Abian dira Atxondon AHTaren obrak, herritarren kexa artean

Abian dira Atxondon AHTaren obrak, herritarren kexa artean

Peru Azpillaga Diez

Aurkeztu zenetik, atzerapena izan da nagusi AHTaren proiektuaren garapenean. Urteak joan, urteak etorri, behin eta berriz atzeratuz joan dira Gasteiz, Donostia eta Bilbo lotuko dituen tren lasterraren inaugurazioa. Gaur egun, trenbidearen zenbait zati eraikita dauden arren, bizirik jarraitzen du trena noizbait martxan jarriko ote den zalantzak. Izan ere, egitasmoak hainbat arazo izan ditu urte hauetan guztietan: finantzaketa falta, arazo juridikoak eta teknikoak, lurren desjabetzea eta baita hainbat herritar eta udalen oposizioa ere.

Hain zuzen, azken horren adibide argia da Atxondon bizi izandakoa. Bertako herritarrek eta udal ordezkariek oposizio zuzena egin zioten hasieratik AHTaren proiektuari, eta, urtetan zehar, azpiegituraren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren. Orain, hamalau urteren ostean, obren lizitazioa egin eta lanak abiatu berri dira. Horren aurrean, AHTrik Ez plataformako kideek protestak iragarri dituzte, hala nola Abadiñokoekin eta Elorriokoekin batera martxoan egingo duten manifestazioa.

Igor Olaetxeak urteak daramatza Atxondon AHTaren aurkako mugimenduan, eta trenak herritarrengan hasieratik sortutako kezken berri eman du:”Orain dela hamalau urte hasi zen dena, informazioa lehenago heldu bazen ere”, hasi da kontatzen. “Besteak beste, herrigunearen erditik igaroko den 80 metroko zubibide bat eraiki nahi dute; herrian inpaktu handia izango du, eta horrek sentsibilitate anitzeko jendea ukitu du. Hori izan da gakoetako bat”.

Olaetxeak azpimarratu duenez, proiektuaren berri izan ostean, herri galdeketa bat egitea erabaki zuten, eta “izugarrizko” parte hartzea lortu zuten. “Herritarren %40k hartu zuten parte, eta ezezko biribila atera zen”, adierazi du. “Hortik abiatu zen AHTaren borroka guztia”.

Herria zeharkatuko duen ibilbidearen kontrako jardunak bi ardatz izan dituela esplikatu du. Batetik, AHTrik Ez mugimenduak plataforma modura aurrera eramandakoa, eta, bestetik, udaletik egindako lan tekniko eta legala. “Obrak hainbeste luzatzeko, funtsezkoa izan zen udalaren rola: 2007an, EAE-ANV alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta trenaren aurkako lan handia egin zen”. Olaetxeak azaldu duenez, udaletik proiektuan zeuden akats ugari identifikatu zituzten: “Esaterako, Adifetik edo [Espainiako] Sustapen Ministeriotik bidaltzen zituzten agirietan forma akats ugari topatu zituzten, eta obrak ingurumen inpaktuaren azterketa egin gabe abiatu nahi zituzten”. Horrekin batera, alkateak uko egin zion lurren desjabetze aktak sinatzeari denbora luzez. “Hamalau urtez dena geldirik egon da; lan handia egin dugu, eta orain, lizitazioa eskuratuta, lanei ekin diete; hala ere, ez gara besoak gurutzatuta geratuko”.

Egoera berria ikusita, herriko AHTaren aurkako mugimendua eztabaida “sakon” batean murgilduta dagoela erantsi du. “Orain arte, kontzientzia piztea eta mobilizazioak aurrera eramatea izan da gure lana; orain, ordea, obrak hasi egin dira, eta bestelako jardun bati heldu behar diogu”. Alde horretatik, “ekintza desobediente publikoak” egiteko prest daudela jakinarazi du. Atxondoko Kapela inguruan ekin diote AHTaren burdinbidea eraikitzeari, eta, AHTrik Ez plataformak deituta, hainbat herritarrek harako martxa bat egin zuten joan den astean. “Han zegoen hondeamakina apur batean gelditu eta beharginekin berbetan egon ginen”, azaldu du Olaetxeak. “Ildo horretatik jarraitu nahi dugu lanean; oraindik proiektu hau geldiarazteko ditugun aukerak aztertu behar ditugu herritarrekin batera”.

Azpiegituraren aurkako argudioak hasieratik bere horretan mantentzen direla ere gogoratu du. “Sarraski ikaragarria eragingo du; ingurune naturala suntsitu eta, jada eraikita dagoen autobidearekin batera, herria isolatuta geratuko da”. Horrez gain, tren lasterra Atxondoko eta inguruko herritarrei “onurarik ekarriko ez dien” azpiegitura bat izango dela argudiatu du Olaetxeak.

Era berean, proiektuaren inguruko informazio eta gardentasun falta ere salatu du: “Herritarroi ez digute informaziorik eman; kamioiek eskolaren aurretik igaro beharko dute, eta ez digute horren inguruko ezer azaldu”. Horregatik, “berebiziko garrantzia” eman dio obren gertuko jarraipena egiteari: “Teknikari bat behar dugu lanak ikuska ditzan; Atxondoko Udalak egingo ez badu, guk kontratatuko dugu”.