Gogoetaz betetako sare bat

Gogoetaz betetako sare bat

June Prieto

Erasoei erantzun indartsu eta antolatu bat emateko eta egun zehatzetako borrokak aurrera ateratzeko, hiriburuko hainbat talde feministak Bilbo Feminista Saretzen (BFS) koordinakundea osatu dute. Auzoetako emakumeez gain, sindikatuetako, gobernuz kanpoko erakundeetako eta alderdi politikoetako emakumeek ere hartzen dute parte koordinakundean. Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak eta Steilas sindikatuko Ana Perezek BFSren sortze prozesua ezagutu dute, eta aurtengo Martxoaren 8ko antolaketan buru-belarri aritu dira.

Duela hiru urte hasi ziren BFS koordinakundea eratzen, eta oraindik ere egonkortze lanetan daude. Hala ere, Bilbon bazeuden Emakumeen Nazioarteko Eguna eta Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna antolatzeko koordinakundeak, eta talde horietatik heldu zen BFS sortzeko beharra. “Bilbon hogei urtez egon dira Martxoak 8 [Emakumeen Nazioarteko Eguna] eta Azaroak 25 [Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna] antolatzeko koordinakundeak, baina emakumeek parte hartzeari utzi zioten, aurreikusten zutelako egun horiek aurrera aterako zirela”, azaldu du Perezek.

Koordinakunde horietan, soilik emakumeek parte hartzen zuten taldeei talde autonomoak deitu zieten, eta beste taldeei talde mistoak izena jarri zieten; azken horiek sindikatuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta alderdiak izan ahal ziren. “Urteak pasatu ahala hainbat gabezia nabaritu genituen; izan ere, parte hartzen zutenen artean talde mistoak gero eta gehiago ziren, baina talde autonomoetan ez zegoen inolako hazkunderik”. Hala ere, sindikalistak azaldu duenez, talde autonomoek botere eta protagonismo guztia zeukaten, eta hori ere mantendu nahi izan dute Bilbo Feminista Saretzen sortu dutenean. “Beraz, ez gara zerotik hasi, baina berregin egin dugu koordinakundearen planteamendu guztia, talde autonomoen parte hartzea handiagoa izan dadin”.

Nola egingo dugu Bilbo feminista saretzeko? izan zen prozesu berria hasteko erabili zuten leloa. “Emakumeen Mundu Martxaz baliatu ginen talde autonomo gehiagotara heltzeko. Egin genuen lehenengo bileran 50 emakume inguru etorri ziren, hainbat talde feminista”, azaldu Torrealdaik. “Diagnostikoa sortu genuenean, hainbat hausnarketa egin genituen. Oso prozesu luzea eta konplexua izan zen emakume horiek guztiak koordinatzea, auzoetako taldeei koordinazioaren garrantzia azaltzea…”. Hori guztia egiten zuten bitartean, 2018an, Euskal Herrian lehenengo greba feministara deitu zen. “Greba horri esker, antolatzeko eredu bat sortu genuen: bilera irekiak”.

Funtzionamendua da koordinakundearen gakoetako bat. “Greba feministaren osteko bileran sortu zen Bilbo Feminista Saretzen”, gogoratu du Torrealdaik. “Talde motor bat dago, eta talde motor horrek deitzen du asanblada irekietara. Asanblada ireki horietan hartzen dira erabakiak, eta asanblada horretatik irteten dira lantalde espezifikoak: Martxoak 8, Apirilak 26 [Lesbianen Ikusgarritasunaren Eguna] eta Azaroak 25. Talde horiek ez dira iraunkorrak, eta eguna pasatu eta gero desegiten dira, beste batzuk sortzeko. Horrela, ardurak partekatzen ditugu, eta zaintza eremu bat sortzen dugu”.

Ahizpatasuna, Feministalde, Mujeres del Mundo, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Oneka emakume pentsiodunak, Lanbroa, Bilgune Feminista eta Bilboko Neska Gazteak osatzen dute koordinakunderen talde motorra. Bertan talde mistorik ez egotea azken urte honetan hartutako erabaki bat izan da. “Trantsizio prozesu bat izan da; izan ere, motorrean zeuden emakumeak esperientzia handikoak ziren, eta lan handia egin dute orain arte”, onartu du Torrealdaik.

BFS tresna estrategikoa bihurtu da Bilbon: alde batetik, eraginkortasun handia lortu duelako, eta, beste aldetik, hainbat talde feminista biltzen dituelako. Perez: “Azken urte hauetan talde autonomoetan aniztasun handia lortu dugu, emakume arrazializatuek maiztasun handiagoarekin hartzen dute parte, besteak beste. Azken finean, ez da bakarrik kontuan hartu behar talde kantitatea, baizik eta baita taldeen izaera ere”. Bilera irekietara batez beste 50 emakume joaten dira: hala nola, auzoetako emakumeak, neska gazteak, eta pentsiodunen eta ijitoen taldeak.

Grebarik ez

Bilera ireki horietan, hain zuzen, antolatu dute aurtengo Martxoaren 8a. Aurten ez da greba feministarik, baina borroka lau egunetara zabaldu dute Bilboko feministek. “Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat baino ez da: tresna bat, eta ez helburua”, azaldu du Torrealdaik. Antolatu indarrak, batu borroka feministara leloa erabiliko dute Euskal Herrian, eta horrekin bat datoz Bilboko talde feministak. “Antolakuntza eta feminismoa izango dira gure aldarri nagusiak, baina nabarmendu nahi dugu gure proiektua erradikala eta iraultzailea dela; ez dugu berdintasun faltsurik onartuko”. Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan izandako esperientziak ere baldintzatu izan du erabakien norabidea. “Gure proiektuak gorputzak zeharkatzen ditu, eta kapitalismoaren eta arrazismoaren aurkakoa da”.

Martxoaren 8aren aurretik hiru eguneko egitaraua antolatu dute: egun bakoitzean ildo bat jorratuko dute. Atzo hasi ziren Justizia jauregiaren aurrean emakumeen gorputzak askeak direla aldarrikatzen. Gaur, emakume arrazializatuek eta migranteek kaleak hartuko dituzte Espainiako Atzerritarren Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Bihar, Kale Nagusiaren puntu estrategiko batean elkartuko dira, “feminismoaren diskurtsoa erosi eta kontsumo bilakatu nahi dutenak seinalatzeko”. Perezen arabera, emakumeen zapalkuntzak babesten dituen Bilboko turismo eredu neoliberala ere salatu nahi dute.

Martxoaren 8an, egun osoko mobilizazioak egingo dituzte. Goizean, Bizkai osoko manifestazio bat egingo dute, eta arratsaldean Bilbon jarriko dute arreta. Eguna amaitzeko, Bilborako emakumeen etxe bat aldarrikatuko dute. “Bilbo da emakumeen etxe bat ez duen Euskal Herriko hiriburu bakarra”. Duela hiru urte baino gehiago, San Frantziskoko, Zabalako eta Bilbo Zaharreko emakume taldeek udalari aurkeztu zioten Harrobia plazako eraikin bat emakumeen etxe bilakatzeko proiektua: Koloretxe izena eman zioten. “Eraikina leku estrategikoan egoteaz gain, historikoa ere bada, frankismo garaian emakumeek higiene eta osasun zerbitzuak jasotzen zituztelako bertan”, azaldu du Torrealdaik. Udalak erantzun zien ez dagoela emakumeen etxe baten beharrik hiriburuan, eta, egun, proiektua garatu gabe dago. “Koloretxen mobilizazioak bukatuz, lau egun hauetan egin ditugun aldarriak borobildu nahi ditugu”.

Perezek eta Torrealdaik feminismoa indartsu ikusten dute, eta BFSren helburuei buruz gogoeta egin dute. “Nik uste dut egungo gizarte likido, kapitalista, polarizatu eta feminizatu honetan feminismoa ulertzeko oso era indibidualizatzaileak egon direla; eta BFSen helburua, alde batetik, da emakumeek beren burua feministatzat izendatzea, baina, beste alde batetik ere bada, era kolektiboan antolatzea eta borrokaren gakoak ulertzea”, hausnartu du Bilgune Feministako kideak. Perezek gehitu du BFSren zeregin nagusia diskurtso bat garatzea dela: “Ezin dugu zain egon masa hedabideek zer egin behar dugun esateko; geure diskurtsoa daukagula ikusarazteko adibiderik garbiena greba ez egiteko erabakia izan da”.

Aurrera begirako gakoak

“Nola egiten dugu diskurtso bat, beste batzuek xurga ez dezaten?”. Steilaseko kideak azaldu du neska gazteekin daukatela erronkarik handiena. “Norbanakoaren borroka oso garrantzitsua da, baina, ez bagara antolatzen eta ez badugu batera borrokatzen, oso zaila izango da sistema eraldatzea”. Azaldu du hainbat gazte feminismoa moda bat bihurtu delako ateratzen direla kalera: “Kartel bat egitea ondo dago, baina baldin eta atzetik eztabaida eta hausnarketa badaude”.

Hortaz, feminismoa ezagutu berri duten emakumeei talde feministen bileretara hurbiltzea gomendatu diete. “Benetan borrokatzeko grina daukaten andreei gonbita egiten diegu modu antolatuan aldarrikatzera”. Borrokak adinik ez duela ere nabarmendu dute: emakume pentsiodunak duela gutxi sartu dira koordinakundean eta irakurketa feminista pentsiodunen mugimenduan txertatzea lortu dute. “Jabetze prozesua etengabea da”.