Galdakaoko Udalak eskatu du bus transbordadorea Etxebarrira iristeko

Galdakaoko Udalak eskatu du bus transbordadorea Etxebarrira iristeko

Natalia Salazar Orbe

Galdakao Boluetako metro geltokiarekin lotzen duen autobusa Etxebarriko geltokira itzultzeko eskaera egin du, beste behin, Galdakaoko Udalak. Oraingoan, zerbitzu hori eskaintzen duen enpresako langile batzordea ere gehitu zaie udalari eta herritarrei. Bizkaibuseko A3932 linea egiten duen zerbitzurako aukerarik onena Etxebarriko intermodalera iristea dela dela esan dute.

Adierazpen bateratua sinatu dute asteon Iñigo Hernando alkateak, Mari Paz Losada alkateordeak eta langile batzordea osatzen duten ELA, UGT, USO eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Batzordearen arabera, eskaera hori egiteko arrazoi nagusiak ondokoak dira: “Geltokiak duen sarbide ona, estalitako nasa, mugitzeko arazoren bat dutenentzat iristeko modu egokia, segurtasuna erabiltzaileentzat zein langileentzat, eta komunak daudela”. Gogora ekarri dute, gainera, Boluetako geltokian linea horrek asteburuetako gaueko zerbitzuetan arazoak izan dituela.

Antzera mintzatu da Losada alkateordea ere. “Galdakoztarren babes txikiena duen ibilbidea da Boluetakoa, segurtasun faltagatik, urrun dagoelako, zerbitzuak falta dituelako eta aterperik ez duelako. Laburbilduta, lekua ez dago prestatuta Etxebarrikoa dagoen moduan. Nasa askoz hobeto egokituta dago han, eta erabat estalita dago, baita mugitzeko arazoak dituztenentzako ere”. Boluetan gidarientzako komunik ere ez dagoela ekarri du gogora hark ere.

Etxebarri eta Aldundia

Metroa Galdakaora iritsi bitartean egingo litzatekeen aldaketa da proposatuko dutena. Horretarako, langile batzordearekin sinatutako adierazpena Etxebarriko alkate Loren Olivari eta Garraioen diputatu Miguel Angel Gomez Viarri eta Garraioen zuzendari nagusi Vidal Martinezi helarazi diete. Udal biek eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean irtenbide egokiena adostea da haien asmoa.

Azken urteetan enkistatuta egon da afera. Auzitegietara ere iritsi zen duela hiru urte. Etxebarrik uko egin zion autobusak herri barrutik igarotzeko proposamenari. Losadak azaldu du zer ebatzi zuten auzitegiek: “Udal biek, aldundiarekin batera, ados jarri behar genuela esan zuten. Galdakaon lanean ari gara bizilagun guztiei ahalik eta eragozpen gutxien egingo dien irtenbidea bilatzeko”.

Ados jartzeko aukera ikusten du Galdakaoko alkateordeak. “Batzartu egin gara, eta akordioak adosten saiatzen ari gara. Ez dute esan ezetzik”.

Horretarako, Galdakaoko Udala hainbat proposamen aztertzen ari da. “Oraingoz ez daukagu proposamen zehatzik. Egoera desberdinak aztertzen ari gara. Nahi duguna da aurkezten ditugun behin betiko proposamenak denentzako onuragarrienak eta etxebarritarrei kalte gutxien eragingo dietenak izan daitezen”. Etxebarriko Udalarekin egingo duten hurrengo bileran aurkeztuko dizkiete aukera horiek.