Oroimen adibideak

Larrabetzukoa ez da azken hamarkadan memoria historikoaren berreskurapenerako eta, bereziki, Burdin Hesiaren aztarnei balioa eman eta ezagutarazteko gauzatu den egitasmo bakarra. Hemen beste batzuk.

Burdin Hesiari lotutakoak

Berango. Burdin Hesiari lotutako egitasmorik osatuena. Hainbat jarduera biltzen ditu: Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa, aztarnen lagin bat garbituta eta lehengoratuta, bisita gidatuak, Bakerako hezi DBHrako programa didaktikoa, eta baita kanpora begirako dibulgazio lana ere (hitzaldiak, argitalpenak…).

Galdakao. Galdakao Gogora egitasmoa sortu zen 2011n, herrian memoria historikoaren arloko lanak sustatzeko eta laguntzeko. Jarduerak: ikerketa eta zabalkundea, Oroimenaren Astea, eta lubakien berregitea eta oroimenaren ibilbidea egokitzea.

Gueñes. Aztarnen garbiketa eta oroimenaren ibilbide baten egokitzapena, informazio panelekin.

Lemoa. Lemoatx 1937 batzordea 2013an sortu zen, bi helbururekin: lubakiak garbitu eta lehengoratzea, eta 1936ko gerraren ondorioen ikerketa historikoa egitea.

Ugao. Hiru egitasmo nagusi bultzatu ditu Burdin Hesia Ugaon elkarteak: aztarnen garbiketa eta bi kilometroko ibilbidearen egokitzapena, ikerketa historikoa, eta Aste Historikoa.

Urduliz. Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko hitzarmenaren bidez, bi argitalpen egin dituzte, II. Errepublikaren garaiaren eta 1936ko gerraren inguruan. Gainera, Gamiz-Fika eta Barrikarekin batera aztarnen ikerketa bat egiten dabiltza, ibilbide bat sortzeko.

1936ko gerrari lotutakoak

Gernika-Lumo. Erreferentea da bakearen aldarrikapenean eta memoria historikoaren arloan. Bonbardaketaren urteurrenekin batera hainbat egitasmo bultzatu dira. Gernikako Bakearen Museoa fundazio publikoa da eragile nagusia, eta herrian bertan bada memoriaren ibilbide bat. Azpiegiturez gain, askotarikoak dira kultur jarduerak, argitalpenak, jardunaldiak…