Lehen apustua, antzerkian

Lehen apustua, antzerkian

Ibai Maruri Bilbao

“BBK aretoak identitate berri bat markatu nahi du. Orain arte, udalek eta bestelako erakundeek egiten zutena zen gure politika. Orain, rola aldatu nahi dugu, eta sustatzaile bihurtu nahi dugu. Rol aldaketa honetan kulturak, oro har, eta euskal kulturak, zehatzago, paper garrantzitsua izan behar dute”. Aldaketa horretako lehen pausoa bihar hasiko den BBK Euskal Antzerkia zikloa izango dela nabarmendu du Koldo Bilbao BBK fundazioko kultura arduradunak. Bihar eta etzi, eta martxoaren 14an eta 15ean, euskarazko antzerki lanak ikusteko aukera egongo da Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan. BBK-k kultura arloan egiten duen eskaintzan euskarak duen pisua handitu nahi dute.

BBK-ko kultura arduradunak esan du euskal produkzioa babestea dela zikloaren helburua. Hau da asmo horrekin martxan jarri duten lehen egitasmoa. Baina, aurrera begira, beste eredu batzuk aztertzen ari dira; besteak beste, koprodukzioa, aretoaren erabilera sortzaileei uztea eta bekak ematea. Bilbaok uste du antzerki ziklo honek jarraipena izan dezakeela, uste baitu BBK aretoa dela Bilbon horrelako apustua egin dezakeen kultura azpiegitura bakarra. “Gu gizarte ekintzako erakunde bat gara, ez dugu helburu komertzialik, eta gure asmoa kulturan inbertsio bat egitea da”. Hona BBK Euskal Antzerkia zikloaren lehen edizio honetan izango diren antzezlanak:

‘TXARRIBODA’
Otsailaren 15a, zapatua

Hika Teatroa konpainiaren Txarriboda lanak estreinatuko du bihar zikloa. 20:00etan hasiko da emanaldia. 25 euro balio du sarrerak. Mireia eta Imanol ezkongai bikote bat dira, zoriontasunaren irudi. Andregaiaren aitak ospakizun jai handi bat antolatuko du. “Gaur txerriak bezala jan, edan eta dantza egin dezazuen gura dut!”. Adierazpen horrekin hartuko ditu gonbidatuak. Baina jaiak hainbat ezusteko ekarriko ditu. Azkenean, ezkontza moduan hasitako jaia txarriboda moduan amaituko da.

‘LUR’
Otsailaren 16a, domeka

Familia osoarentzako lan bat ekarriko du etzi Xake konpainiak: Lur. 17:00etan hasiko da; sei euroan dago sarrera. Julian jostailu denda zahar baten jabe da. Egun gutxi barru, Anek, haren bilobak, 6 urte beteko ditu, eta oparitarako propio egindako panpina bat prestatzen ari da. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar magiko baten bila. Itxuraz abentura irudimentsua dirudienak Aneren eta haren aitaren arteko harremana bideratzen lagunduko du. Aitak badu errealitatea onartzeko arazo bat: Ane mutila da. 7 urtetik gorako umeek ikus dezakete.

‘UTZI MEZUA…’
Martxoaren 14a, zapatua

Lau ahotsez osatutako istorioa da Tanttaka konpainiaren Utzi mezua seinalearen ondoren. Lau emakume dira protagonistak: Marina, Carmela, Sara eta Viviana. Ez dira gai beren arazoei zuzenean aurre egiteko, eta gurago dute erantzungailu automatiko bati kontatu. Terapia gisa erabiliko dute, eurek euren burua ulertzeko eta besteek eurak uler ditzaten saiatzeko. Mezuz mezu joango dira euren istorio horiek marraztuz, kontakizun intimoak josiz. Martxoaren 14an izango da emanaldia, 20:00etan hasita. 15 euro balio du sarrerak. Helduentzako ikuskizuna da.

‘INONDIK INORA’
Martxoaren 15a, domeka

Postari batentzat, oso garrantzitsua da beti sasoian egotea. Ez da hutsaren hurrengoa posta banatzen egiten duten lana: etxez etxe, kalez kale, mendi artean, bidez, airez eta itsaso zabalez. Horrela, garaiz iristen dira bidaltzen diren gutunak, postalak eta paketeak. Beti puntual. Ezin da, inola ere, paketerik ireki, kartarik begiratu edo postalik irakurri. Inola ere ez. Inondik inora. Eta izen hori du jakin-mina eta desobedientzia sustatzen dituen haurrentzako antzezlan batek. Martxoaren 15ean taularatuko du Benetan Be taldeak. Umorea eta poesia, zuzeneko musika eta pailazoak, euskara eta ingelesa uztartzen dituzte ikuskizunean. 4 urtetik gorakoek ikus dezakete. 17:00etan hasiko da, eta sei euro balio du sarrerak.