“Oso lehiakorra naiz; nire mugak gaindituz joatea gustatzen zait”

“Oso lehiakorra naiz; nire mugak gaindituz joatea gustatzen zait”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Gorka Aulestia Urrutia (Ondarroa, 1957) kirolzale amorratua izan da betidanik. Ogibidez Gorputz Hezkuntzako irakaslea da, eta, nabarmendu duenez, iraupen luzeko kirolak ditu gustukoen. Kirol diziplina asko probatzeko aukera eduki du: herri kirolak, atletismoa, triatloia, iraupen luzeko eskia, taekwondoa, mendi lasterketak… Ibilketa nordikoa egiten dabil azken urteotan.

Kirol honek zer onura ditu hainbesteko arrakasta edukitzeko?

Korrika baino energia gutxiago kontsumitzen du gorputzak,eta adin guztientzako gomendagarria da. Kirol betea da, gorputz osoa mugitzen da; bai gerritik gora eta baita gerritik behera ere. Gutxiago nekatzen zara, gainera. Makilek pisua arintzen diote gorputzari, eta artikulazioek ere gutxiago sufritzen dute. Kirol osasungarria da, eta, gutxi entrenatuta ere, azkar sentitzen dira ibilketa nordikoaren onurak.

Zelan ezagutu zenuen ibilketa nordikoa?

Duela 35 bat urte Jakako [Aragoi, Espainia] klub batekin iraupen eskia egiten ibili nintzen. Baina udan elurrik egiten ez zuenez, makila hutsekin entrenatzen ginen errepidean, gurpildun eskiekin. Ez da ibilketa nordikoa, baina antzekotasun asko dituzte. Duela lau bat urte ibilketa nordikoko lasterketa baten berri eduki nuen ustekabean, eta joatea erabaki nuen. Lasterketako nagusienetakoa ni banintzen ere, proba oso ona egin nuen. Hori bai, probako epaileak teknika nahiko eskasa nuela esan zidan, eta hori hobetzen hasi nintzen lehenbailehen.

Zelan hobetu zenuen teknika?

Sei hilabetean nire kontura ekin nion lanari. Hainbat bideo ikusi nituen etxean, eta horren ostean Huelvara [Andaluzia, Espainia] lehiatzera joan nintzen. Espainiako Txapelketa irabazi nuen estreinakoz, eta epaile berak esan zidan teknika asko hobetu nuela.

Eta noiztik zabiltza lehiatzen?

Espainia mailan, duela hiru urte sortu zuten ibilketa nordikoko federazioa, eta orduz geroztik txapelketaz txapelketa ibili naiz hara eta hona. Oso lehiakorra izan naiz, eta nire mugak pixkanaka gainditzen joatea gustatzen zait betidanik. Zer maila nuen ikusita, gainera, Bilboko ezagun batzuek Donostiako klub batera joatea gomendatu zidaten.

Zer klubetara?

Donostiako Club Vasco de Camping elkarteagaz nabil orduz geroztik. Maila handiko jendea dugu taldean; oso gustura nago.

Lehiari dagokionez, aurten nahiko urte ona izan da zuretzako.

Espainiako Kopa irabazi dut, eta Sevillan jokatu zen Espainiako Txapelketan hirugarren geratu nintzen. Azken kilometroan, lehen postuan nindoala, teknika ondo ez nuela aplikatu eta, epaileak zigortu egin ninduen.

Zer dela eta?

Epaileak aipatu zidanez, zerbait arraroa egin nuen. Dirudienez, eskua ez nuen behar beste atzera bota, eta, helmuga baino 100 metro lehenago, gelditzera zigortu ninduten. Bi minutuz geldirik egon behar izan nuen, eta atzetik zetozen biek aurrea zelan hartzen zidaten ikusi nuen. Aitor anaia hil zela astebete igaro zen bakarrik, eta burua ez neukan behar beste kontzentratuta. Horrelako egoera batean, normala da akatsen bat edo beste egin eta ez konturatzea. Espainiako Txapelketaz gain, Espainiako Kopan ere parte hartu dut aurten. Kopan urte guztiko probetan lortutako emaitzak hartzen dira kontutan, eta nire kategoriako txapelduna izan naiz. Kopako azken proba Donostian jokatu genuen, eta, egia esan, oso gustura geratu nintzen. Denboraldiko azken proba zen, eta nire betiko eta ohiko maila erakustera irten nintzen.

Zer mailatan lehiatzen zara?

Beteranoen C mailan aritzen naiz; 60 urtetik 70 urte bitartekoak batzen gara. Orain arte, gu izan gara zaharrenak, baina duela gutxi 70 urtetik gorakoentzat ere beste maila bat sortu dute.

Zure mailan aurreko postuan ibiltzeaz gain, sailkapen orokorrean ere ondo ibiltzen zara, ezta?

Donostiako Kopako azken proban, esaterako, berrehun lagunetik gora izan ginen irteeran; hamabigarren amaitu nuen. Burguko [Araba] lasterketan, berriz, hirugarren amaitu nuen. Kazetariek podiumean geundenoi buruzko txantxa ederra egin zuten.

Zein?

Irabazleak nire semea zirudiela ipini zuten, eta bigarren amaitu zenak, nire biloba. Izan ere, lasterketa lehen postuan amaitu zuenak 42 urte zituen, eta bigarren amaitu zuenak, 21 urte.

Lehiatzen hasi zinenetik hainbat txapelketa irabazi dituzu. Baina horietatik guztietatik zeinek egin dizu ilusio gehien?

Iaz urriaren 26an Donostian egin nuen azken lasterketak bereziki ilusio handia egin zidan. Ondo amaitu nuen lasterketa. Bigarrena eta ni ia batera helmugaratu ginen, eta azken metroraino lehia bizia mantendu genuen. Segundo bakarreko aldeagatik irabazi nuen.

Zergatik izan zen hori garaipen hori hain berezia zuretzat?

Kopa lau probak osatzen dute, eta Donostiakoa azkena zen. Lasterketa erabakigarria izan zen gainera: puntuetan ohi baino %20 gehiago zegoen jokoan. Kopako sailkapen taulan lehen postuan nindoan, baina, bigarrena puntuetan atzetik zetorrenez, irabazi beharra nuen. Aurreko lasterketan akats tekniko larria egin nuen, baina anaiaren akorduagaz despistatu egin nintzela uste dut. Anaiari eskaini nahi izan nion garaipen berezi eta estu hori.

Aurten Kopa lehen postuan eta Espainiako Txapelketa hirugarren amaitu duzu. Zelan joan ziren aurreko bi denboraldiak?

Txapelketak egiten hasi zirenez geroztik aurreko postuetan mantendu izan naiz. Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa lehen postuan amaitu nituen aurreko bi denboraldietan.

Eta Europako Txapelketak, zer?

Nire ustez, ibilketa nordikoko euskal selekzio bat eratzea falta da, nazioartean dagokigun jauzia emateko. Gauza askotan aitzindariak gara, baina ibilketa nordikoan beste toki batzuetan baino askoz atzerago gabiltza.

Etorkizunera begira ere lehiatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Bai noski. Sasoiko nagoela sentitzen dut, eta aurrera jarraitzeko ondo ikusten dut neure burua. Ekainean erretiratuko naiz, eta gero ere entrenamenduekin jarraitzeko asmoa dut. Denboraldiko bost lasterketa garrantzitsuenetara joateko asmoa dut. Erretiroa hartuko dudanez, bestelako abenturak bizitzeko gogoa ere badut.

Zer egiteko asmoa duzu?

Irailean nire taldeko beste kide bategaz Pirinioak zeharkatzeko asmoa dut. Cap de Creus parke naturalean hasi [Herrialde Katalanak] eta Hondarribiarainoko tartea egingo dugu 25 egunean. Handik etorri eta hamar egunera Espainiako Kopako azken proba edukiko dugu Sevillan [Andaluzia, Espainia], eta bidaia ondo etorriko zaigula uste dut.