Itzubaltzetako herritar batzuek beste eraikin bat okupatu dute auzoan

Itzubaltzetako herritar batzuek beste eraikin bat okupatu dute auzoan

Natalia Salazar Orbe

Getxon bi belaunaldi eta auzo bat elkartu ditu Itzubaltzeta III eraikina okupatzeko prozesuak. Elkarren ondoan daude Nagusien Etxea eta udal euskaltegia zuen eraikina. Ez bata eta ez bestea ez botatzea nahi dute orain Lope de Vega kaleko 9. zenbakiko eraikina okupatu dutenek. Joan den larunbatean okupatu zuten udal euskaltegia izandakoa. Bata zein bestea “herriko ondarea” direla ekarri du gogora Monika Uribarri Itzubaltzetako gazte asanbladako kideak, eta udalak horiek botatzea eragotzi nahi dutela. Zehaztapen bat egin du: “Okupazioa ez du egin gazte asanbladak. Herriak egin du, behar hori sumatzen zuelako eta udalak utzia zigun espazioan [Etxe Merkean] ez geneukalako nahikoa lekurik”.

Aspalditik datorren afera bat da asteon herria mugimenduz bete duena. 2008ko uholdeen ondorioz, Gobela ibai ondoan, Errekaganen zegoen gaztetxea hustu egin zuten. 2013an aurrehitzarmen bat sinatu zuten udalak eta Itzubaltzeta Gaztetxearen Aldeko Plataformak. Hari esker, lanek irauten zuten bitartean Etxe Merkea erabili ahalko zuten gazte asanbladakoek.

Prozesua korapilatu egin zen, ordea. Uriartek azaldu duenez, “2016an bukatu ziren errekako obrak. Hala ere, ez zituzten hasi eraikina konpontzeko lanak”. 2017ko apirilean, su hartu zuen eraikinak. Ezbehar horretan udalaren “utzikeriak” zerikusia izan zuela deritzote. “Askotan esan genien bertara jendea sartzen ari zela, eta segurtasun neurriak har zitzaten eskatu genien. Ez zen segurua: abandonatuta zegoen”. Azkenean, erre egin zen.

Egoera horrek ez zuen utzi bertan behera Getxoko Udalarekin zuten akordioa. Udalak eta plataformak ezarritako baldintzak betetzen zituen proiektu bat aukeratu zuten Errekaganerako. “Bazirudien kontua aurrera zihoala. Hala ere, haiekin batzartu nahi genuela esaten genien, baina ez zuten inoiz hitzordurik jartzen”.

Etxe Merkea erabili dute denbora horretan guztian. Orain txiki geratu zaiela azaldu dute. “Herriko eragileek ez dute nahikoa espaziorik bertan aritzeko”. Horrez gain, udalak debekatu egin die orain arte egiten zituzten zenbait jarduera egitea. “Gurea autogestionatutako proiektu bat da. Beharrezkoa zaigu dirua lortzea”. Kontzertu akustikoak egiten zituzten. Baita mokaduak saldu ere. “Azken hilabeteotan, debekatu egin digute halakoak egitea”.

Salatu dute Nagusien Etxea eta udal euskaltegia izandakoaren eraikinak, biak erabiltzeko moduan daudela. “Hala ere, udalak kultur etxe berria eraiki du, ondare historiko diren lursail hauekin espekulatzeko. Eraikin hauek botako dituzte, dakigunaren arabera, gazteentzako eskuragarriak izango ez diren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko aitzakiapean”. Hala esan zuten larunbatean bertan, okupazioaren berri eman zutenean.

Ez dute uste etxebizitza berriak eraikitzeko beharra dagoenik. “Getxon, 33.600 etxebizitzatatik 3.371tan ez dago inor erroldatuta. Horietatik 348 Itzubaltzetan daude. 3.371 etxebizitzotatik %58 noizean behin erabiltzen dira; %30 jenderik gabeko etxebizitzak dira; eta %12, bigarren etxebizitza bezala erabiltzen dira. Jenderik gabeko etxebizitza horietatik %88 udalerriak kudeagarri ditu. Horrek esan nahi du udalak neurriak har ditzakeela etxebizitza horiek hutsik egon ez daitezen”.

Auzotarren, bertako eragileen eta elkarteen beharrak asetzeko espazioa okupatu dutela azaldu dute. “Kultur etxe oso handia egin dute, baina gelak ez dituzte uzten. Itzubaltzetako dantza taldeko mutilek, esaterako, ez daukate gelarik asteazkenetan entseguak egiteko. Eskatu digute ea hona etor daitezkeen”.

Jai batzordea ere hasi da bilerak bertan egiten. “Inauterietako dekorazioa egiten ari gara hemen. Herriko eragileak etortzen ari dira horretara”. Horrez gain, besteak beste, mekanika eta gitarra tailerrak martxan izan dituzte asteon.

Antolatzen duten egitaraua osatzen ari dira egunez egun. Igandean egun osoan egin zituzten jarduerak, Itzubaltzeta III Egunaren barruan. Aste hau Aste Horia izendatu dute, “Itzubaltzetaren koloreak horia eta beltza direlako”.

Hiru solairu ditu eraikinak. Bertan aurkitu duten materialarekin harrituta geratu dira. “Proiektoreak, mahaiak, aulkiak… erabilgarria den materiala dago eraikina abandonatuta egon arren”. Eraikina hustu egin zuten kultur etxe berria egin zutenean. “Udalaren asmoa zen Nagusien Etxekoak ere bertara bideratzea. Bion arteko borroka da hau orain: adinekoena eta gazteona. Elkarlanean ari gara gure herrikoak diren eraikin hauek babesteko”.

Udalaren oharra

Getxoko Udalak lokala uzteko eskatu die. Euskaltegia izandakoa legez kanpo okupatu dutela azaldu du, eta “eskua luzatuta” daukala okupazioa egin dutenekin hitz egiteko. Jarrera aldatu ezean, udalak “legezko neurriak” hartuko dituela iragarri du.