Historian saskiratzeko prest

Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea bere historiako denboraldirik onena egiten ari da. Bigarren da ligan, Eurokopako final-zortzirenak jokatzeko sailkatu da lehenbiziko aldiz, eta Erreginaren Kopa ere jokatzeko dauka. Klubaren «umiltasuna» eta jokalarien «batasuna» giltzarri izaten ari dira.

Peru Azpillaga Diez

Maloste kiroldegia da Lointek Gernika Bizkaia taldearen bilakaeraren irudi bizia: probaleku bat zen lehen, eta Eurokopako zelaia da orain pabiloia. Harmailak lepo, Espainiako Lehen Mailako saskibaloi ligako zelairik “zaratatsuenetariko” bat da, partidetako momentu zailenetan “estutu” egiten duten horietakoa. “Kanpotik etorri eta Gernikaren aurka jokatzea infernura etortzea bezala zen”, aitortu du Juana Molina jokalariak, bisitari zen garaiak gogoan hartuta. “Oso zelai txikia da, giro aparta du, eta asko animatzen dute; aurkari bezala, gorroto dituzun horietakoa da Maloste, baina zure etxea denean, gozamen hutsa da”, erantsi du taldean jada hiru urte daramatzan jokalariak. Argi utzi du zaleak klubaren parte “oso garrantzitsu bat” direla, eta azken partidan erabakigarriak izan zirela uste du. “Aurten era paregabean ari dira erantzuten; aurrekoan, luzapenean irabazi genion Valentziari, eta tarte batzuetan sekulako giroa sortu zuten. Erabakigarriak izan ziren partida irabazi ahal izateko”.

Astebeteko geldialdia izan baino lehen jokatutako azken partida izan zen hura. Han, Gernikako jokalariek era paregabean borobildu zuten denboraldiko lehenengo fasea: Hungarian Eurokopako final-zortzirenak jokatzeko sailkapena ziurtatu ostean, ligako bigarren postuari eutsi zioten, Valentziari luzapenean gailenduta. Hain zuzen ere, azkeneko talde hori gainditu beharko dute gernikarrek Eurokopako hurrengo fasean aurrera egin ahal izateko.

“Oraingo momentua zoragarria da, emozionatuta gaude, pozarren”, nabarmendu du Amaia Lezamiz Lointek Gernika Bizkaiako zuzendaritzako kideak. “Talde txikia gara eta beldurra beti dago hor; ikusi beharko da noraino heltzeko gai garen, baina egindakoaz harro gaude”. Aurten, “izarrik gabe” ere, oso talde “sendoa” dutela azaldu du Lezamizek: “Aldagelan ikusten da ez dagoela egorik. Talde izaera handia duen multzoa osatu dugu, eta hor dago gakoa: denek bat egin dute, eta elkarrekin egiten dute lan”. Molina bat etorri da: “Sendotasuna da taldearen oinarria”.

Taldean askotariko jokalariak dituztela erantsi du: “Batzuek jada denbora dezente daramagu taldean eta kluba ezagutzen dugu; beste batzuk ligako beste taldeetatik fitxatutakoak dira, eta ondo ezagutzen dute lehiaketa; azkenik, kanpotik ekarritakoak daude, eta sekulako errendimendua izateaz gain, oso profesionalak direla erakusten ari dira”. Hori dela eta, jokalarien maila bikainaz gain, taldearen “giza kalitatea” txalotu du Molinak.

Etenik gabeko hazkundea

Seigarren denboraldia du aurten Lointek Gernika Bizkaia taldeak Lehen Mailan, eta, hara iritsi zenetik, goranzko joerari eutsi dio. Bilakaera horren parte bat Mario Lopez entrenatzailearen lanari egotzi diote bi elkarrizketatuek. Izan ere, taldea sortu zenetik dago Lopez proiektuan murgilduta. “Herrian saskibaloia landuz, 1995ean probalekua zena Eurokopara eraman du. Kultura bat sortu da Gernikan, oinarritik hasita; lan handia egin dugu, eta Bizkaiko proiektu hau aurrera eramatea lortu dugu”, hausnartu du Lezamizek.

Emaitzetatik harago, ordea, zuzendaritzak duen lan egiteko era goraipatu du: “Azken finean, pertsonok osatzen dugu proiektu hau”. Horregatik, Lointek Gernikaren oinarrian “umiltasuna” eta “apaltasuna” nagusi direla gogoratu du: “Klubeko kideak altruistak gara: honetan sinesten dugu eta bueltan ezer jaso gabe egiten dugu lan”. Jokalariak eta teknikoak kenduta, gainontzekoak musu truk aritzen direla nabarmendu du Lezamizek, “proiektutik eta proiekturako”.

Molinak ere klubak izandako bilakaera goretsi du: “Orain dela hiru urte heldu nintzen ni Gernikara; taldeak lehenbiziko aldia zuen Europan lehiatzen, eta ez ginen lehenengo fasea gainditzeko gai izan. Eta begira non gauden aurten!”. Azaldu duenez, taldeak esfortzu handia egin du arlo guztietan, eta “gutxinaka” maila “oso handiko” jokalari multzo bat osatzea lortu du. “Aurten oso ondo ateratzen ari zaizkigu gauzak, baina, hein handi batean, kanpotik antzematen ez den lan horri esker izaten ari da; ikusezina izaten den jende horrek sekulako garrantzia du proiektuan”.

Era berean, beste klub batzuekin alderatuta, desberdintasun “nabariak” daudela jakinarazi dute biek. “Oso klub familiarra da gurea, baina gauza handiak lortzeko gai dela ikusten ari da”, zehaztu du Molinak. “Beste klub batzuek askoz baliabide gehiago dituzte, alderdi ekonomikoan zein azpiegituretan”, erantsi du Lezamizek. “Kanpora goazenean, esaterako, jokalariek, entrenatzaileek eta prestatzaile fisikoek baino ez dute bidaiatzen; ez dugu gehiagorako dirurik eta, gainera, gutako askok lana dugu; beraz, ezinezkoa zaigu halako bidaia bat egitea”.

Taldearen ikusgaitasuna ere asko aldatu dela aitortu du Lezamizek. “Lehen inork ez zuen gutaz ezer jakin nahi”. Esplikatu duenez, orain dela zazpi urte Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatzean, hedabideei “deika eta deika” ibili behar izan ziren, aipamenen bat egin zezaten eskatzeko. “Lan itzela egin dugu komunikabideekin eta instituzioekin, gure jarduna aitortu eta kontuan har zezaten”. Euskal Herriko gainontzeko emakumezkoen klubekin batera, haien ikusgaitasuna handitzeko “ahalegin handiak” egin dituzte. “Gutxinaka ari gara publikoarengana heltzen, baina ez da erraza izan; hori lortzeko, ezinbestekoa dugu komunikabideetan agertzea, bestela ez baikara existitzen”.

Era berean, herrian eta, oro har, Bizkaian, saskibaloi zaletasuna gaur egun beste era batera ikusten dela uste du Lezamizek: “Herrian gaztetxoak datoz beren pagarekin partidetako sarrerak erostera; hori hunkigarria da benetan”. Hala, “masa sozial” bat eratu dela ondorioztatu du, eta zelaian gero eta zale gehiago pilatzeaz gain, herrian ere emakumeen artean saskibaloiak arrakasta duela azpimarratu du.

Dena erabakitzeko

“Egia da urtez urte hazten joan garela, baina aurtengo denboraldia zoragarria izaten ari da”, azaldu du Molinak. Iaz lesio bat izan zuen, eta ezin izan zuen ia jokatu. “Ez nuen inondik inora espero aurten iaz egindakoa gaindituko genuenik”, aitortu du. Hala ere, lehiaketa guztietan “bizirik” egon arren, garrantzitsuena etortzeko dagoela gogoratu du: “Edozer eskuratzeko gai ikusten dugu geure burua, baina partida oso garrantzitsuak ditugu oraindik aurretik”. Europan jokatzeak neke handiagoa dakarrela dio eta, beraz, jabetzen dira oraindik “gogorrena” geratzen dela: “Atsedenak kudeatzea giltzarri izango da”. Laster etorriko da Erreginaren Kopa, eta Eurokopan Valentziari egin beharko diete aurre berriro. “Gure taldearen maila erakusteko garaia heldu da. Den-dena nahi dugu”.