Historia birsortzeko aretoa

Historia birsortzeko aretoa

Natalia Salazar Orbe

Aztarnak, idazkiak, argitalpenak eta bestelako iturriak aurkituz, sailkatuz eta elementu horiei galderak eginez osatzen du historialariak historia. Iragana aztertuta, horien gaineko hipotesiak eginez birsortzen ditu gertakariak, aroak eta garai bateko bizimoduak. Horixe bera proposatzen du Durangoko Arte eta Historia museo berrituko Historia areto berriak. Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak eta Belen Bengoetxea arkeologo eta EHUko irakasleak eman dituzte xehetasunak. Bi urte luze eman dituzte bi emakumeok, diseinu lanez arduratu den Beatriz Piren laguntzarekin, aretoa berritzen eta egokitzen, asteon inauguratu aurretik.

“Historia bizirik dagoela transmititu nahi dugu denbora osoan”. Bengoetxearen adierazpen horrek laburbiltzen du proiektuaren asmoa. Helburu hori bistan da bisita osoan zehar. Herrian egin dituzten indusketak aretoko txokoetako batean jasota daude, zeintzuk material atera dituzten horietatik eta baita zenbait argazki, plano eta argitalpen ere. Durangoren historiako ardatz nagusiak laburbildu dituzte. Garrantzi handia eman diote historia zer-nola eraikitzen den ulertzeari. Bideo baten bidez azaltzen dute metodo zientifikoa. Helburua da ikusaraztea gizakiak historia birsortzen duela iturri berriak agertu eta galdera berriak planteatu ahala.

Bisitariak nondik datorren eta nora doan irudikatu ahal izatea da asmoa. Bisitaren azken zatian, historiaren protagonista ere bihurtuko da. Museoan beretzako lekua aurkituko du, argazki bat atera eta bertan une batez agertzeko ematen duten aukera baliatuta. Azalpen guztiak audiogida bidez jaso daitezke, eskuragarri dagoen QR kodearekin.

Garaiz garai

Historiaurretik hasi eta gaur egunera arteko ibilbide bat eskaintzen du museoak, garai horietako guztietako protagonistei, herritarrei, erreparatuta. Ikertutako guztia jendaurrean aurkezteko orduan “hizkuntza inklusiboa” erabili dute; hala azaldu du Arrizabalagak: “Emakumea ez dugu ahaztu nahi izan. Historia emakumeek ere egin dute”. Ez dute emakume zehatzen baten izenik aipatu, baina ikusgarri egin dituzte historiaren joan-etorrian.

Ikusgai dagoen materialaren zati handi bat dagoeneko erakusgarri zegoena da. Orain, testuinguru baten barruan antolatuta eta azalduta kokatu dute; hala, bistan utzi dute hiribilduaren sorrera, esaterako, ez duela egiten errege batek egun batetik bestera. Prozesu hori azaltzen duen testuingurua aurkituko du bisitariak. XI. mendeko prozesu sozialak azaltzen dituzten zenbait elementuk argituko dute gertatutakoa. Besteak beste, hiribildua sortu aurretik jakina da hiru gune nagusi zeudela inguruan, eta hainbat aldaketa prozesu gertatu zirela. Gehienbat alde zaharrean aurkitutako arrastoak jaso dituzte. Tinduak egiteko errotetako harriek erakusten dute garai hartan jada kokalekua bazegoela herrian. “Gero, hiribildua sortzen denean, aldatu eta eraldatu egingo da. Eraketa eta eraldaketa prozesu baten aurrean gaude. Hau ez da une batean gertatzen den aldaketa jakin bat”. Hala azaldu du Bengoetxeak.

Hiri-gutuna duen unetik aurrera beste errealitate bat biziko du Durangok: hirigintzaren garapena gertatuko da. Horren adierazgarri, 2012an osatu zuten maketa bat dute ikusgai. XV. mende bukaerako hirigintza erakusten du. Arkeologoaren arabera, orain testuinguruan kokatuta dago. XV. mendeko espazio batzuk gaur egungoekin identifika daitezke; besteak beste, kaleak edo elizak. Maketan ageri diren eraikinen eta gaur egungoen argazkiak jarri dituzte ondoan, iraganeko irudiak eta gaur egungoak lotu ahal izateko. “Zubi hori marraztea oso garrantzitsua da. Ez dago galduta, eta horren oinordekoak gara”.

Aro modernoari begira

1554an gertatutako suteari aipamen eginez, Aro Modernoan murgilduko da bisitaria. Sute hark ondorio garrantzitsuak izan zituen hirigintzan: batetik, orduz geroztik erabiliko zituzten materialengatik; bestetik, eraikuntza ereduen aldaketengatik.

Burdingintzari, ehungintzari, bideek eta errepideek ahalbidetzen dituzten komunikazioei Durangok zein atzerriarekin izan zituen harremanei buruzko datuak aurki daitezke Aro Modernoari dagozkion aztarnetan, besteak beste. XVII. mendetik gaur egunera arteko hirigintza prozesua erakusten duen bideo labur bat eta karlistaldiei buruzko xehetasunak aletuko dituzte apurka.

XVIII. mendearen amaieratik gaur egunera arteko bidea egiten duen denboraren lerroari jarraika iritsiko da bisitaria erakusketari bukaera ematen dion aretora. Durangoko gertaera garrantzitsuak Europan garai berean gertatutakoekin konparatzen ditu lerro horrek. Museoko zuzendariak eman ditu azalpenak: “Ez dira gertaera isolatuak. Kanpoan gertatzen denak eragina izango du hemen ere. Era honetan, oso erraza da lotura ikustea”.

Langile elkarteen sorrerak zein gizarte mugimenduak, industrializazioa eskualdean, eta gaur egun oraindik indar handia duten aldarrikapenak jaso dituzte. Besteak beste, zabortegiaren aurkako protesten irudiak edota abortatzeko eskubidearen aldeko aldarriak. Horiek denak ageri dira, argazkia ateratzeko mezuz betetako txokora iritsi arte: nortasuna, globalizazioa, teknologia, integrazioa, immigrazioa… Etorkizuna norbera dela iradokitzeko.