Murrizketak salatu dituzte Bizkaibusen

Murrizketak salatu dituzte Bizkaibusen

Ibai Maruri Bilbao

ELA sindikatuak salatu du Bizkaibus zerbitzua eskaintzen duten enpresek murrizketak egiten dituztela hainbat lanpostutan. Sindikatuko kide Gaizka Miguelek ohartarazi du ez dituztela betetzen informazio kabinetako langileen artean, tailer mekanikoetan, ikuskatze zerbitzuan eta administrazioan sortzen diren hutsuneak, besteak beste: “Baimenak eskatzen dituztenean, ordaindutako baimenak, ordu sindikalak… ez zaie ordezkorik jartzen. Horrek eragin du zerbitzua langile gutxiagorekin eskaintzea, eta lizitazioak ezarritako gutxieneko lantaldea ez betetzea”.

ELAk salatu du “aspaldikoa” dela egoera, baina azkenaldian enpresak “lotsa galduta” dabiltzala, eta “askoz nabarmenago” jarduten dutela. Astelehenean Bizkaiko Foru Aldundia jakinaren gainean ipini zuten, idatziz, baina Miguelek esan du aurretik ere baduela egoeraren berri. “Bestela, zertarako ditu ikuskaritza zerbitzuak? Jakin behar du zer zerbitzu eskaintzen ari den bizkaitarrei”.

Egoera konpontzeaz gain, orain arte gertatutakoaren arduradunak zigortzea ere nahi du ELA sindikatuak. Bizkaibusek urtean 26 milioi erabiltzaile inguru izaten ditu. “Pribatizatutako zerbitzu publiko hori eskaintzen duten enpresak onura handiak lortzen ari dira altxor publikoaren kontura”.

Oraingoz, murrizketak publikoki salatzera mugatu dira. Orain langile batzordeetara eroango dute auzia, eta eurek erabakiko dute zer neurri hartu. “Argi daukagu diputazioak esku hartzen ez badu enpresek murrizketak egiten jarraituko dutela, euren irabaziak handitzeko”. Azaldu du lantaldea txikitzea dela enpresek irabaziak handitzeko duten aukera nagusia. Eta, gidarietan izan ezik, gainontzeko lanpostu guztietan egiten dutela. “Gidariak ezin dituzte kendu, bestela autobusak ezin dira errepidera atera derrigor eman behar duten zerbitzua eskaintzera”.

Miguelek azaldu du erabiltzaileei informazioa emateko eta Barik txartela diruz kargatzeko kabinetan langileren bat falta denean itxita egoten direla, nahiz eta zabalik egon beharreko ordutegia ezarrita egon. Tailerreko langileen kasuan, lana pilatzen zaiela, eta autobusei egin beharreko konponketak edo ikuskapenak atzeratu egiten direla. Ohartarazi du gidariak “babesgabe” geratzen direla kaleko ikuskatzaileak falta direnean. Ikuskatzaileen lana da, besteak beste, istripuren bat dagoenean, auto ilarak daudenean edo bide alternatiboren bat hartu behar denean gidariak jakinaren gainean jartzea, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea. Horrez gainera, autobus barruan ikuskapena egiten dute; adibidez, bidaiariek bidaia ordaindu dutela baieztatzen dute.

Ikuskatzaileen kasuan, gainera, salatu du sarritan enpresek ez dituztela aintzakotzat hartzen. Duela bizpahiru asteburu Ezkerraldean zer gertatu zen kontatu du: “Aratusteetarako zerbitzu berezietan ikuskatzaileek beste ibilbide batzuk proposatu zizkioten enpresari, kale mozketak eta pilaketak saihesteko. Ezkerraldea Meatzaldea Bus enpresako zuzendaritzak ez zien kasurik egin, eta ikusi genituen hamabi edo hamalau autobus 50 minutuz geldi, zerbitzua eman ezinik. Enpresei berdin die zerbitzuak”.

Hutsuneak ez betetzeaz gain, batzuetan administrazioko funtzio batzuk partekatzen dituztela ere salatu du, nahiz eta esleipenak hori debekatu. “Langile batzuek lan bera egiten dute enpresa batentzat baino gehiagorentzat, lanpostuak amortizatuz”.