra dagoela”. Ohartu dira kalean daudenak aterpetxeetan daudenak baino hobeto egokitzen direla housing first metodologiako programetara. Izan ere, kalekoak ohituago daude euren burua zaintzen, eta aterpetxeetakoen kasuan zaintzaileen esku geratzen da zaintza hori. Edozelan ere, ohartu dira Habitat programan daudenak euren burua eta higienea zaintzeko eta antolatzeko autonomia indartu dutela.

Bestelako hobekuntza batzuk ere ikusi dituzte. Adibidez, harremanak hobetu dituzte. Bizilagun batzuek ere parte hartu dute azterketan, eta haiek ere baieztatu dute. Kasu batzuetan gatazkak dituzten arren, harreman sozialak berreskuratzen hasi dira. Dena den, harreman intimoen falta sentitzen dutela esan diete. Autoestimua eta etorkizunerako itxaropena ere hobetu zaie. “Pertsona sentitzen hasi direla esan digute”, ohartarazi du Gonzalez de Audikanak. Osasunari dagokionez, hobekuntza ez da orokorra izan. Baina larri egon direnak osasun arreta jasotzen hasi dira, eta hobetu dute, gaixo jarraitzen duten arren. Askok mendekotasunei aurre egiteko programak hasi dituzte berriro. Dena den, buruko osasunari dagokionez, hobekuntza ez da hain nabarmena izan.

Baina bada lortu ez den zerbait. Konpetentzia arloan, ez dute euren burua lanerako gai ikusten. “Ez dute formakuntza programetan eta tailerretan parte hartzeko gogorik. Ez dute interesik agertu lan mundura sartzeko. Porrot egoera batetik datoz, eta ez dute lortu lanerako behar duten autoestimu hori berreskuratzea”, azaldu du Monterok. Iruditzen zaio horretan indar egin beharko dela. Beste arlo batzuetan ere doikuntzak egin dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak Zubietxe fundazioarekin elkarlanean bultzatu du programa hori. Programan dabilen lantaldeko koordinatzailea da Zubietxeko Borja Agirre. Harekin batera, fundazioko bi hezitzailek eta gizarte langile batek eta diputazioko bi gizarte langilek osatzen dute taldea. Agirrek azpimarratu du indartu egin behar izan dutela lagun egiteko denbora, parte hartzaileek eurek eskatuta.

Lorena Arrabal da Zubietxeko hezitzaile horietako bat. Astero bisita bat egiten dietela zehaztu du. “Oso garrantzitsua da euren eta gure arteko harremana sortzeko. Beti esaten digute eurenera joateko. Sarriago joateko eskatzen digute, oso bakarrik sentitzen direlako. Kasu batzuetan, egunero joan behar izan dugu”. Zehaztu du programan parte hartzen dutenek ipintzen dituztela lortu beharreko helburuak. Hezitzaileek eta gizarte langileek horiek lortzen laguntzen diete. 24 orduko guardiak egiten dituzte, badaezpada. Dena den, Arrabalen esanetan, larrialdirik ohikoena etxeko giltzak galtzea izatea da. “Ez daude ohituta giltzak zaintzera. Eta, tira, denok galtzen ditugu noiz edo noiz. Askotan estutu egiten ditu guri deitu beharrak, eta dagoeneko batzuk hasi dira bizilagunen artean kopiak uzten, autonomia irabazten”. Horrek asko laguntzen die bizilagunekin elkarbizitza sendotzeko.

Arreta plan bereziak

Lagun egite ohikoarekin ez da nahikoa izaten. Arreta plan berezi eta pertsonalizatuak behar izan dituzte. Goiztiri elkarteko Santos Correto hezitzaileak horietako bat azaldu du. Patologia bikoitza duen gizon baten kasua da: hau da, adikzioa eta nahasmendua ditu. Egoera muturrekoa zen: “Jarrera arazoak ditu, elkarbizitzarako zailtasunak. Egoitzetan eta eguneko zentroetan egon izan da, baina ez da gai izan egokitzeko. Oso oldarkorra da. Oihuka egiten du berba. Lekuz kanpo dauden komentarioak egiten dizkio kaleko jendeari”.

Corretoren esanetan, aurreko etxe batean sukaldea erre zuen. Bizilagunekin ere arazoak izan zituen, eta herriz aldatu behar izan zuten. Erabaki zuten ez zela bere dirua kudeatzeko gai, eta gaitasun hori legez kendu zioten. Eta jatekoa etxera eroaten hasi zitzaizkion, jateko prest. Bide batez, egunero gertuko zaintza egiteko modu bat ere izan zen. Droga menpekotasunerako terapiara lagundu zioten. Egunero egiten zuten lan harekin, eta babes emozionala eskaini zioten. “Berba egiteko premia du; arreta handia behar du. Ikusi genuen telefonoa baliabide ona dela”. Urte bi eta erdi igarota, programan jarraitzen du, zailtasunak zailtasun.