Loiuko beharginek ez dute gauez lan egingo Eurokopan

Loiuko aireportua itxita egongo da gauez Bilbon Eurokopa jokatuko den garaian. Ekainaren 15, 20, 24 eta 28ko ordutegia zabaltzea eta gauez ere lan egitea proposatu die AENAk langileei —Bilboko Udalak ere hala eskatu die—, baina haiek ez dute onartu, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez: beharginen %96k bozkatu dute horren aurka —galdeketa bete egin behar zen—. “Aireportuko zuzendaritzak ez du daturik eman halako neurri bat justifikatzeko”, adierazi du CCOOk.

Sindikatuak erantsi du aireportua gauez martxan jartzeak ez diela soilik eragiten langileen lan baldintzei, baizik eta aireportuen ordutegiei eta ingurumenean duen inpaktuari buruzko debateari. “Aurrekari bat ezarriko litzateke hainbeste eztabaida sortzen duen gai honetan”. Era berean, langile batzordeak gogorarazi du Forondako aireportua (Gasteiz) zabalik dagoela gauez: “UEFAk onartua du bi aireportuen arteko osagarritasuna, eta horren arabera ari da Eurokopa antolatzen; beraz, ez dago aldaketarik”.