“Denok dugu zerbait arrarotik”

“Denok dugu zerbait arrarotik”

N. S. O.

Pertsona beste nortasun daudela agerian uzten du Nora Alberdiren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1997) Kuraiosa dokumentalak. Generoa, gorputza eta beste hainbat gairi buruz lau pertsonak egiten duten hausnarketa jaso du. Martxoaren 3an ikusi ahalko da, Bilborocken.

Kuraiosa izenburuarekin ausarta esan nahi al izan duzu?

Bai. Ausarta edo adoretsua esan nahi du. Itxaro Bordari entzun nion, ausarta esanahia iradokitzen zuen testuinguruan. Oso hitz egokia iruditu zitzaidan elkarrizketatzen ditudan pertsonak definitzeko.

Ausarta izan behar da norbere barruko leihoa irekitzeko?

Ausarta izan behar da gizarteko estereotipo guztiekin, normaltasun horretatik ateratzeko. Arraro sentitzen bazara, normaltasunetik kanpo bide bat ireki behar duzu. Eta zirrikitu horietatik ikusi behar duzu inor ez dela normala; denok daukagula zerbait arrarotik eta milaka gauza ditugula deskubritzeko. Gizartea anitza da. Estereotipo horietatik kanpo gaude denok.

Ikuspegi zabal horri ireki behar zaizkio leihoak?

Leihoen ideia hori Danele Sarriugarteren Erraiak liburuko pasarte batean aurkitu nuen. Hala dio: “Leihoak zabaltzeak mesede egiten dio ikaragarriki apartamentuaren egoerari eta, oro har, itxurari”. Dokumentalaren hasieran ageri da esaldi hori. Adierazi nahi dut gu fatxada bat garela, etxe bat, apartamentu bat. Eta fatxada horri ireki behar dizkiozu leihoak; kasu honetan, begiak, sudurra edo belarriak ireki behar dituzu, eta entzun inguruko bizipenak, beste pertsona batzuen lekuan jarri; dauzkazun aurreiritzi guztietatik harago jo, eta ikusi mundua zabala dela.

Zer kontatzen dute Kuraiosa-n entzun daitezkeen lau ahotsek?

Hainbat gai ageri dira. Emakume izatea zer den eta zer ez den zalantza sortu zitzaidan sortze prozesuan. Beraz, emakume izate horrekin zeintzuk gai lotzen diren aztertu nuen, zeintzuk gai jorra daitezkeen. Generoa, gorputza, sexualitatea, edertasuna eta maitasuna agertu ziren, besteak beste. Gai unibertsalak dira, baina aztertu egin nahi nituen. Bakoitzak bere bizipenetatik hitz egin du, oso pertsonala da. Bakoitzak bere intimitatea kontatzen du.

Ez dago, beraz, ondorio zehatzik ateratzerik.

Ez. Dokumental honekin ez nuen erantzun bat jaso nahi. Jendeak hausnartzea nahi nuen. Laurek kontatzen dituzte beraien sentsazioak eta bizipenak. Ikusleek ariketa hori bera egitea nahi dut: beraiek ere galdera horiek birplanteatzea beraien buruetan. Erantzunik ez dute jasoko.

Lekukotza horiek osatzen dituen pertsona bat ere badago dokumentalean. Zein da haren egitekoa?

Pertsona horiek emango zituzten lekukotzak iruditan jarri nahi nituen: dokumentala bera borobildu. Pentsatu nuen aktore bat jartzea. Elkarrizketatuei zuzendutako galderak nik planteatu nituen, baina erantzunak beraienak ziren, libreak. Aldiz, aktoreari nik esan nion zer egin behar zuen, lana borobiltzeko eta gai guztiak elkar lotzeko. Bera ere ausarta da, kuraiosa da, berarentzako ere erronka handia izan zelako kamera aurrean jarri eta biluztea. Beste denak hitzez biluzten dira; hau, literal biluzten da.

Zinegoak jaialdiak norbere nortasunaren eraikuntzaren garrantzia azpimarratuko du. Zure lanak ere badu horretatik.

Bai, nirea ere bide horretatik doa. Lau pertsona dira. Bakoitzak bere bizipenetatik hitz egiten du, eta oso modu zuzenean doa indibidualera. Dokumentala ikusi dutenek eskertu didate hausnarketa egitera bultzatu izana. Hori nahi nuen: jendeak zalantzan jar ditzala gauza batzuk, eta milaka pertsona eta bizipen eredu daudela transmititzea.