Busturialdea eta Durangaldea, BBK sariketako finalaurrekora

Busturialdea eta Durangaldea, BBK sariketako finalaurrekora

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko gaztetxoek eta bertsolaritzak hitzordua izaten dute udaberri atarian, Aste Santuko oporrak hartu aurretik. Dagoeneko hasi da Bertsolari Gazteen 28. BBK Sariketa. Joan den astelehenean aurkeztu zen txapelketa, eta dagoeneko lehen bi saioak ere jokatu dira. Martitzenean, Barakaldon egindako saioan, Busturialdea eta Enkarterri-Ezkerraldea lehiatu ziren, eta Busturialdeak irabazi zuen hurrengo faserako txartela. Eguaztenean, Durangaldeak hartu zion aurrea Arratiari, Igorren jokatutako kanporaketan. Hala, irabazi duten bi eskualde horiek elkarrekin lehiatuko dira martxoaren 16an, 10:00etan, Iurretako Orobigoitia eskolan jokatuko den lehen finalaurrekoan.

Falta diren beste lau eskualdeek datorren astean estreinatuko dute sariketa. Astelehenean, 11:00etan, Mungiako Torrebillela kultur etxean, Uribe Butroe eta Hego Uribe arituko dira zein gehiago. Eta hilaren 11n, eguaztenez, Markina-Xemeinen izango dute lehiarako hitzordua Lea-Artibaik eta Uribe Kostak: 10:30ean izango da. Datorren asteko kanporaketetatik irtengo diren bi eskualde garaileek martxoaren 18an jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, Sopelako Ander Deuna ikastolan (09:45). Finala, berriz, martxoaren 26an izango da, 18:00etan, Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan.

Eskualde bakoitzak sei bertsolarik osatutako talde bat aurkeztu du sariketara. Maila bitan banatuta daude: 18 urtera arteko hiru bertsolari, eta 24ra arteko beste hiru. Ikastolen Elkarteko ordezkari Juanjo Respaldizaren esanetan, Bizkaiko bertso eskolen sare zabalari esker, erraza da taldeetako kideak topatzea. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Ione Narbaizak gogoratu duenez, gazte askorentzat jendaurreko lehenengo plaza izaten da BBK Sariketa; hortaz, harrobia lantzeko “ezinbesteko tresna” ere bada. Bertsolariei ez ezik, publikoari ere arreta jartzen diote, euren artean ere bertsozaletasuna zabaltzeko. Horregatik, eskolan bertsoa lantzen duten ikasleen aurrean egiten dituzte saio guztiak, finala izan ezik.