Glefaran plantari buruzko eztabaida eskatzeko, gose greba hasi du herritar batek

M. Asensio Lozano

Gueñes eta Zalla artean biomasa erretzen ari den Glefaran enpresaren jardunari buruzko “eztabaida publiko” bat bultzatu nahi dute Gueñes Bizia plataforman bildutako herritarrek, eta hori lortzeko beste pauso bat eman dute: asteon gose greba bat abiatu du haietako batek. Gueñesko kultur etxeko gela bat okupatu du Gorka Llantadak, eta baraualdian zehar bertan geratzea erabaki du, udal ordezkarien zain. “Zallako eta Gueñesko alkate eta zinegotziekin izan ditugun bilera pribatuetan, ez digute argudiorik eman; beraz, nahi dugu jendaurrean azaltzea zer dagoen haien titularren atzean: elkarrizketa publiko bat nahi dugu haiekin. Guk konfiantza dugu gure argudioetan: zientzialarienak dira”, adierazi du Llantadak.

Izan ere, biomasa plantak isurtzen duen kutsaduraren inguruan kezka handia dago bi herriotan. 2016ko urtarrilean jarri zuen martxan Glefaran enpresak, Pastguren paper fabrikak erabiltzen zituen instalazio berberetan, Zallako eta Gueñesko herriguneetatik hurbil. Izatez, Pastgurenen ingurumen baimen bateratua berritu zion Eusko Jaurlaritzak Glefarani, bi plantek antzeko jarduera izango zutelakoan. Baina Pastgurenek kraft papera egiten zuen, egurra erabiliz; Glefaranek, berriz, pelletak eta paper pasta egingo zuela zabaldu zen hasieran, baina, egun, jarduera bakarra du: basoko biomasa erretzen du, energia sortzeko.

Egurra erraustean isurtzen diren gaiak oso toxikoak direla salatu du, ordea, plataformak. Azken hilabeteetan zientzialariak izan dituzte bisitan Enkarterrin, eta ohartarazi dute plantak eragindako kutsadurak hainbat gaitz sor ditzakeela, tartean minbizi mota ugari. Hala, kezka kexa bihurtu zen orain hiru aste, urtarrilaren 25ean, Zallatik plantara egindako manifestazioan: 3.500 lagun inguru elkartu ziren Gure osasunaren alde lelopean.

Ordutik, baina, udalen aldetik pauso gutxi izan direla gaitzetsi du Llantadak. Zallako Udalak jakinarazi du airearen inguruko azterketa bat egingo duela, baina plataformakoentzat ez da nahikoa. Zientzialarien irizpideak izan ditu ahotan grebalariak: “Esan digute azterketa hori ez dela baliagarria, ikerketa epidemiologikoetan jada argi geratu dela zer eragin duten halako jarduerek osasunean”. Gogora ekarri du udalek eta Jaurlaritzak legezkotzat dutela Glefaranen jarduna, ingurumen baimena daukala argudio hartuta. “Baina baimen horrek ez gaitu babesten”.

Izan ere, Gueñes Biziak salatu izan du Glefaranen ingurumen baimenak ez dituela neurtzen biomasaren errekuntzarekin lotutako kutsagarriak, baizik eta Pastgurenek isurtzen zituenak. “Ez daukagu kutsagarri garrantzitsuenei buruzko daturik: hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, metal astunak, dioxinak, furanoak…”. Llantadak erantsi du egurra erretzean sortutako partikulak oso txikiak direla, eta ez dagoela horiek atxikitzeko sistemarik. “Horregatik jartzen dira biomasa plantak herriguneetatik urrun”. Dena den, herritarrek ez diote enpresari eskatu mugitzeko edo ixteko: “Glefaranek baimena dauka beste jarduera batzuetarako; beraz, jarduera alda dezake”.

Kultur etxean, babestuta

“Baina, horretaz hitz egiteko, debate publiko bat behar da, eta udalek ez dute nahi”, berretsi du Llantadak. Horregatik erabaki du baraualdia abiatzea. Astelehenean hasi zuen gose greba, herritarrek babestuta: 300 lagun bildu ziren Gueñesko kultur etxean. “Animatuta eta lagunduta nago. Ni ari naiz gose greba egiten, baina hau ez da ekintza partikular bat, baizik eta kolektiboa”. Hala, bestelako mobilizazioak ere egingo dituzte baraualdiak iraun bitartean. Besteak beste, kontzentrazioak egingo dituzte ostiralero, Gueñesko kultur etxearen aurrean, 19:00etan.

Llantadak adierazi du greba bukatu arte geratuko dela kultur etxean, plataformak erabili ohi duen gelan. Espero du bertan egoten utziko diotela: “Ni gela batean sartuta nago; problema publikorik ez da egongo”. Halere, irtenbidea erraza dela esan du: “Elkarrizketa publikoa onartzen badute, greba amaitu, eta etxera joango naiz. Eskatzen ari garena oso sinplea da”.

Gainera, bi herriotako mugak ere gainditu nahi dituzte protesten bidez, eta hedabideen arreta erakarri. Eskualdea ikusezina dela deitoratu du Llantadak: “Enkarterrin bizi gara; urtebetean plataformak gauza pila bat egin ditu, baina asko kostatzen zaigu kanpoan jakinaraztea. Hemen gertatzen dena ez da albiste, baina osasun arazo larri bat daukagu”.