“Antolatzeak eta protesta egiteak emaitzak ekartzen ditu”

“Antolatzeak eta protesta egiteak emaitzak ekartzen ditu”

Peru Azpillaga Diez

Apustu etxeek eta joko aretoek iritzi publikoaren jomugan jarraitzen dute. 2019an hainbat izan dira, tokian-tokian, jokoaren aurka abiatutako dinamikak. Eta, gauzak aldatu ezean, jokoari eta apustuei mugak jartzeko aldarriak presente jarraituko duela dirudi. Iruñea, Azpeitia, Gasteiz, Bilbo… Jokoa erregularizatzearen aldeko olatuak eragina izan du Euskal Herri osoan. Horren adibide da, besteak beste, Eraginek otsailaren 28rako Bilbon deitu duen manifestazioa.

Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak sorreratik izan du argi jokoak berekin dakarren arriskua, eta arazo hori mahai gainean jarri zuten lehenengo eragileetako bat izan zen. Horren berri izan zuenean, Andres Peñak (Bilbo, 1996) dinamikarekin bat egin eta Eraginen murgiltzea erabaki zuen. Urtebete baino gehiago darama apustu etxeen inguruko lantaldean, eta itxaropentsu mintzatu da jokoaren erregulazioaren inguruan.

Apustu etxeak itxi arte; gure miseria zuen aberastasuna da mobilizazioaren leloa. Zergatik diozue jokoak miseria dakarrela?

Dirua lortzeko era azkar gisa ikusten dute gazteek jokoa, baina apustu etxeek beti irabazten dute. Arazoa da gazteei hau ez zaiela iruditzen klase arazo bat: azkenean, dirua daukanak bizioagatik jokatzen du, baina guk dirua lortzeko metodo moduan ikusten dugu. Ikusarazi behar diegu hori tranpa hutsa dela; gazteok pairatzen dugun beste gaitz bat baino ez da. Horren aurrean, ezinbestekoa da apustu etxeak klase etsai moduan ikustea.

Zergatik izan du jokoak halako arrakasta hain denbora gutxian?

Apustuen kontua erabat normalizatu dutelako. Zailtasun handiak daude jendea jokoak dakartzan arriskuez kontzientziatzeko. Izan ere, telebista piztu eta edozein kirol partida jarriz gero, iragarkien garaia heltzen denean bata bestearen atzean etortzen dira apustu etxeenak. Sekulako zaparrada jasaten dugu, pertsona famatuak, hainbat apustu motaren azalpena… Ikaragarria da. Esate baterako, gaur egun arrunta da ikastetxeetako ikasleak patio orduan apustu etxera joaten ikustea, apusturen bat egitera edo erruletan jokatzera.

Apustu etxeen eta joko aretoen fenomenoa geldiarazteko, zeintzuk dira Eraginen aldarrikapenak?

Manifestazioaren oinarri moduan, sei aldarri egin nahi ditugu: publizitatea debekatzea espazio publikoetan; apustu etxeak eta joko aretoak eskoletatik urrun egon behar izatea; ordutegiak murrizteko arau bat onartzea; ordaintzen dituzten zergak handitzea; ludopatia duen jendeari kalte-ordainak ordaintzeko mekanismoak ezartzea; eta Internet bidezko apustuei mugak jartzea.

Publizitatea debekatzeko eskatu ez ezik, euskal kirol taldeei ere eskatu diezue apustu etxeen publizitatea kentzeko.

Bai. Gaur egun, euskal talde gehienek daramate apustu etxeen publizitatea, eta hori lotsagarria da. Gutxienez, bazkideei ea hori kendu nahi duten galdetzeko eskatzen dugu.

Zergatik uste duzue apustu etxeek kalte-ordainak ordaindu behar dituztela?

Azken finean, ludopatia arazoak izan dituztenek prozesu luze bati egin behar izan diotelako aurre. Hori ere ordaindu beharra dago, eta guk uste dugu apustu etxeei dagokiela hori egitea. Izan ere, haiek dira arazo horren erantzuleak; haiek eragin dute arazoa.

Interneteko apustuak ere jomugan jarri dituzue.

Oso arriskutsuak dira. Adingabe batek, bere gurasoen txartela erabiliz, nahi adina apustu egin ditzake. Hori ezin daiteke hala izan: muga gehiago izan behar dira, eta halako gauzak gertatu ez daitezen berme gehiago jarri.

Zergatik uste duzue apustuek batik bat gazteen arreta pizten dutela?

Gaur egun, negozio aukera gutxi daude; zaila da aurrera egitea, eta apustuak, ondo pasatzeko era moduan hasi, eta dirua erraz egiteko tresna bilakatzen dira gazteen buruan. Gazte askok ez dute lanik, batez ere adingabeek; ikasten daude oraindik, edota ez dute lortu diru iturri finko bat izatea. Hori dela eta, apustu etxeetara jotzen dute askok. Gobernuei, gainera, ondo datorkie gazteria lokartuta edukitzea, eta, horregatik, ez dute inongo trabarik jartzen.

Zuk zergatik erabaki zenuen apustu etxeen aurka mobilizatzen hastea?

Hasieran ez nekien ezer honi buruz. Twitterren kontu bati jarraitzen hasi nintzen, eta asko hitz egiten zuen apustu etxeen gaitzari buruz. Oso larria iruditu zitzaidan, eta horren aurrean zerbait egin behar nuela ondorioztatu nuen. Orduan ezagutu nuen Eragin. Bertan antolatu eta honen aurka nire aletxoa jartzea erabaki nuen. Izan ere, ez du zentzurik kexaka ibiltzeak eta gero ezer egin nahi ez izateak.

Zein da Bilboko egoera? Zer lortzea espero duzue mobilizazio honekin?

Bilbon sekulako arazoa dago. Batez ere, auzo jakin batzuetan. Iaz, apustu etxe eta joko aretoen artean, 70 lokal baino gehiago zenbatu genituen, eta, oraindik, ez da ezer aldatu. Izugarria da. Eta arazoa askoz larriagoa da auzo batzuetan; horregatik, horietara bideratuko dugu gure manifestazioa. Ikusi beharko da [Espainiako] gobernu berriak neurririk hartzen duen. Guk lanean jarraitzeko intentzioa dugu. Oraingoz, denak jarraitzen du berdin, eta guk protesta eta kontzientziazio lanei eutsiko diegu.

Egoera aldatzeko aukerarik badagoela deritzozu?

Dinamika Euskal Herri osoan zehar zabaldu dela ikusi dugu, eta hainbat tokitan garaipenak lortu dituzte. Esperantza dugu: guztion artean, honi buelta emango diogu. Nabaritu da antolatzeak eta protesta egiteak emaitzak ekartzen dituela.