“Lana gakoa da elbarrien gizarteratze maila neurtzeko”

“Lana gakoa da elbarrien gizarteratze maila neurtzeko”

Natalia Salazar Orbe

Elbarritasunen bat duten 93 pertsona lan merkatuan murgiltzea lortu zuen iaz Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak. Hala jakinarazi berri du erakundeak berak. Datuak “oso positiboak” direla nabarmendu du Fekoorrek, “pertsona horiek lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunei erreparatuta”. Iritzi berekoa da Maitane Bergara Gotxi ere (Amurrio, Araba, 1980). Fekoorreko lan orientazioa eta bitartekaritza kudeatzen ditu berak.

Zer interpretazio egiten duzue datuoi buruz?

Oso positiboak dira. Gaur egun lan merkatua zer-nola dagoen ikusi behar da: gero eta lan espezializatuagoak eta teknologikoagoak eskatzen dituzte. Inguruko enpresei ere erreparatu behar zaie: gehienak txikiak edo ertainak dira, eta era horretakoak ez daude behartuta elbarritasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak kontratatzera. Testuinguru horretan, oso datu positiboa da 93 pertsona lan merkatuan murgiltzea lortzea. Gainera, pertsona horien alde lanean eta horiek lan merkatuan sartzeko borrokan jarraitzeko kemena ematen digu. Zalantzarik gabe, egoera askoz zailagoa baita pertsona hauentzat.

Zein lan motatan hasi dira pertsona horiek, zer-nolako egonkortasun maila dute lanpostuek, eta zein baldintzatan ari dira?

Kudeatu ditugun lanpostu gehienak zerbitzuen sektorekoak dira: garbitzaileak, zerbitzuetako laguntzaileak, atezainak, gidariak, kutxazainak edo saltokietako produktuak antolatzen dituztenak, monitoreak, harreragileak eta telefonistak. Hala eta guztiz ere, gutxiago badira ere, eskaintza kualifikatuagoak ere kudeatzen ditugu: diploma edo lizentziadunenak edo administratzaile kontulari, finantzario edo fakturaziokoak, esaterako. Gizarte langileentzako lanpostuak ere kudeatzen ditugu.

Lanpostuen ezaugarriei dagokienez, gehienak behin-behinekoak dira. 93 kontratuotatik zortzi besterik ez dira izan mugagabeak. 2019ko lan merkaturatze bat autoenplegu bidez egin da.

Lana aurkitu duten pertsona horien artean zenbat dira emakumezkoak?

93 kontratuetatik 61 emakumeentzako izan dira, eta 32, berriz, gizonentzako. Egoera hori darabiltzagun orientazio jarduera positiboei lotuta dago. Indar handia egiten dugu haien enplegagarritasun baldintzak hobetzeko. Izan ere, gure zerbitzura jotzen duten emakume gehienek denbora luzea daramate lan merkatutik kanpo.

643 pertsonari eman zenieten arreta iaz: 342 gizoni eta 301 emakumeri. Lan eskakizunei dagokienez, generoen arteko oreka antzematen da. Hala ere, zuek esana da elbarritasunen bat duten emakumeen presentzia lan merkatuan gizonezkoena baino txikiagoa dela. Diskriminazio bikoitza pairatzen dute?

Emakumea eta elbarria binomioa zailtasun gehien izaten dituen kolektiboa da. Bazterketa eta diskriminazio arrisku handiagoa dute, gainera. Aspalditik, bereziki krisia hasi zenez geroztik, areagotu egin da emakume elbarrien lan poltsan izena eman dutenen kopurua. Aztertu dugunaren arabera, familiako egoera ekonomikoari lotuta dago hori. Krisiaren aurretik, profil kualifikatu txikiagoa zuten emakume horiek etxean geratzen ziren, seme-alabak edo etxea zaintzen, eta gizonak hartzen zuen bere gain familiaren karga ekonomikoa. Krisiaren ondorioz, gizonen diru sarrerak txikitu egin dira, edo lanpostua galdu dute, eta emakumeek sartu behar izan dute lan merkatuan.

Bestalde, lanpostuen sailkapenak soldata arrakala eragiten du sarri. Besteak beste, emakumeei zuzenduta, garbitzaile edo zerbitzari eskaintzak aurkitzen ditugu, eta gizonezkoei zuzendutakoak, berriz, gidari edo biltegiko morroi gisa aritzekoak dira. Emakumeentzako lanpostuetako soldatak txikiagoak izaten dira, eta egonkortasun txikiagokoak.

Familia egoerak, izan ditzaketen etxeko ardurek edota familia eta lana uztartzeak ere beraiei eragingo die gehien.

Bai; familiaren eta lanaren uztarketak, familiako kargek, amatasunak… Horiek guztiak gainerako emakumeen antzera pairatzen dituzte. Horiei guztiei elbarritasunaren aldagaia gehitu behar zaie, ordea; baita familiaren gehiegizko babesa eta emakume elbarria izateagatik erabakiak hartzeko autonomia falta ere. Fekoorren bizitza eredu independentea lantzen dugu, aniztasun funtzionala duten pertsona guztiek bizitza independentea gara dezaten. Pertsona guztiok aske hautatzeko aukera izan dezagun nahi dugu, eta berdintasunean bizitzekoa, parte hartzea eta herritartasun osoa bermatuko dizkigun gizarte batean.

Zer egoeratan geratzen dira lanpostu bat lortzen ez duten elbarriak?

Oso egoera konplexuetan geratzen dira, gainerako herritarren antzera, eta benetako bazterketa arriskuan. Izan ere, motibazioa galtzen dute, eta jarrera negatiboa nagusitzen da haiengan.

Zer eragin du haiengan lana lortzeak?

Independentzia handia ematen die. Zeregin bat dute, eta familia girotik kanpo harreman sare bat eratzeko aukera ere bai: pertsona gehiago ezagutzekoa, errutinak hartzekoa berriro… Psikologikoki on egiten die. Lana da elbarrien gizarteratze maila neurtzeko aldagai gakoetako bat. Lana faktore erabakigarria da norbere errealizazioa, autoestimua eta independentzia lortzeko.

Azken urteetan nabari al duzue hobekuntzarik gizartean pertsona horien lan merkaturatzeari dagokionez?

Gero eta gehiago ezagutzen da haien egoera, eta estereotipoak hautsiz doaz. Hala ere, ezjakintasun handia dago enpresen eta aniztasun funtzionala duten pertsonen aldetik. Azken horiek ez dute jakiten non duten lan egiteko aukera.