Gora sorginak!

Igor Elordui Etxebarria

Sorginkeriak ez dakit existitzen diren, kasualitateak gutxi. Mertxe Aizpurua EH Bilduko parlamentaria da Madrilen eta joan den astean, eguenean, hilak 27, Larrabetzura etorri zen solasaldi batera. Berbaldian egun hartan bertan, Madrilen Diputatuen Kongresuan jazotako pasadizo bat aipatu zigun han ginenoi: “Gaur, Kongresuan, Mireia Vehi CUPeko ordezkaria berbaz ari zenean, VOXekoak jesartzen diren lekutik zetorren gedar bat entzun dugu, Mireia iraindu gura zuena: “Sorgina!”. Orduan, Bel Pozuetak eta biok batera erantzun dugu, ozen: “Eta harro, gainera!”.

Eta hara non, handik bi egunetara, Txiolandian ikusi nuen (birtxio baten birtxoaren birtxio bati esker), Mertxe Aizpuruak zabaldu zuela, anekdota horren harira, Larrabetzuko Bizkargi Dantza Elkarteak duela urte batzuk egin zuen bideoklip bat, hain zuzen ere, Xabi Solanoren Erre zenituzten. Ginarra eskuetan dantzan ageri dira. Oraindik ikusi ez duenik bada, gomendatzen diot ikus dezala (Erre zenituzten, Youtuben).

Hona hemen kantaren letra: “Erre zenituzten sorginen oinordeak gara gu. Erre zenituzten sorginen erratzak guk dauzkagu. Erre zenituzten sorginen arima ez da galdu. Erre zenituzten sorginen irribarrea gara gu. Sasien gainean. Oihu eta irrintzi. Lainoen azpian.

Aske nahi dugu bizi. Erre zenituzten sorginen irribarrea gara gu”.

Etzi Martxoak 8 izango da, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Sorginkeriak ez dakit existitzen diren, kasualitateak gutxi. Suak hil zituen New Yorken 123 emakume langile (eta 23 gizon), gazteak eta etorkinak gehienak, 1911ko martxoaren 25ean, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna lehen aldiz egin eta egun batzuetara. Triangle Shirtwaist fabrikan izan zen. Fabrikako ateak eta eskailerak blokeatuta zeuden, arduradunek aginduz, handik inork makinarik eraman ez zezan. Oihartzun handia izan zuen sute hark, bertan hildako emakumeek egin baitzuten urtebete lehenago emakume langileen lehen greba lanerako baldintza hobeak eskatzen. Emakume izena du prekaritateak oraindinokarren. Izan ere, sorginkeriak ez dakit existitzen diren, kasualitateak gutxi.

Nire bizitzan printzesa txolinik ez dut ezagutu, zorionez, baina sorgindu nauten eta sorgintzen nauten sorgin (ez beti) maitagarriak, ostera, makinatxo bat. Onartzen badidazue, sorginok, apaltasun osoz eskatu gura dizuet Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan, aldarrikatzeko baietz, sorginak zaretela, erre zituzten sorginen oinordekoak, hain zuzen ere, abestiak dioen legez. Eta harro zaudetela, gainera. Eta erre zituzten sorginen erratzak dituzuenez gero, astintzeko eurak gogor, hiltzen, umiliatzen, zapaltzen, lotzen eta estutzen zaituzteten guztien eta guztiaren kontra. Ospatzeko egongo delako, bai, baina ospatzeko baino borrokatzeko baitago oraindik gehiago.