Baina zer desastre da hau?

Igor Elordui Etxebarria

Deskalabrua, desmasia, hondamena, hondamendia, ezbeharra, zorigaitza, ondikoa, destorbua… Izen asko dago desastre bat zer den adierazteko. Eta kasik berba beste desastre mota: desastre naturalak, desastre humanitarioak, desastre ekologikoak…

Desastrea, edo jatorrago euskaraz, hondamendia, eremu geografiko jakin bateko bizi-baldintza normalean gertatzen den kalte larria ei da. Ados, eta, orduan, zer da desastre naturala edo natura hondamendia? Bada, gertaera edo fenomeno naturalek, esaterako lurrikarek, uholdeek, tsunamiek, luiziek, besteak beste, eragiten duten galera material eta gizatiarra. Baina adi, gero: Nazio Batuen hondamendien arriskuak murrizteko bulegoren iritziz —United Nations Office for Disaster Risk Reduction (UNISDR)—, hondamendiak berez ez dira naturalak, baizik eta naturaren fenomenoen aurrean gertatzen diren omisioen eta prebentzio eta planifikazio faltaren emaitza. Beraz, luizi bat ez da hondamendi naturala bi langile harrapatzen baditu edota errepide bat estaltzen badu. Are gutxiago airea, lurrak eta ura kutsatzen baditu, eta 50.000 biztanleko eremu batean biztanle horien bizitza horrenbeste baldintzatzen badu.

Konforme. Orduan, zer hondamendi klase da hor omisioen eta prebentzio eta planifikazio faltaren emaitza baino gehiago badago? (Naturala seguru ezetz). Bada, ingurumen naturalean giza jardueraren ondorioz gertatzen bada, hondamendia zera da: ekologikoa. Horrelako hondamendiak —ekologikoak— dakartza ingurumenean kalte handi eta atzeraezinak; gizakiak, animaliak edota landareak hiltzea eta giza bizitzaren alterazio larria. Ingurumenaren hondamenek eragina izan dezakete nekazaritzan, biodibertsitatean, ekonomian eta gizakien osasunean. Esate baterako, Zaldibarkoa.

Urkullu lehendakari jaunak otsailaren 10eko agerraldian, hau da, Alberto eta Joaquin lurperatu zituen eta AP8 errepidea estali zuen zabortegiko luizitik lau egunera, esan zigun Zaldibarko zabortegikoa hondamendi naturala zela, eta lan istripua. Eta nik dakidala oraindik ez du hori baino gehiago denik esan. Eta bada: Zaldibarko zabortegian/zabortegiagatik gertatu dena, eta gertatzen ari dena —bere neurrian, eta Joaquinentzat eta Albertorentzat neurri handiagorik ez dago— giza tragedia eta hondamendi ekologikoa da. Horrek esan gura duen guztiarekin. Bidenabar esanda, Lehendakaritzak aztertu beharko luke lan istripuei eta hondamendi naturalei tranbiari baino garrantzia-edo txikiagoa emate hori.

Hasieran aipatu dut izen asko dagoela desastre bat zer den adierazteko. Beste etsenplu bat jartzearren: desastre politikoa. Baina izena bakarrik ez, izenondoa ere izan daiteke desastrea. Adibidez, sinonimiaz baliatuta: kalamitateak eragindako egoera tamalgarri baten kudeaketa penagarria egin duten politiko desastreak. Adjektiboekin ez dut segitu gura, baina, zutabea labur geratuko litzaidake eta.