“Gehiago behar du”

Ibai Maruri Bilbao

Berez bi urterako martxan ipinitakoa, beste hamar urtez luzatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Joan den abenduaren 31n amaitu zen Enkarterri suspertzeko 2018-2019 Estimulu Plana. Eskualdeko ekonomia eta enplegua biziberritzeko osatu zuten. Eusko Jaurlaritzarekin, eskualdeko udalekin eta beste hainbat eragile sozial eta ekonomikorekin taxutu zuten. “Baina honekin ez da ezer amaitu. Hartutako neurrien eragina hemendik aurrera ere ikusiko dugu. Eta, gainera, jarraitutasuna emango diogu, eta hamar urteko iraupena izango duen plan estrategiko bat ipiniko dugu martxan”, iragarri du Unai Rementeria ahaldun nagusiak.

Balantze “oso positiboa” egin du. Hamabi ekinbide martxan ipini dituztela esan du, eta emaitzak jasotzen hasi direla. “Kanpotik bi enpresa ekartzea lortu dugu, 300 enplegu sortu ditugu eta eskualdeak Bilboko metropoliarekin duen konektibitatea hobetzen hasi gara”. Orain, eskualdea “eraldatzea” da erronka berria. Eta hori 2030erako lortu nahi dute. “Oraindik asko dago egiteko, eta Enkarterrik lanean jarraitu behar du plan estrategikoarekin”, ohartarazi du.

Rementeriak berak eman ditu estimulu planak utzitako datuak. Bizkaian langabezia tasa altuena duen eskualdea da Enkarterri. Baina plana martxan egon den bi urteetan Bizkaian oro har baino maila handiagoan egin du behera: %12,77ko jaitsiera izan du Enkarterrin, eta %10,67koa, Bizkaian. Eskualdeko zazpi enpresak Indartu programaren babesa jaso dute, eta 62 lanpostu sortu dituzte guztira. Horrez gainera, 42 enpresa txiki eta ertainek lehiakortasuna hobetzeko laguntzak jaso dituzte. Beste bederatzi enpresa txikik Seed Capital foru sozietateak emandako mikrokredituak jaso dituzte. Eta, horrez gain, 44 enpresak 57 proiektu aurkeztu dituzte diru laguntza programetara.

Mugikortasunari dagokionez, Bizkaibusen lineetan hobekuntzak egin dituzte. Adibidez, Gordexolako autobusen ordutegiak egokitu dira, Zallatik Bilbora doazenekin bateragarri egiteko. Gaueko ordutegia ere hobetu da. Zuntz optikoa ipini dute landa inguruko herrietan eta industrialdeetan. Eta BI-630 errepidean hobekuntza lanak hasi dituzte. “Nik beti esaten dut horrelako plan batean hiruzpalau helburu lortzen badira, egindako lanak merezi izan duela. Eta, kasu honetan ere, ez da guztia lortu, baina lortu ditugun hiruzpalau helburu nagusiak oso garrantzitsuak izan dira”, egin du gogoeta Gueñesko alkate Imanol Zuloagak (EAJ).

Karrantzako alkate Raul Palacio (Karrantza Zabala) errepidearen lanek poztu dute: “Bere burua zuritzeko sortu zuen diputazioak plan hau, baina behintzat badu gauza on bat: hemendik Zallara doan errepidea konponduko dutela”. Dena den, ohartarazi du urteak egin dituztela obrak noiz hasiko zain; aspaldi hitz emanda zegoela gogoratu du. Bost fasetan egingo dute obra, eta orain lehenengoarekin dabiltza, Malabrigo eta Traslaviña artekoarekin. 30 kilometro dira guztira. “Auskalo noiz hasiko diren beste zatiekin, eta noizko bukatuko duten!”.

Gueñesko alkateak errepide hori hobetzeko lanen “garrantzia” azpimarratu du, egoera txarrean dagoelako eta errebuelta asko dituelako. Proiektuaren egutegian diputazioak udalek eskatutakoari kasu egitea nabarmendu du. Izan ere, errepide berrituan zubibide bat eraikiko da, Artzentales, Turtzioz, Karrantza eta Lanestosa aldetik Cadaguako lasterbidera doazenek Zallako herrigunea zeharkatu behar ez izateko. “Diputazioaren asmoa zen zubibidea bukaeran eraikitzea, baina eskatu genien denboran aurreratzeko, oso garrantzitsua delako autoak Zalla erdigunetik ateratzea”.

Zallako udalean oposizioko zinegotzi da Manu Maestre (Zalla Bai). Berak ere ontzat jo du errepidea egokitzea, baina ez dator bat proiektuarekin. Ez du gustuko zubibidearen ibilbidea. La Mellako babes multzo historiko-arkitektonikoaren gainetik pasatuko da, Larrera haitzeko babesgunetik gertu. “Zallako ondasun artistiko eta natural garrantzitsuenak dira; zubibide hori hortik egingo badute, balio guztia galduko du”, salatu du. Aurreko bi agintaldietan udal gobernuan egon da Zalla Bai, eta Maestre Ingurumen eta Ondare zinegotzi izan da.

Dena den, Palacioren ustez, errepideak ez du konponduko Enkarterrik garraio arloan duen arazo nagusia. Gakoa tren zerbitzua hobetzea dela ohartarazi du. Eskualdeko alkate eta ordezkari politiko guztiak bat datoz horretan. Berez, diputazioak indarrean izan duen sustapen planaren hamabi puntuetako batean aipatzen zen. Baina hori betetzea, momentuz, ez dago euskal erakundeen esku. Feve Espainiako trenbide estuen sareko bi lineak lotzen dute Enkarterri Bilborekin —Arangurenera arte bakarra da—. Batetik, Artzentalesetik eta Karrantzatik Santanderrera (Kantabria, Espainia) doan trena pasatzen da. Bestetik, Leonerako (Gaztela eta Leon, Espainia) burdinbideak lotzen ditu Zalla eta Balmaseda Bizkaiko hiriburuarekin, baina trenak maiztasun handiagoarekin igarotzen dira Balmasedara arteko zatian.

Santanderrerako trenak hiru bidaia baino ez ditu egiten egunean: goizean, eguerdian eta arratsaldean. “Ezinezkoa da guretzat tren zerbitzu horrekin Bilbora joan eta itzultzea. Oraindik gasolioarekin dabil, eta burdinbidearen baldintzak gero eta kaskarragoak dira; sarri, autobusez egin behar izaten dira tarte batzuk”, azaldu du egoera Karrantzako alkateak. Gogora ekarri du bera unibertsitatera ibili zen sasoietan herriko ikasleek Bilbora joan behar izaten zutela bizitzera. “Ezinezkoa zen egunero Karrantzatik joan-etorria egitea”. 30 urte igaro diren arren, egoerak igualtsu segitzen duela salatu du. “Gure herrian ez da denbora pasatu”.

Balmasedako alkate Aitor Larriganak ere (CLI hautagaitza independentea) argi dauka trenak izan behar duela eskualdearen biziberritzearen gakoetako bat. “Karrantzara doan trenaren kasuan zailagoa izan daiteke, baina Cadaguako bailaran gauden herriotatik igarotzen denak Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasatu beharko luke lehenbailehen, hobekuntzak egin ditzaten. Ez dugu eskatuko metro linea baten modukoa bihur dadila, baina bai garraiobide eraginkorra izatea”. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak joan den astean adostutako eskumen transferentzia egutegiaren arabera, datorren urtean gerta daiteke eskualdatzea. Baina horrek ez du bermatzen gero Jaurlaritzak trenbidea hobetuko duenik. “Pauso bat baino ez da”. Zuloagaren esanetan, trena beti egongo da eskualdeko aldarrikapenen zerrendan. “Plan estrategikoan ere sartuko dugu. Ezinbestekoa da zerbitzua hobetzeko inbertsioak egitea”. Zalla Baiko Maestreren esanetan, ibilbidean dauden trenbide pasaguneak kentzea ere premiazkoa da.

Enpresa indartsu bat

Larrinagak esan du komunikazio arazo horiengatik ez direla enpresa berriak Enkarterrira joaten. “Bilbotik urrun gauden sentipen psikologikoa dago, eta beharginentzat garraio publikorik ere ez dago. Eskualdean ez dago 250 langiletik gora dituen enpresarik; kontrara, hamar langiletik beherako enpresen tasa Bizkaia mailakoa baino handiagoa da gurean”.

Balmasedako alkatearen esanetan, eskualdeak ez du bertan bizi den biztanleria aktiboari erantzuteko beste enplegu sortzeko gaitasunik. Horregatik, komunikazio arazoak konpontzearekin batera, lurzoru industriala ere eskatu du, enpresak etorri eta fabrikak ireki ditzaten. “200 edo 300 metro koadro dituzten pabiloiak ditugu, baina guk eskualdeko ekonomiaren enpresa traktore izango dena behar dugu, eta horretarako lurzoru industriala behar da, eta inbertsioak”. Horregatik, diputazioak datozen hamar urteotarako egin nahi duen plan horretan trenbidearekin eta lurzoru industrialarekin batera, Europako Batasunaren laguntzak lortzeko ere eskatu dio foru gobernuari. “Ezohiko inbertsiorik gabe ez dugu ezer lortuko. Azken bi urteetako planean hori gertatu da: aurretik beste eskualdeetan eta neurri batean gurean ere martxan egon diren diru laguntzak atondu direla plan modura. Baina Enkarterrik gehiago behar du”.

“Frustrazioa” eragitea egotzi dio Zalla Baiko Maestrek diputazioari. Kexatu da bukatu berri den plan horretan jasotako neurri batzuk duela hamar urte ere hitzemanda egon direlako. “Ikusten dugu Enkarterrirako egitasmo guztiak tiraderan gordetzen dituztela urteetan. Eta bien bitartean Bizkaiko gainontzeko eskualdeekiko dugun arrakala handiagotzen ari da”. Diputazioari gogorarazi dio Bizkaiko eskualdeen arteko kohesioa bermatzea dela bere zereginetako bat.

Bereziki Imanol Pradales kritikatu du Maestrek; Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua da iazko uztailetik, eta, ordura arte, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua izan zen. Hau da, berak ipini zuen martxan plana, eta orain Ekonomia Sustatzeko foru diputatu berri Ainara Basurkorekin taxutu beharko du datozen hamar urteetarako plan estrategikoa. “Lotsagarria izan da planarekin egin dutena. Diputazioak aurretik eskaintzen zituen diru laguntzak plan batean sartu dituzte, berriak direlakoan. Edo beste eskualde batzuetan martxan zeuden programak ekarri dituzte gurera”. Eusko Jaurlaritzaren Indartu programa ipini du adibide modura. Europako Batasunak baimenduta, egoera okerragoan dauden eskualdeetako enpresei diru laguntza gehiago ematea ahalbidetzen du. “Nola da posible plan horretan Enkarterri hasieratik ez egotea, autonomia erkidegoan langabezia tasa altuena duen eskualdea bagara?”.

Palacioren esanetan, proiektuak martxan jartzea ez da beti nahikoa; eta jarraitutasuna eskatu du. “Karpin parkea sortu zuten Karrantzan. Gure eskualdeko baliabide turistiko nagusia da. Gero udalen esku utzi zuten kudeaketa, baina ez dugu haren kargu egiteko baliabide ekonomiko nahikorik, eta bultzada baten premian dago orain ere”.