Kakao alea mahai gainean

Kakao alea mahai gainean

Natalia Salazar Orbe

Balmasedako gastronomia aipatuta, putxeretan egindako indaba gorriak etorriko zaizkie burura gehienei. Txakolinak ere badu garrantzia herrian, eta horretan ere pentsa dezakete beste batzuek. Txokolatea bururatuko zaionik gutxi egongo da. Datorren astetik aurrera baliteke pentsamolde hori aldatzea. Izan ere, gaurtik igandera bitartean Basquetxok jaialdia egingo dute herrian. Txokolate artisaua eta kafe bereziak izango ditu protagonista nagusi. Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Italiako, Belgikako, Portugalgo eta Taiwango ekoizleak eta adituak izango dira Enkarterrin egunotan, euren ezagutza zabaltzeko eta euren produktuak eskaintzeko. Horien ondoan, tokiko ekoizleak ere aurkituko dituzte bisitariek.

Eskualdean duela urte gutxi sortu zuten Kaitxo enpresa txikiak Bean to bar joera lantzen du. Enpresa horrek, Enkartur turismo enpresak eta Balmasedako Udalak antolatu dute jaialdia. Eder Perez Garai Basquetxok jaialdiko prentsa arduradunak azaldu duenez, “txokolatea ulertzeko era gourmet bat” da Bean to bar, gehigarririk eta ezinbesteko prozesurik gabekoa: “Kakao aletik tabletara esan nahi du”. Horrez gain, kafe berezia ere egiten dute Kaitxokoek. Iaz urrezko saria eskuratu zuten Florentziako nazioarteko txokolate lehiaketan. “Arlo horretako jende asko ezagutzen zutela eta, pentsatu genuen ideia zoragarria izango litzatekeela halakoak Enkarterrira ekartzea”.

Asmoa egikaritu dute orain. Profesionalei eta txokolate zaleei zabalik egongo da Basquetxok jaialdia. Hitzaldiak emango dituzte, besteak beste, Italiako Massimiliano Cavicchiolik, Taiwango Fu Wanek, Belgikako Kim Ossenblok, clubdelchocolate.com-eko kide Victoria de la Torrek eta Rafa Gorrotxategi gozogileak. Topaketa horietan hausnartu eta eztabaidatu egingo dute, eta ostalaritza lokala bean to bar txokolatearen mundura eta kafe berezietara gerturatzeko asmoa dute.

Munduko txokolateak

Adituon hitzaldiak entzuteaz gain, aukera aparta izango da leku horietako txokolatea erosteko: gozogintza aukera zabala izango da: “Kalitate handieneko txokolateak eta kafeak aurkituko ditugu. Eta txokolatez egindako produktuak. Erakusketariek eurek ekoizten dituzten produktuak eramango dituzte. Denetarikoak izango dira; ez bakarrik txokolate tabletak”.

Txokolatea eta beste produktu batzuk uztartuko dituzten dastatzeak izango dira beste aukera bat. Nahaste bitxiak proposatu dituzte. Horietako bat, txokolatea eta ostrak elkartuko dituena. Gainerakoan, gazta, ardoa eta garagardoa konbinatuko dituzte kakaotik eratorritako jaialdiko produktu izarrarekin.

Etxeko txikienentzako sukaldaritza tailerrak ere egingo dituzte: barrualdean txokolate urtua duten coulant bizkotxoak, tiramisuak, bonboiak, mousseak eta izozki artisauak egiten ikasiko dute ume eta gazteek.

Zuzeneko sukaldaritza saioetan, berriz, txokolatearen eta kafearen alde gaziari erreparatuko diote, gaur. Txokolateak postrea izan behar al du derrigorrean? Eta otordu bat kafearekin bukatu behar al da halabeharrez? Ideia horiei buelta emango die Zallako Maristas zentroko ikasleek prestatutako jakiak. Biharko eta etzirako beste aukera batzuk prestatu dituzte. Txokolate eskaintza zabal horren bidez, Enkarterri ezagutarazi eta jendea erakartzeko asmoa dute antolatzaileek.